Artea

Artiumen jarriko dute Esther Ferrerren 'Zenbaki lehenak' obra

Gasteizko Prado parkean dago egun, eta aurki hasiko dituzte artelana lekualdatzeko lanak. Udarako amaitzea espero dute. 60.000 euroko kostua izango du, lana guztiz berregingo dutelako.

Esther Ferrer, gaur Artiumen, azalpenak ematen. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2023ko martxoaren 22a
14:16
Entzun

Duela hogei urte jarri zuten Esther Ferrerren (Donostia, 1937) Zenbaki lehenak obra Gasteizko Prado parkean. Artistak aire librean modu iraunkorrean jartzeko egin zuen aurrenekoa izan zen. Hogei urteren ondoren, ordea, nabarmen hondatu da artelana: denboraren higadura nabari zaio, eta pieza batzuk ere falta zaizkio. Bada, lekuz aldatzea erabaki du Gasteizko Udalak, lanari ikusgarritasuna emateko eta haren balioa nabarmentzeko. Artium museoaren kanpoaldean jarriko dute, eta aurki hasiko dituzte lanak.

Otsailean iragarri zuen udalak erabakia, eta gaur eman dituzte xehetasunak museoko arduradunek eta artistak berak. Artiumen izan baita Ferrer, lekualdatzearen inguruko azalpenak ematen. Adierazi duenez, proposamena egin ziotenean «ideia bikaina, zoragarria» iruditu zitzaion, eta ez zuen zalantza egin prozesuan esku hartzeko. «Parkean jarrita nahi nuena zen haurrek jolas egitea harekin; mundu guztiak nahi zuenerako erabiltzea. Orain, haren inguruan harmaila batzuk ere jarriko dutenez, jendea eseri ahal izango da, eta jarduerak ere egin ahalko dira haren gainean», esan du artistak.

Tamaina handiko zoruko instalazio bat da: zeramikazko 10.000 azulejo karratuk osatzen dute obra; horietako batzuetan zenbaki lehenak daude idatzita, 41etik hasi eta 10.03raino, biak barne. Gainerakoetan marra diagonal gorriak eta marra urdinak daude marraztuta. Artistak berariaz sortu zuen Prado parkerako, nahiz eta serie bereko hainbat egin dituen gerora. Izan ere, zenbaki lehenen gaia sarritan agertzen da haren artelanetan. «Zenbakiak garrantzitsuak dira gure bizitzan; beraz, normala da artea egitean ere zenbakietan pentsatzea», zehaztu du.

Obra bera, baina berreginda

Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak azaldu duenez, duela bi urte proposatu zioten artistari, eta orduz gero aritu dira proiektua nola gauzatu erabakitzeari buruzko elkarrizketan. Adostu dute museoaren bi eraikinen artean dagoen plazan kokatzea. Han jarri ditu museoak beste hainbat euskal artisten obrak ere: Oteiza, Txillida, Basterretxea... Orain arteko denak gizonezkoenak dira, ordea; Ferrer izango da aurreneko emakumezkoa. Hori azpimarratu nahi izan du Herraezek, bada.

«Artistaren eta museoaren arteko lotura estua da; beraz, zentzu guztia zuen obra hona lekualdatzeak», esan du Herraezek. Artelan «garrantzitsua» dela nabarmendu du, eta uste du baliagarria izango dela museoaren funtzioa ezaugarritzeko, bai eta hainbat arlotan egiten ari diren lana ulertzeko ere. «Pieza aktiboa izango da, beste artista, diziplina eta belaunaldi batzuk aktibatuko dituena», nabarmendu du Herraezek.

Kokapen berriak obra egokitzea eskatu du baina, lekua txikiagoa delako. Eta pieza egun zein baldintzatan dagoen ikusita, guztiz berregitea erabaki dute. Nolanahi ere, artistak azaldu du obra, irudia bera, berbera izango da, soilik zeramikazko laukiak txikiagoak izango direla. 60.000 euroko kostua izango du prozesu horrek. «Nik ez ditut ezta bost zentimo ere eramango», ohartarazi du Ferrerek, eta gogorarazi diru hori guztia lana berregiteko erabiliko dutela. «Eta ongi dago horrela».

Pieza zaharrekin zer egingo duten ez dute erabaki oraindik, baina artistak garrantzia kendu nahi izan dio horri. «Sukaldea berritu nahi duzu? Ba, hartu itzazu azulejo batzuk», erantzun dio galdera egin dion kazetariari. «Orain serio: horiek gordetzeak ez du inolako zentzurik», azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.