Albistea entzun

Irak

PKKz eta ur baliabideez arituko dira Irakeko eta Turkiako buruzagiak

Irak urez hornitzen duten bi ibai nagusiek Turkian dute jatorria, baina hark azken urteetan eraikitako urtegiek arazoak eragin dituzte auzoko herrialdean. Ankaran bilduko dira bi buruzagiak.

Irakeko lehen ministro Xia al-Sudani, iazko urrian. /
Irakeko lehen ministro Xia al-Sudani, iazko urrian. / Irakeko lehen ministroaren bulegoa/EE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko martxoak 20 09:54

Irakeko lehen ministro Xia al-Sudani asteartean helduko da Ankarara, iazko urrian kargua hartu zuenetik auzoko herrialdera egingo duen lehen bidaian. Bi gai nagusi izango dituzte mahai gainean Al-Sudanik eta Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek: ur baliabideak eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako operazioak —gerrilla «terroristatzat» daukate Erdoganen exekutiboak eta Europako Batasunak—.

Turkiako armadak maiz egiten ditu PKKren aurkako operazio militarrak Iraken menpeko Kurdistanen. Horrez gain, Ankarak dozenaka gune militar ditu Kurdistanen PKKren aurkako borrokan baliatzen dituenak. Iazko uztailean, ordea, bi estatuen arteko harremana mikaztu egin zen, Turkiak Kurdistango parke bat bonbardatu eta bederatzi zibil hil zituenean, tartean emakume bat eta adingabe bat. Ankarak ukatu egin zuen erasoa berak egina zela, eta PKK gerrillari egotzi zion.

Ur baliabideen auziak ere garraztu ditu harremanak. Irak hornitzen duten bi ibai nagusiek, Tigrisek eta Eufratesek, Turkian dute jatorria, baina Ankarak azken urteetan eraikitako urtegiek nabarmen murriztu dute haien emaria. Bagdadek behin baino gehiagotan salatu du Ankararen jarrera, baina hark entzungor egin dio orain arte.

Irakeko Gobernuak iaz zabaldutako estatistiken arabera, Tigrisen emariak %35 egin zuen behera 2022an, aurreko mendeko datuekin alderatuta. Ibaien egoerak okerrera egin du azken hilabeteetako lehorteagatik eta euri eskasiagatik, baita ibaiak gehiegi erabiltzeagatik ere. Turkiak herrialdean duen enbaxadore Ali Riza Guneik uztailean egindako adierazpenek are gehiago okertu dute egoera. Izan ere, Rizak orduan salatu zuen ura «alferrik galtzen» dela Iraken, eta herritarrei eskatu zien «modu eraginkorrago batean» baliatzeko. Ankarak Iraken duen jokabidea kritikatuz erantzun zion Uraren ministro Mehdi al-Hamdanik: «Ankarak uste du haren eskumenen artean dela Irakera iristen den ur kantitatea kudeatzea».

Herrialdearen hego-ekialdean hainbat urtegi eta lantegi hidroelektriko eraikitzeko asmoak iragarri zituen Turkiak 1980an. 1990ean, Ataturk urtegia amaitu zuten, Eufrates ibaian, Siriako mugatik 80 kilometro eskasera. Irakek ez ezik, Siriak ere behin baino gehiagotan salatu du Turkiak eraikitako urtegiek nabarmen murriztu dutela ibaien ur emaria. Are, ura arma gisa baliatzea egotzi diote Siriaren menpeko kurduek. Beste urtegi handia Ilisukoa da: Tigris ibaiko urez hornitzen da, eta Irakeko mugatik 70 kilometro baino gutxiagora dago. 10.400 milioi metro kuborako tokia du. Irakeko agintariek salatu dute urtegi horrek kalte handia eragin diola ibaiari, eta ez bakarrik ur kantitatea murriztu duelako, baita hango bizitzari eragin diolako ere.

Klima larrialdia

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, klima larrialdiaren kalteak aintzat hartuta, herrialderik zaurgarrienetan bosgarrena da Irak. Azken urteetan, agerian geratu dira aldaketa horren ondorioak, askoz euri gutxiago egin duelako eta tenperaturak nabarmen beroagoak izan direlako. Azken hiru urteotan, lehorteari aurre egin behar izan dio herrialdeak, eta erdira murriztu behar izan ditu nekazaritzarako eremuak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Igor Susaeta - Mikel P. Ansa

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.