Erretretaren erreforma

Frantziako Gobernuak gutxigatik gainditu du zentsura mozioa

287 boto behar ziren gobernua botatzeko eta LIOT taldearen mozioak 278 boto jaso ditu.

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa, gaur, Asanblean. TERESA SUAREZ / EFE
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 20a
14:11
Entzun

Erretretaren erreforma parlamentuan geratzeko azken saioak huts egin du. Frantziako Asanbleak ez ditu onartu erreforma hori dela-eta oposizioak Elisabeth Borneren gobernuaren aurka jarritako bi zentsura mozioak. 287 boto behar ziren mozioek aurrera egiteko, eta gutxigatik bada ere, motz geratu da LIOT taldeak aurkeztutakoa: aldeko 278 jaso ditu.

Uste baino boto gehiago izan dira, eta horrek esan nahi du LR Errepublikanoak alderdiko 61 diputatuetatik hemeretzik babestu dutela.

Babes gutxiago jaso du, ordea, RN Batasun Nazionalak jarritako mozioak: 94 boto. Eskuin muturreko alderdiak 88 parlamentari ditu.

Frantziako zentsura mozioak gainditzeak esan nahi du onartuta geratu dela Ipar Euskal Herrian eta Frantzian erretretaren adina 62 urtetik 64ra atzeratzen duen legegaia. Ez da, ordea, automatikoki indarrean jarriko, horretarako Emmanuel Macron presidentearen sinadura behar baita. Onartuta izan arren, inoiz indarrean jarri ez den lege baten aurrekari bat badago: CPE kontratuarena. 2006ko apirilaren 2an agertu zen agerkari ofizialean, baina Jacques Chirac presidenteak eta haren gobernuak egun gutxira erabaki zuten zakarrontzira botatzea, haren aurkako protestak apaltzen ez zirela ikusita.

Gobernua, oso ahul

Mozioa garaitu duen arren, politikoki oso egoera ahulean geratu da gobernua. Erretretaren erreforma bezalako gai handi eta eztabaidatu bat parlamentuaren bozketarik gabe onartu izanak sutan jarri ditu kalean erreforma salatu dutenak, baina, gainera, are gehiago bakartu ditu Macron eta haren ingurukoak.

Bornek iragarri du bere gobernuaren aurkako giroak ez duela gobernua geraraziko, eta jarraitu egingo duela lege proiektuak aurkezten eta parlamentura eramaten. Ikusteko dago zer aukera duten aurrera egiteko. Gehiengo osorako ia 40 diputatu behar ditu, eta argi geratu da nekez fio daitekeela boto horiek eman diezazkiokeen LR alderdiarekin.

Haien buruzagitzarekin negoziatu eta adostu zuen erretretaren erreforma, baina talde parlamentarioaren erdiaren sustengua baizik ziurtatzerik ez zuenez, bozketa egiteko arriskurik ez hartzea erabaki zuen Macronek. Mozioak LRko hogeiren bat diputaturen babesa jaso izanak erakusten du eskuineko diputatu asko ez daudela buruzagitzaren aginduak jasotzeko prest, eta gobernua botatzea dutela lehentasun.

Bozketaren ondoren, Marine Le Pen RNko buruzagiak Borneren dimisioa galdegin du, eta ildo horretatik jo du Mathilde Panot LFI Frantzia Intsumisoko talde parlamentarioko buruak: «Gobernua jada hilda dago frantziarren begietara. Ez du inolako legitimitaterik».

Borroka ez da amaitu

Parlamentuko bidea agortuta, hiru bide bakarrik geratzen zaizkie Ipar Euskal Herrian eta Frantzian erretretaren adina 62 urtetik 64ra gibeleratzea eragotzi nahi dutenei: Kontseilu Konstituzionalak atzera botatzea, erreferendum bat egiteko nahiko babes lortzea, eta protesta gero eta gogorragoen ondorioz, gobernuak onartutako legea indarrean ez jartzea.

Oposizioko taldeek jakinarazi dute Kontseilu Konstituzionalaren atea joko dutela, eta ezkerrak ekinaldi partekatuko erreferendum bat bultzatu nahi du; 185 parlamentariren eta 4,7 milioi hautesleen sinadura beharko luke hori egin ahal izateko.

Baina bi bide horiek luze joko dutenez, protestaren karta jokatzen jarraituko dute erreformaren aurkakoek. Sindikatuek bederatzigarren mobilizazio eguna egingo dute ostegunean, baina gobernuari ohartarazi diote gero eta zailagoa dela herritarren haserrea modu baketsuan eta antolatuan bideratzea. Izan ere, Macronek erreforma 49.3 artikuluaren bitartez onartu izanak are gehiago sutu ditu erreformaren aurkakoak. Asteburuan, erreformaren aurkako dozenaka mobilizazio izan dira, eta horietako asko manifestarien eta polizien arteko borrokekin amaitu dira.

Euskal Herrian ere izan dira erretretaren erreformaren aurkako protestak. Gaur goizean, esaterako, manifestariek Biriatuko ordainlekua blokeatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.