Makroekonomia

Enpresen mozkina soldatapekoen errenta halako bi hazi da Nafarroan

Nafarroako barne produktu gordina %4,3 hazi zen iaz. Barne kontsumoak eta ostalaritzak eutsi zioten ekonomiari urtearen amaieran.

VWek Iruñean duen lantegia, Nafarroako handiena. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 24a
11:42
Entzun

Europako Banku Zentralak berak egin du oharra: 2022an, inflazioaren motorretako bat ez da izan soldaten igoera, enpresen irabazi marjinen igoera baizik. Inflazioaren zama partekatzeko eskatu zien Christine Lagarde EBZko presidenteak enpresei, eta atzo gai horrekin «adi» egongo zela iragarri zuen Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak, batez ere elikagai industriari buruz ari zela.

Euskal Herrian ere enpresen mozkinak soldatapekoen sarien gainetik hazi direla erakusten duten datuak azaltzen hasi dira. Nastat Nafarroako estatistika erakundeak, 2022ko kontu ekonomikoak azaltzean, nabarmendu du esplotazioaren soberakin gordina —enpresen eta langile autonomoen irabaziak, zergak ordaindu ondoren— %13,7 hazi zirela 2022an, aurreko urtearekin alderatuta. Soldatapekoen errenta, berriz, %6,0 handitu ziren.

Datu horretan agian zeresana du Volkswagenen emaitza onak. Landabengo fabrikak, Nafarroako handienak, 87,4 milioi euro irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino 27 milioi gehiago.

Atzera eginez gero, ikus daiteke 2020. urtea askoz okerragoa izan zela enpresen eta autonomoen mozkinarentzat, baina 2021. urteko lehen hiruhilekoaz geroztik beti hazi da gehiago haien irabazia soldatapekoena baino.

Horrela, 2022. urtean BPGaren %47,2 izan zen esplotazioaren soberakin gordina, eta %42,9 soldatapekoen sariak; gainontzekoa, %9,9, zergak dira.

2020. urtean, berriz, enpresen eta autonomoen mozkinaren (%44,8) gainetik izan zen soldatapekoena (%45,3).

Nastaten datuek beste zerbait erakusten dute: soldatapekoek, oro har, erosteko ahalmena galdu zutela. Urteko azken hiruhilekoan %4,1 hazi ziren; hiruhileko horretan, inflazioa %7,5ekoa izan zen.

Laugarren hiruhilekoaren bultzada

Datu orokorrei dagokienez, urtarrilean aurreratutakoak baieztatu ditu Nafarroako estatistika erakundeak. BPGa %4,3 hazi zen 2022. urtean, eta aurreko urteko %5,9ko hazkundeari batuz gero, Nafarroako ekonomia jada gainditu du pandemiaren aurretik zuen neurria.

Urteak aurrera egin ahala apaldu egin da urte arteko hazkunde tasa —%6,5 lehen hiruhilekoan, %3 laugarrenean—, baina hiruhileko arteko tasari erreparatuz gero, ikusten da urtearen amaieran berriro abiada hartu zuela ekonomiak, iragarpen ezkorrenak atzean geratu zirelako eta energiaren prezioak beheraka egin zuelako.

Bultzada horretan zerbitzuek izan dute pisurik handiena, eta ostalaritzaren eta zerbitzu profesionalen ekarpena nabarmendu du Nastatek. Industriak ere hobera egin du: %2 hazi zen hazten hirugarren hiruhilekoan, eta %2,3 laugarrenean. Kontrako bidea egin du eraikuntzak, %3,9tik %1,4ra.

Eskaintzari dagokionez, kontsumo pribatua agertu da sendoen (+%3,7), gastu publikoak murriztu eta murriztu ari direlako (-%0,3). Enpresen inbertsioak ere sendo daude, batez ekipo ondasunetan (%3,2).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.