Zahar etxeak

Bizkaiko ELAko zahar etxeetako langileek salatu dute aldundiaren eredua «propaganda hutsa» dela

37 greba egun egin dituzte azken hitzarmena sinatu zutenetik. Grebalariek salatu dute egoiliarrei prezioak igo dizkietela, baina arretaren kalitatea ez dela hobetu.

Hurtado Amezaga kalea itxi dute grebalariek goizean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 23a
13:33
Entzun

«Guk zaindu egiten ditugu, zuek ostu egiten diezue». Oihu horrek laburbiltzen du Bizkaiko ELAko zahar etxeetako grebalarien haserrea. Martxoaren 15ean abiatu zuten hamar eguneko greba zikloa, eta bihar dute azken eguna. 38.a izango da azken hitzarmena sinatu zenetik, eta kritika gogorrak egin dizkiete Bizkaiko Foru Aldundiari eta zahar etxeetako patronalei.

Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzaren aurrean egin dute protesta, eta Hurtado Amezaga kalea zarratu dute ordu erdiz. Unai Rementeria ahaldun nagusiak aldarrikatzen duen egoitza eredu berria «propaganda hutsa» dela salatu du Ariana Martin zahar etxeetako langileak, atarian egin duten prentsaurrekoan.

2021ean iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak gehienez 25 lagunek osatutako bizikidetza unitateak sustatuko zituela «eredu gizatiarragoa» osatzeko. Horretarako, egoitza gehienetan obrak egin beharko zirela aurreikusi zuen aldundiak, baina iazko uztailean onartu zuen Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak zailtasunak izaten ari zirela aldaketak egiteko.

Dirua, enpresentzat

ELAko Martinek gogorarazi duenez, Rementeriak arreta pertsonal integrala, dinamizazio soziokulturala, gelen eguneroko garbiketa eta langileen txandakatzea saihesteko neurriak iragarri zituen eredu berrirako. «Ia bi urte geroago, ez dago halakorik. Rementeriaren propagandaren atzean ez dago publifikaziorako irizpiderik, ezta ratioetan aldaketarik ere», adierazi du.

Horrez gain, sindikatuak deitoratu du patronalek plaza bakoitzaren prezioa igo dutela, arretaren kalitatea hobetu gabe. «Urtarrilean prezio denak igo zituzten KPIaren gainetik, eta hil bi geroago, lan baldintzak berdinak dira», esan du Ander Akarregi ELAren sektore arduradunak. «Diru hori enpresarentzat doa».

Aldundiaren ereduari aurre egiteko, sindikatuaren eskaerak azaldu dituzte langileek, Gutxienez Bi Orduz Lagun Nazazu kanpainan bildu dituztenak: lehen baja egunetik egitea ordezkapenak, 24 orduko erizaintza zerbitzua bermatzea eta garbiketa langileen %53ko igoera, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.