Autogintza

Bruselaren zirrikitua errekuntza autoentzat

Alemaniak eskatu bezala, erregai sintetikoko autoak salbuetsita gera daitezke errekuntza motorren salmenta eteteko legetik. Batzordeak proposamen bat igorri dio Berlini.

Auto baten ihes hodia. OLIVER WEIKEN/EFE
aitor biain
2023ko martxoaren 22a
10:57
Entzun

Bruselak ate bat zabaldu diezaioke 2035etik aurrera ere errekuntza autoak saltzeko aukerari. Karbonoan neutroak diren erregai sintetikoak izan daitezke horretarako bidea. Izan ere, Europako Batzordea prest dago, salbuespena egin, eta erregai horiek darabilten autoak barne errekuntza motorreko ibilgailuak debekatu nahi dituen legetik kanpo uzteko. Hala eskatu zion Alemaniak, eta hala onar dezake orain.

Batzordeak gutun bat igorri dio Berlini horren berri emateko. Proposamen bat helarazi dio zeinetan zehazten dituen erregai sintetikoak darabiltzaten autoak karbonoan neutrotzat har daitezen epeak eta arauzko irtenbideak zeintzuk izan daitezkeen. Modu horretan konbentzitu nahi du Alemania, jarrera aldatu dezan, eta karbono isuriak murriztea helburu duen legeari oniritzia eman diezaion.

Reuters berri agentziak zabaldu duenez, salbuespen hori errekuntza motorren debekua ezarri ondoren jarriko litzateke indarrean. Eta baldintza bat izango luke: ibilgailu horiek teknologia berri bat izango beharko dute, erregai kutsatzaileren bat erabiliz gero haien funtzionamendua etengo duena. Horretarako, auto kategoria berri bat sortuko litzateke Batasunean.

Hori da berritasuna, hain zuzen ere: Batzordeak salbuespena idatziz aurkeztu izana. Izan ere, Bruselak inoiz ez die aterik itxi auto hibridoei edo erregai sintetikoei; konpromisoa hartu zuen isuririk gabeko ibilgailuen helburua betetzen duten edo ez aztertzeko eta proposamen bat aurkezteko. Baina argi adierazi zuen errekuntza autoen debekua onartu ondoren izango zela, 2026an.

Asko dago jokoan

Bruselak ez du nahi karbono isuriak murrizteko bere lege izarra ezerezean geratzerik. Are gutxiago baldintza hauetan, eta azken orduan. Eta horregatik erabaki dezake orain Alemaniaren eskaera onartzea. Ez baita ahaztu behar legea bozkatu bezperan aldatu zuela iritzia Berlinek; Batasuneko ingurumen ministroen eta Europako Parlamentuaren oniritzia baitzuen ordurako, eta Estatu kideek berrestea baino ez zen falta.

Batzordeak uste du legea ez onartzeak arriskuan jar dezakeela Europako Batasunak jarritako klima helburua, hots, 2030. urterako karbono isuriak %55 murriztea —Fit for 55 izena darama lege sortak horregatik—. Ez hori bakarrik: iritzi dio zalantzan jar dezakeela Europako autogintza industriaren etorkizunerako bide orria ere.

Izan ere, Batzordeak elektrifikazioarako apustua egin du, eta sektorearen trantsizioa bultzatu du, zuzentarauen eta diru laguntzen bidez. Errekuntza motorren salmenta 2035etik harago baimentzeak, ordea, kontrako bidean egingo luke bultza, auto elektrikorako aldaketa atzeratzea ekarriko lukeelako.

Aldiz, autogintzaren industriak denbora irabaziko luke, eta erabakigarria izan daiteke hori auto ekoizle handientzat. Horregatik egin diote presio Alemaniako gobernuari, eta hark, ondorioz, Batzordeari. Ez alferrik, Alemania da auto gehien ekoizten duen Europako herrialdea, Italiarekin batera. Biak azaldu dira debekuaren kontra, hain justu ere.

Jaurlaritza ere kontra

Errekuntza autoen debekuaren aurka azaldu da Eusko Jaurlaritza ere, eta «malgutasuna» eskatu du auto elektrikorako trantsizioa egiteko orduan. Euskal Herriko industriarentzat ere sektore estrategikoa baita autogintza. Petronorrek ere lantegi bat eraiki asmo du Bilboko portuan erregai sintetikoak ekoitzi ahal izateko.

Edonola ere, zalantza asko dago oraindik erregai horien inguruan ere, eta ikusteko dago Batzordearen proposamenak zein bide hartuko duen. Alemaniak aitortu du jaso duela, eta aztertu egingo duela. Begi onez hartu du, dena den, eta adierazi du hitz egiten jarraitzeko oinarri ona dela.

Bihar elkartuko dira herrialdeetako buruak Bruselan egingo dute goi bileran, baina, oraingoz, legea ez dago jasota gai zerrendan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.