Migratzaileak

Bost pertsona hil eta beste 28 desagertu dira Tunisiako kostaldean

 Migratzaileak Italiara zihoazen, euren ontzia irauli denean. Bost pertsona erreskatatzea lortu dute kostazainek.

Migratzaile talde bat Italiako Reggio Calaba portura iritsi berritan. MARCO COSTANTINO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 23a
12:14
Entzun

Gutxienez bost migratzaile hil eta beste 28 desagertutzat jo dituzte Tunisiako kostaldetik gertu gertatutako istripuan. Tunisiako Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Foroa gobernuz kanpoko erakundearen arabera, migratzaileak Italiarantz zihoazen, eta irauli egin zaie ontzia. Kostazainek bost pertsona erreskatatzea lortu dute.

Tunisiako Sfarx hiriaren hegoaldean hondoratu da itsasontzia. Azken hilabeteetan handik ateratzen dira Mediterraneoa gurutzatu eta Europara iristea helburu duten migratzaileak. Tunisiako Gobernuak hainbat operazio egin ditu azken hilabeteetan, Afrikaz hegoaldeko iheslari paperik gabekoak atxilotzeko. Kais Saied presidenteak segurtasun indarrei agindu die kanporatzeko herrialdean «legez kanpo» sartzen den migratzaile oro. Ondorioz, Tunisian paperik gabe bizi ziren askok ihes egin dute herrialdetik, nahiz eta, berez, Mediterraneoa gurutzatzeko asmorik izan ez.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, aurten Italiara itsasoz heldu diren migratzaileetatik 12.000 inguru Tunisiako kostaldetik abiatu dira; iaz, garai berean, 1.300 izan ziren. Horren aurretik, Libiatik abiatu ohi ziren migratzaileak, baina, maiz, talde armatuen eskuetan erori ohi ziren.

NBEren arabera, Afrika hegoaldeko 21.000 lagun bizi dira Tunisian. Azken hilabeteetan Saiedek migratzaileen aurkako adierazpen ugari egin ditu, eta herrialdean «indarkeria eta krimena» bultzatzea leporatu. «Legez kanpoko etengabeko migratzaile oldeen ezkutuko helburua da Tunisia herrialde erabat afrikarra bilakatzea, estatu arabiar eta islamikoekin harremanak etenez», esan zuen estatuburuak joan den otsailean.

Presidentearen esanen ostean, azal beltzeko etorkinen nahiz tunisiarren aurkako indarkeria oldea piztu zen. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, paperik gabeko migratzaile askok beren lanak galdu zituzten, eta alokairuan zeudenek, etxea. Ehunka atxilotu zituzten, horretarako arrazoi argirik eman gabe eta behin-behineko zentroetara eraman zituzten. Erasoen beldur, dozenaka migratzailek erabaki zuten Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak Tunis hiriburuan duen egoitzaren aurrean kanpatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.