Lan gatazka

Nafarroako zahar etxeetako langileek hiru eguneko greba egingo dute apirilean

ELA, UGT eta LAB sindikatuek deitu dute lanuztera. Hitzarmenaren negoziazioaren «blokeoa» salatuko dute.

Nafarroako zahar etxeetako langileen manifestazioa, iaz. IñIGO URIZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 21a
12:40
Entzun

ELA, UGT eta LAB sindikatuek grebara deitu dute Nafarroako zahar etxeetan. Apirilaren 18an, 19an eta 20an egingo dute lanuztea; eta hitzarmen kolektiboaren negoziazioan dagoen «blokeoa» salatuko dute. Horrez gain, bi kontzentrazio egingo dituzte hilabete honetan: martxoaren 24an Parlamentuan eta 29an Nafarroako jauregian.

2021eko maiatzean hasi zituzten sektoreko lehen lan hitzarmena sortzeko negoziazioak. Eta hiru sindikatuek proposamen bateratu bat egin zieten patronalei. «Hainbat alditan elkartu gara patronalekin, baina oraindik ez dute proposamen bat egin guk exijitutako gutxiengoekin», kritikatu dute sindikatuek. Are gehiago, Nafarroako Gobernuari egotzi diote patronalen alde jarri izana. «Hark finantzatzen du sektorea, eta erantzukizun publiko bat ere badu».

Hitzarmenak 70 zentro baino gehiagotan lan egiten duten 4.500 pertsona ingururi eragingo die. Sindikatuek eurentzako baldintza duinak exijitu dituzte, eta egoiliarrei kalitatezko zaintza bermatuko dien zerbitzua.

Azken bilera, urtarrilaren 26an

Ia bi hilabete igaro dira patronalek, sindikatuek eta Nafarroako Gobernuak azken bilera egin zutenetik. Bertan, patronalek proposamen bat egin zuten, baina sindikatuek ez zuten onartu. «Patronalei eskatu genien lan baldintza duinak bermatuko zituen beste proposamen bat egiteko». Oraingoz ez dute proposamenik jaso. «Horrek erakusten du patronalek eta Nafarroako Gobernuak ez dutela inolako interesik gatazkari amaiera emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.