Siria

AEBek 11 lagun hil dituzte Sirian, «Iranen talde aliatu baten» erasoari erantzunez

Washingtonek Siria ekialdeko azpiegitura batzuk bonbardatu ditu, Iranen hurbileko talde militar batenak direla argudiatuta. Bart drone eraso batean AEBetako herritar bat hiltzea egotzi diote talde horri.

AEBetako armadako lau gerra hegazkin, artxiboko irudi batean. SARAH SILBIGER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 24a
11:53
Entzun

AEBetako armadak zenbait azpiegitura bonbardatu ditu bart Siria ekialdean, eta 11 lagun hil ditu, gutxienez. Pentagonoak azaldu duenez, Iranek babestutako talde miliziano baten aurkako operazioa izan da, AEBen base batek bart jasan duen drone eraso bati erantzuteko egina. Operazio horretan, AEBetako herritar bat hil da, eta beste sei zauritu; horietako bat, larri. AEBen baseari eraso egin dion dronea Irangoa zela zehaztu du Pentagonoak.

«Bonbardaketek gaurko erasoari erantzuteko helburua izan dute, baita koalizio indarren aurka Irango Iraultza Islamikoaren Guardien Armadaren talde aliatuek egin dituzten azken erasoei erantzuteko ere», adierazi du Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak. «Inork ez ditu gure tropak bonbardatuko zigorgabetasunez».

AEBek Sirian dituzten tropek jasan dituzte drone erasoak iraganean ere, baina ez da ohikoa horietan hildakoak izatea.

Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera —elkarteak Londresen du egoitza—, AEBen erasoek Iranek babestutako sei miliziano hil dituzte Siria ekialdeko Deir ez-Zor hirian, beste bi Mayadeen herrian, eta beste hiru Bukamaletik gertu dagoen postu militarrean, Irakeko mugaren ondoan.

Irango Press TV telebistak ukatu egin du AEBen erasoetan Irango herritarrik hil dela, eta Iranen aliatuen azpiegitura militarrik bonbardatu dutela ere ukatu du. Aldiz, adierazi du aireportu militar baten gertuko landa garapenerako zentro bat eta zereal biltegi bat suntsitu dituztela bonbek.

Ez da lehen aldia Joe Biden AEBetako presidentearen agintepean Washingtonek Sirian bonbardaketak egiten dituena. AEBen eta Iran arteko tentsioa dela medio, Etxe Zuriak bonbardaketak agindu zituen 2021eko otsailean eta iazko abuztuan ere.

AEBek 2015ean bidali zituzten tropak Siriara, Estatu Islamikoaren aurka borrokan ari ziren indarrak babestera. Baliabide ia guztiak erretiratu zituen 2019ko urrian, baina base militar bat du oraindik Hasakah hiritik gertu, Siria ipar-ekialdean. Base horrek jasan du drone erasoa bart.

Jihadisten erasoa Alepon

Siriako indar armatuek Ekialdea Askatzeko Erakundeko 11 kide hil dituzte Alepo hirian, Siriako ipar-ekialdean, Defentsa Ministerioak adierazi duenez. «Indar armatuek aurre egin diote Al-Nusra frontearen talde aliatu batek Kafr Ammako gure posizioen kontra egindako eraso terrorista bati».

Al-Nusra frontea Al-Qaedaren Siriako adarra izandakoa da, baina Ekialdearen Askapenerako Erakundearen parte da orain, eta ez du loturatik Al-Qaedarekin. Erakunde horrek lurralde zabalak kontrolatzen ditu Siria ipar-mendebaldean, Alepo eta Idlib probintzietan.

Siriako Defentsa Ministerioak azaldu duenez, jihadistak eskala handiko eraso bat egiten ahalegindu dira, baina Siriako tropek erasoa zapuztea lortu dute, eta 11 hildako eragin dituzte, baita «zauritu ugari» ere. Ministerioak gaineratu du armak eta bestelako baliabideak eskuratu dituztela.

Siriako gerra piztu zenetik hamabi urte pasatu diren honetan, oposizioaren daude oraindik Idlib probintziaren zatirik handienak eta Alepoko eremu batzuk. Gerra frontea egonkortuta dago, ez atzera eta ez aurrera, 2020 urtearen hasieratik.

Siria, Turkia eta Kurdistan astindu zituen lurrikaraz geroztik, joan den otsailaren 6tik, Ekialdea Askatzeko Erakundearen jardun militarra areagotu egin da, tokiko ekintzaileek adierazi dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.