Osasungintza

Bertan behera utzi dute Osasunbideko greba, LABek eta UGTk gobernuarekin akordioa lortuta

Bi sindikatuek azaldu dute Osasun Departamentuaren azken eskaintzak beren aldarrikapenen «zati bat» bermatzen duela. ELAk kritikatu egin du akordioa: «Hutsala da, eta ez du langileen egoera hobetzen»

Nafarroan osasun publikoaren aldeko manifestazio sindikala, pasa den asteburuan, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 21a
11:26
Entzun

LAB eta UGT sindikatuek bertan behera utzi dute ostegun honetan Osasunbidean egitekoak ziren greba. Akordioa lortu dute Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin, intersindikalak eginiko aldarrikapenetako batzuei konponbidea emateko. Itunak «Osasunbideko langile guztientzat antolamendu eta ekonomia hobekuntzak» eraginen dituela nabarmendu dute LABek eta UGTk ohar batean: «Departamentuak konpromisoa hartu du lantaldea indartzeko, lehen arretan eta arreta espezializatuan lan gainkarga aztertzeko, onartua ez duten osasun langileentzat eta langile ez-sanitarioentzat lanbide karrera ezartzeko, eta langile guztiei jaiegun bereziak ordaintzeko, bai eta esklusibotasunari eusteko eta osasun langileen kokapena mahai orokorraren esparruan berrikusteko, besteak beste».

Osasunbideko intersindikalean gehiengoa dute LABek eta UGTk, eta, hortaz, bertan behera utzi dute lanuzte deialdia. Hala ere, sinatutako konpromisoak betetzeko exijitu diote gobernuari: «Ez dugu onartuko adostutako promesak ez betetzea; une oro exijituko dugu lantalde osoarentzat hartutako konpromisoak bete daitezela». Osasunbideko mahai sektoriala biltzeko ere galdegin dute, akordioan jasotako gaiak lantzen hasteko.

Hauek dira akordioan jasotako konpromisoetako batzuk:

Lantaldea: Batzorde bat eratuko dute, lehen arretako eta arreta espezializatuko lantaldeen beharrak aztertzeko «irizpide objektiboen arabera», eta behar horiek aurrekontuetan islatzeko.

Jaiegun berezien osagarria: Egun horietan lan egiten duten langile guztiek ordainsari bera jasoko dute (22 euro ordu bakoitzeko), titulazio maila edozein delarik ere.

Esklusibotasuna: Indarrean den araudiari eutsiko diote, baldintzetan aldaketarik egin gabe.

Lanbide karrera: 2023ko aurrekontuei buruzko foru legean jasoa dago osasun arloko langile guztiei lanbide karrera ezartzeko araubide bat ezartzea. Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du araubide horren zirriborroa maiatza baino lehen aurkezteko osasuneko mahai sektorialean, han eztabaidatu eta onar dezaten. Horrez gain, sanitarioak ez diren langileei ere lanbide karrera «gutxika-gutxika ezartzeko» baldintzak jarriko ditu Osasun Departamentuak. 2024ko aurrekontuetan txertatuko lukete horretarako diru saila.

Parte hartzea: Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du osasuneko mahai sektorialaren «parte hartze aktiboa errazteko eta bermatzeko», lehen arretari buruzko planak garatzeko eta ezartzeko prozesuan. Apirilaren bigarren hamabostaldian bilduko da osasun mahai sektoriala.

Konpromiso horiek jasotzen dituen agiria sinatuta, LABek adierazi du «arduragabea» izanen litzatekeela osteguneko lanuzteari eustea, eta horregatik erabaki dute M-23ko greba bertan behera uztea: «Kontuan harturik Nafarroako Parlamentua laster deseginen dutela, aurrekontua bertze interes batzuekin konprometituta dagoela eta egungo arduradunek negoziatzeko gaitasunik ez dutela, LABek guztiz arduragabetzat jo du oraingo mobilizazioei eustea, mobilizazio horiek langileei kalte ekonomikoa bertzerik ez balie ekarriko».

Hala ere, sindikatuak iragarri du Osasun Departamentua estu hartuko duela, sinatutakoa beteko duela ziurtatzeko: «Adi egonen gara Osasun Departamentuak adierazitako konpromisoak bete ditzan, luzamendutan ibili gabe, eta ez du onartuko langile guztientzako hobekuntzak eragotziko dituen negoziazio korporatibista gehiagorik». Horrez gain, «zerbitzu publikoen aldeko ekimen guztietan» parte hartzen segituko duela iragarri du LABek, «zerbitzu publikoen pribatizazioa edo langileen arteko bidegabekeria helburu duten azpijoko guztiak salatuz».

ELA: «Ez du Osasunbidea ezertara konprometitzen»

ELA sindikatuak, berriz, gogor kritikatu du LABek eta UGTk gobernuarekin sinatutako akordioa. «Akordioa hutsik dago, eta ez dakar inongo hobekuntzarik langileen baldintzetan», azaldu dute ohar batean. Are: ituna «zehaztugabea eta orokortasunez betea» dela uste du sindikatuak: «Ez du Osasunbidea ezertara konprometitzen».

Zehazki, ELAk salatu du gobernuak sindikatuei eskainitako lanbide karrera «aurrekontuaren araberakoa» izanen dela. «Osasunbidearen konpromiso bakarrak dira zirriborro bat eztabaidatzea, 2024ko aurrekontuetan diru sail bat proposatzea eta foru legearen zirriborro bat prestatzea». Lan gainkargari aurre egiteko proposatu duten neurri bakarra «lantalde bat osatzea» dela gaineratu du sindikatuak.

EH Bilduren eta PSNren menpe egotea ere egotzi die ELAk akordioaren sinatzaileei: «Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk joan den ostegunean bi lege proposamen onartzeko ituna izan zen LABekin eta UGTrekin sinatutako akordioaren aurrekoa. Sekuentzia horrek agerian uzten du LABen eta UGTren jarduna EH Bildurekiko eta PSNrekiko autonomia faltak baldintzatu duela. Horren ondorioz, edukirik gabeko akordio bat sinatu dute, Osasunbideko langileentzako hobekuntzarik ekarriko ez duena, eta grebarako 48 orduren faltan egin dute».

ELAren irudiko, horrek agerian utzi du «sindikatuak alderdi politikoen independente izateko beharra», eta txarretsi egin du LABen jokabidea: «Oso larria da LABek, akordioa sinatzeaz gain, greba bertan behera utzi izana, sinatu ez duten sindikatuei greba egitea galarazteko asmoz». Hori dela eta, protestei eusteko aukera aztertuko du ELAk, «SAE eta CCOO sindikatuekin batera». Greba egun gehiago ere proposatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.