Zinema

Cinesa zinema aretoek hileko tarifa finko bat jarriko dute zinemara nahi adina aldiz joateko

Bilbon, Barakaldon, Donostian eta Usurbilen erabili ahal izango da.

Zinema areto bateko besaulkiak. ENDIKA PORTILLO, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko martxoaren 23a
15:03
Entzun

Telebista plataformen eredua kopiatuz, Espainiako Cinesa zinema aretoen konpainiak tarifa finko bat jarriko du salgai apiriletik aurrera. Hileko harpidetza bat izango da, eta harpidedunak nahi adina aldiz joan ahal izango du zinemara. Mugarik gabeko zinemarako txartel bat izango da, eta estreinaldietarako ere balioko du.

Euskal Herrian hainbat dira Cinesa konpainiaren zinema aretoak, besteak beste, Zubiarte Bilbon, Max Ocio Barakaldon (Bizkaia), Garbera Donostian eta Urbil Usurbilen (Gipuzkoa).

Bi tarifa egongo dira aukeran: 15,90 eurokoa ohiko zinema aretoetara joateko, eta 18,90 Luxe zinema aretoetara joateko. Tarifa finko hori apirilean jarriko du salgai Cinesak, eta zinema aretoan bertan edo Internetez eskuratu ahal izango da. Ohar batean Ramon Biarnes Cinesako arduradunak esan du «ikusleen behar berriei» egokitzeko formula bat dela.

Cinesa zinema aretoetan 7,90 euro balio du sarrera arrunt batek; asteburuan, 8,90. Tarifa finkoa iragarri duenean, Cinesak ez du esan asteburuetan hori erabiltzeko mugarik izango denik.

Zinemetako tarifa finkoa ezohikoa izan da Euskal Herrian orain arte. Ipar Euskal Herrian badaude urteko harpidetza finko bat duten zinema aretoak, harpideduna zinemara joaten denean sarrera merkeago erosteko balio duena. Beste herrialde batzuetan, ordea, AEBetan, Erresuma Batuan eta Frantzian, besteak beste, badaude orain Hegoaldean jarriko den tarifa finkoaren antzekoak.

Pandemiak eta telebista plataformen gorakadaren ondorioz, murriztu egin da azken urteetan zinema aretoetako ikusle kopurua, eta horrelako egitasmoekin jendea erakarri nahi dute horien arduradunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.