Albistea entzun

Erresuma Batua

DUPen kontrako botoarekin onartu dute 'brexit'-erako itunaren puntu esanguratsu bat

Sunakek nahikoa babes izan du Komunen Ganberan 'Stormont galga' onartzeko. Ipar Irlandako herritarren gehiengoa gobernu blokeoa desegitearen aldekoa da, inkesta baten arabera.

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa Komunen Ganberako saio batean, joan den urtarrilean.
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa Komunen Ganberako saio batean, joan den urtarrilean. JESSICA TAYLOR HAN/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2023ko martxoak 22 09:46

Brexit-aren osteko jokalekua finkatzen hasi da Erresuma Batua. Izan ere, Ipar Irlandaren estatusa arautuko duen Windsor Esparru Hitzarmena-ren puntu eztabaidatuena onartu du, gaur, Komunen Ganberak. Aise irabazi du baiezkoak: 515 diputatuk bozkatu dute alde, eta 29k bakarrik kontra —650 aulki ditu ganberak—. Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren zortzi diputatuetatik seik aurka bozkatu dute, iragarri bezala. Desadostasunak Stormont Galga delakoaren ingurukoak dira. Haren arabera, Ipar Irlandako Asanbleak aukera izango du EB Europako Batasuneko merkatu bakarreko lege berriak blokeatzeko, baldintza jakin batzuetan. Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreko kide euroeszeptikoenek ere, 22k guztira, kontra bozkatu dute; tartean, Boris Johnson eta Liz Truss Downing Streeteko 10. zenbakiko azkeneko bi maizterrek.

Erresuma Batuko lehen ministroak brexit-ak ekarri duen urteetako gatazka itxi nahi du EBrekin. Auzia zen nola bermatu EBren eta Ipar Irlandaren arteko merkataritza arina, azken horren eta Britainia Handiaren artean muga gogor bat altxatu gabe. Windsor Esparru Hitzarmenean mamitu dute Londresek eta Bruselak bien arteko akordioa, eta Stormont galga da puntu esanguratsuetako bat. Komunen Ganberak hura onartzea da brexit-aren osteko jokalekua argitzeko lehen urratsa.

DUPentzat, baina, Stormont galga ez da berme nahikoa. Unionisten buruzagi Jeffrey Donaldsonek nabarmendu du azken egunetan ez dela ezarriko EBk jada indarrean duen araudiaren gainean. «Ez du oinarrizko arazoa konpontzen: EBren legediaren inposizioa». Ian Paisley diputatuak Johnsonen kontra egin du, eta haiei «traizio» egitea leporatu dio. «Boris Johnsonek esan zigun Irlandako itsasoan ez zela mugarik egongo». Johnson izan zen EBren eta Erresuma Batuaren arteko dibortzioaren bultzatzaile nagusietako bat.

Ondorioak Belfasten

Brexit-aren osterako hitzarmenek eragin zuzena izan dute Ipar Irlandaren gobernabidean. DUPek eskualderako protokoloaren aurkako argudioak erabili zituen iaz, Ipar Irlandako gobernu partekatuaren eratzea blokeatzeko. Alderdi unionistari Londresen, Dublinen eta Washingtonen presio egin diote blokeoa kentzeko Ostiral Santuko Akordioaren 25. urteurrenaren aurretik —apirilaren 10ean izango da—.

Akordioak Ipar Irlandako Gobernua abiarazteko balio behar duela nabarmendu du Sunakek; are gehiago, helburu hori izango da Windsor Esparru Hitzarmenaren neurgailua, Erresuma Batuko lehen ministroaren esanetan. «Ipar Irlandako gobernabidea berreskuratzea, hori izango da hitzarmenaren arrakastaren benetako froga», adierazi zion otsail amaieran BBCri.

Ipar Irlandako herritarren gehiengoa ados dago Stormonteko gobernua abiaraztearekin, The Irish News egunkariak gaur argitaratu duen inkestaren arabera. Datu horiek diotenez, DUPeko boto emaileen ia erdiak daude gobernua berreskuratzearen alde, eta soilik %13,8 aurka. Alderdi unionistaren boto emaileen hiru laurdenek uste dute DUPek protokoloaren aurka egin duen kanpainak emaitza oparoa izan duela, eta %56,2ren iritziz, Windsor Esparru Hitzarmenak protokoloaren ondorio kaltegarri asko ezabatu ditu.

Nazionalisten artean, babes antzekoa du hitzarmenak: %54,9. Gehiago dira Stormonteko gobernua abian jartzearen aldekoak. Bi herenek nahi dute DUPek blokeoa altxatzea. Beren burua nazionalistatzat edo unionistatzat jotzen ez dutenen artean, %55,8 dira gobernua berreskuratzearen aldekoak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Karabakh Garaiko eta Azerbaijango ordezkariak, gaurko bilkuran ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiak Azerbaijani segurtasun bermeak eskatu dizkio armak utzi aurretik

Ander Perez Zala

Bi aldeetako ordezkariek su etena adostu osteko lehen bilkura egin dute. Armeniako oposizioak lehen ministroaren kontrako protestak iragarri ditu.

Libia, beste krisi bat eragozteko premia

Beste krisi bat eragozteko premia

Gorka Berasategi Otamendi

'Daniel' ekaitzak milaka lagun hil ostean, Libiako Derna hirian ia galdua da inor bizirik topatzeko itxaropena. Erreskate lanetan izan diren Accion Norteko kideek azaldu dutenez, epidemiarik ez sortzea dute orain lehentasuna.
Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroa, 2021eko irudi batean. ©EFE

Zatiketa amaitzeko deia

Ricard Gonzalez

Libiako egoera politiko kaotikoak zerikusia izan du hondamendiaren larritasunarekin: herrialdea bi gobernutan zatituta dago. Uholdeek berriz utzi dute agerian batasunerako beharra.
Poloniako armadako hiru militar Ukrainako mugatik gertu, Przewodow udalerrian, iazko azaroan. ©WOJTEK JARGILO / EFE

Poloniak iragarri du ez dizkiola arma gehiago bidaliko Ukrainari

Maddi Iztueta Olano

Lehen ministro Mateusz Morawieckiren arabera, Poloniako armada indartzeko hartu dute erabakia. Edonola ere, azken egunotan nabarmen tenkatu da bi aldeen arteko harremana, Ukrainako zerealak inportatzeko debekuaren harira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...