AEB-ak

Florida aztertzen ari da eskolan 12 urtetik behekoei hilekoaz hitz egitea debekatzea

Planned Parenthood erakundeak lege proiektua kritikatu du, eta adierazi zentzugabea dela.

Ron DeSantis Floridako gobernadorea, artxiboko irudi batean. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
2023ko martxoaren 20a
10:43
Entzun

Eztabaida eragin duen lege proiektu bat aztertzen ari da Florida sexu hezkuntzaren gainean: Lehen Hezkuntzako 6. maila baino lehen debekatzea hilekoaren zikloen inguruan jardutea, hain zuzen. Estatuko legislaturan errepublikanoak dira nagusi, eta Ron DeSantis gobernadorearen babesean, hainbat neurri hartu dituzte dagoeneko eskoletan generoari eta sexualitateari buruzko eztabaida mugatzeko. Beste urrats bat egin nahi dute orain.

Stan McClain errepublikanoak egindako azken proposamenak ere jasotzen du hartutako immunoeskasiaren sindromeari, sexu transmisiozko gaixotasunei eta osasun heziketari buruzko irakaspenak 6. mailatik 12. mailara soilik ahalbidetzea; hots, 12 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat. Halaber, duela gutxi batzordeak egindako bilera batean berretsi zuen hilekoaren zikloei buruzko eztabaidak ere gradu horietara mugatuko liratekeela.

Ashley Gantt demokratak gogor egin du proposamenaren aurka: «Imajinatu neska bat laugarren mailan komunera joaten dela, kuleroetan odola aurkitu, eta hiltzen ari dela pentsatzea. Berak ez daki benetan zer gertatzen ari den, eta bere irakasleak ez du ahalmenik hori bizitzaren parte dela esateko ere. Orduan, neskek beren hilekoaren zikloa bosgarren edo laugarren graduan esperimentatzen badute, debekatua izango dute haien artean elkarrizketak izatea seigarren mailatik behera daudelako?».

Baietz erantzun zuen McClainek. Haren arabera, legeak ahalbidetuko luke estatu osoan sexu hezkuntza bateratuagoa izatea. Azpibatzordeak dagoeneko onartu du lege proiektua: aldeko hamahiru boto jaso zituen, eta kontrako bost.

Planned Parenthood erakundeak legedia gaitzetsi du, eta proposamenak sexuaren ikuspegi murriztailea eta bitarra bultzatzen duela salatu, LGTBI ikasleen estigmatizazioa areagotuz. Zentzugabetzat jo dute asmoa.

Irakurri gehiago: Abortatzeko pilulak debekatu ditu Wyomingeko gobernadoreak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.