Abortua

Abortua hizpide izango du lehenbizikoz Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren Auzitegiak

Gaur hasiko da El Salvadorko Estatuaren aurkako Beatriz auziaren epaiketa. Gobernuak abortatzea debekatu zion emakumeari, nahiz eta haurdunaldia harentzat arriskutsua izan eta fetuak garunik ez izan.

Beatrizen aldeko mezuak, elkarte feministek bart gauean jarriak,  IACHR-ren Auzitegiaren aurrean, San Josen (Costa Rica). JEFFREY ARGUEDAS / EFE
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 22a
12:35
Entzun

IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak gaur hasiko du abortua hizpide duen lehen epaiketa. Beatriz auzian El Salvadorko Estatua da akusatua. Nayib Bukele buru duen gobernuari egozten diote 2013an Beatriz izeneko emakume bati abortatzea debekatzea, nahiz eta haurdunaldiak haren bizitza arriskuan jarri, eta fetoak garunik izan ez.

«Bizitzarako eskubidea, segurtasun pertsonala, berme judizialak, babes judiziala eta osasunerako eskubidea urratzea», horiexek egozten dizkiote El Salvadorri. Epaiketa 15:00etan hasiko da, gaur, batzordeak San Josen (Costa Rica) duen egoitza nagusian. Bi egunetan 42 testigantza entzungo dituzte magistratuek, epaia eman baino lehen.

Beatrizek 21 urte zituen bigarrenez haurdun gelditu zenean. Baina ordurako kolokan zegoen haren osasuna; lupus eritematoso sistematikoa, nefropatia lupikoa eta artritis erreumatoidea zituen. Gaixotasun horiek zuzenean eragiten diete sistema immunologikoari, eta nabarmen ahultzen dute gorputza.

Haurdunaldia etetea gomendatu zioten hamabost medikuk baino gehiagok. Izan ere, haren osasun egoera ahula alde batera utzita, fetua garezurrik eta garunik gabe jaiotzekoa zen. Hortaz, kostata iraungo zuen bizirik jaio ostean.

Gomendioei kasu egin, eta auzi eskaera bat aurkeztu zuen Beatrizek, haurdunaldia eteteko baimena eskatuz. Baina El Salvadorko Auzitegi Gorenak ezezkoa eman zion. 2013ko ekainaren 3an erditu zen, zesarea bidez. Jaio eta bost ordura hil zen umekia. Handik lau urtera zendu zen Beatriz, 2017ko urrian, osasun egoera ahularen ondorioz izandako moto istripu batean.

1998tik, abortatzea delitua da El Salvadorren. Horixe erabaki zuten urte hartan egindako lege erreforman. Herrialdeko Zigor Kodearen arabera, abortatzen duten emakumeak «hiltzaileak» dira. Haurdunaldia eteteagatik 50 urtera arteko espetxe zigorrak jaso ditzakete, eta abortuan parte hartzen duten medikuek, berriz, 12 urtera artekoak.

«Beatriz asko daude El Salvadorren»

Haren heriotzaren ostean, herrialdeko zenbait elkarte feministak eraman dute kasua IACHR-ren Auzitegira. Iritzi diote epaiketa «aitzindari» izan daitekeela, eta espero dute Auzitegiak Beatrizen aldeko epaia eman eta legedia erreformatzeko epe bat irekitzea.

«Epaiketa hau aukera bat da kalitatezko politika publikoak ezartzeko. Beatriz asko daude El Salvadorren. Estatuak kriminalizatu egiten ditu emakumeak», salatu du Angelica Rivas El Salvadorko Bilgune Feministako kideak.

Bada, elkarte feministetako kide ugarik eta dozenaka ekintzailek IACHR-ren Auzitegiaren aurrean igaro dute bart gaua. El Salvadorren abortua legeztatzeko eskatu dute. «Justizia Beatrizentzat eta emakume guztiontzat» eta «abortatu edo ez abortatu, hori nahiago nik aukeratu» oihukatu dute, besteak beste.

Hala ere, ez dira gutxi kontrako iritzia dutenak, eta beste hainbeste herritar bildu ziren kalearen beste aldean. Abortuaren aurkako mezuak irakur zitezkeen esku artean zituzten pankartetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.