Zinema

'Ombuaren itzala' filmerako castinga egingo dute apirilaren 1ean

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza kontatuko du Patxi Bisquerten Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak. Zizurkilen egingo dute aktoreen hautaproba. Maiatzean ekingo diote grabazioari; Euskal Herrian eta Argentinan grabatuko dute.

jarraia225781.jpeg
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 20a
17:02
Entzun

Aktore taldea eta figurante andana behar ditu Ombuaren itzala filmak. Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak duela bi urte eta erdi egin zituen proiektuaren lehen aurkezpenak, eta iritsi da grabazioarekin hasteko garaia. Horretarako, hautaprobak egin behar: apirilaren 1erako egin dute deialdia, Zizurkilgo Udalean (Gipuzkoa). Bi txanda egingo dituzte: baga, aktoreak hautatzeko –10:30etik 14:30era–; biga, figuranteak hautatzeko –16:00etatik 20:00etara–.

Pello Mari Otaño (1857-1910) bertsolari zizurkildarraren bizitza kontatuko dute filmean. Eta ez dituzte figurante gutxi behar: film osorako bostehun beharko dituztela aurreikusi dute. 350 inguru Euskal Herrian, eta 150 bat Argentinan. Emakumeak eta gizonak behar dituzte figurante lanetarako, gazteak eta helduak. Patxi Bisquert da Eguzki Art Zinema ekoiztetxearen buru, eta aurreratu du nor izango den Otaño Ombuaren itzala filmean: Joseba Usabiaga aktore tolosarra. Bestalde, larunbat honetan egingo dute Maria Magdalena Alberdi Otañoren emazte izan zenaren rolerako castinga.

Otañoren azken hogei urteei begira jarriko dituzte kamerak: hori izan zen, Bisquerten arabera, bertsolariaren boladarik «emankorrena». Euskal Herria ere ez da atzean geratzen: «Foruak desagertzearekin batera, hankaz gora geratu zen herria. Eta hortxe hasi zen pizten, bi hamarkada horietan». Gainera, haren iritziz, euskal zinemagintzak «oso gutxi» jorratu du garai hura. Dena dela, Otañoren sorkuntza da filmaren ardatz.

«Pandemia pil-pilean zela» ekin zioten Ombuaren itzala aurkezteari, eta, Bisquerten ahotan, «pozik» dira orain arteko ibilbidearekin. Zailtasunak izan dituztela aitortu du, baina aurki hasiko dira grabazio lanetan, behin aktoreen eta figuranteen hautaprobak amaitu ostean.

Ikusi gehiago:Patxi Bisquert: «Pello Mari Otaño ahanzturatik ateratzea da nire asmoa»

Berez, joan den udazken inguruan ziren grabazioa hastekoak, Argentinan, baina «buelta» eman behar izan diote plangintzari. Bost asteko grabazioa zuten buruan —lehendabizi hiru aste Argentinan, eta gero bi aste Euskal Herrian—. Plangintza berriaren arabera, maiatzean hasiko dira grabaketa lanarekin, Euskal Herrian. «Hiru aste pasatxoko» grabaketa izango da. Hurbiltasunaz baliatu nahi izan dute, bide batez: «Barruko [eszena] asko Argentinan egitekoak ginen. Hona ekarri ditugu; gastua hemen finkatu dugu».

Azaroan jarraituko dute grabatzen, Argentinan, 8-10 egunez. Ordura arte, filmaren aurkezpenak egingo dituzte hemen. 100 herritara joatea zuten asmoa; oraingoz, 80tik gora aurkezpen egin dituzte. Maiatzera arteko batzuk hitzartzen dabiltza ekoiztetxekoak, eta irail edo urri aldean ere aurkezpenak egin nahi dituzte. «Hortxe-hortxe» iritsiko dira ehunera, Bisquertek dioenez.

Grabazioaz ez ezik, ekoiztetxeko burua datorren urterako plangintzaz ere aritu da. Gabonetatik bueltan, postprodukzioarekin hasiko dira. «Postprodukzio motza nahi dugu». Udaberrian filma amaitzea espero dute, apiril inguruan herriz herri emanaldiak egiten hasteko. Izan ere, auzolanean finantzatu dute Ombuaren itzala: «Alde komertzialari heldu aurretik, filma auzolankideei zor diegu». Proiektuaren webgunean eros daitezke filmerako sarrerak, besteak beste.

Horiek horrela, Bisquerten iritziz «bada ordua» proiektua pantailaratzen hasteko. Duela hamabi urte egin zuen lehen bilera Koldo Izagirre idazlearekin, gidoiaz eztabaidatzeko, 2011ko udan. «San Agustinek esan zuen Aitorpenak liburua idazteko hamabi urte behar izan zituela. Ba, guk ere hamabi urte behar izan ditugu filma grabatzen hasteko [barrezka]».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.