Albistea entzun

AEB-ak

Tornado batek gutxienez 26 hildako utzi ditu Mississippin eta Alabaman

Dozenaka dira zaurituak, eta gutxienez lau lagun desagertuta daude. Bilaketa eta erreskate taldeak lanean ari dira goiz-goizetik.

Etxebizitzak eta ibilgailuak, tornadoak hondatuta, AEBetako Rolling Fork herrian.
Etxebizitzak eta ibilgailuak, tornadoak hondatuta, AEBetako Rolling Fork herrian. @JordanHallWX Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2023ko martxoak 25

Tornado batek AEBetako hego-ekialdeko landa eremua astindu zuen ostiral gauean —Euskal Herriko larunbat goizaldean—, eta, Larrialdiak Kudeatzeko Agentziak jakinarazi duenez, 26 hildako utzi ditu gutxienez, eta lau lagun desagertuta daude. Hildakoetako 25 Mississippi estatuan eragin ditu ekaitzak, eta beste bat Alabaman. Zaurituak dozenaka dira. Agentziak iragarri du kopuru horiek handitu egingo direla datozen orduetan. «Tokiko eta estatu mailako bilaketa eta erreskate talde ugari ari dira lanean gaur goizetik», jakinarazi du sare sozialen bidez.

Mississippiko Humphreys eta Sharkey konderriak izan dira kaltetuenak, eta han jarri dituzte indarrak erreskate taldeek. Tornadoa azken eskualde horretako Rolling Fork herri inguruan izan da bortitzen, lehen informazioen arabera. «Hiria erabat suntsituta dago», adierazi du Eldridge Walker alkateak. Ekaitzak hildako 26 lagunetatik 12 herri horretan zendu dira. Hainbat lagun beren etxean harrapatuta daude, eta herritarrak hondakinen artetik ateratzea da orain erreskate taldeen lehentasuna.

Tate Reeves Mississippiko gobernadoreak Rolling Fork herria bisitatu du gaur, kalteak bertatik bertara aztertzeko. «Ez dago hau deskribatzeko beste modu bat: erabat lazgarria da», esan du ingurua ikusi ostean. 2.000 biztanleko Rolling Fork herria —Muddy Waters blues gitarra jolearen jaioterria— hondamendiaren «zero eremua» dela adierazi du Reevesek. Hala ere, ohartarazi du ekaitzak Mississipiko estatuaren beste leku asko ere jo dituela, eta azaldu kalteak neurtzen ari direla. Kalterik handienak 150 kilometro luzeko lerroan eragin ditu tornadoak. Errotik ateratako zuhaitzak, apurtutako etxeak eta iraulitako ibilgailuak utzi ditu pasatu den tokietan.

«Etxearen erdialdean hartu dugu babes, eta tornadoa berehala iritsi da, han sartu garen bezain pronto eztanda handi bat entzun dugu eta, eta ez dugu beste ezer ere entzun denbora batez. Kanpora atera garenean, hamar bat zuhaitz zeuden botata gure lorategian», azaldu dio Rolling Forkeko herritar batek ABC News telebistari.

Larrialdi zerbitzuek dozena erdi aterpe ireki dituzte etxebizitzarik gabe gelditu direnentzat.

Abisua gauean

Tornadoaren arriskuaz jakinarazteko mezua zabaldu zuen ostiral gauean AEBetako meteorologia zerbitzuak. «Zuen bizia babesteko, hartu babes orain!», ohartarazi zuen. «Bizi arrisku egoeran zaudete. Airean dabiltzan hondakinak hilgarriak izan daitezke babesik ez dutenentzat. Autokarabanak suntsituta geldituko dira. Litekeena da etxeek, lokalek eta ibilgailuek kalte esanguratsuak jasatea, eta posiblea da erabat hondatzea».

Meteorologia zerbitzuak adierazi du gauean gertatzen diren tornadoak direla arriskutsuenak, zailagoa delako herritarrek arrisku ohartarazpen mezuak jasotzea. Elkarteak tornadoen 24 abisu jaso ditu ostiral gauetik larunbat goizera bitartean, baina oraindik ez dakite tornado handi bakar batek eragin dituen kalte guztiak ala bat baino gehiagok zeharkatu dituzten eremu kaltetuak.

Rolling Fork landa eremuko herri txiki bat da, kotoi, arto eta soja sail zabalek inguratzen dute, baita katuarrainen ekoizpenerako urmaelek ere. Mississippiko deltan dago, AEBetako eskualde pobreenetako batean. Han, asko dira karabanetan bizi diren herritarrak eta baliabide ekonomiko urrikoak. Hori dela eta, herritar ugarik ez dute tornadoetatik babesteko leku egokirik eskura. Tornadoa igaro ostean, ehun mila etxebizitza inguru gelditu dira argindarrik gabe Mississippi, Tennessee eta Alabama estatuetan.

Ekaitz bortitzenen sasoia martxoan, apirilean eta maiatzean izaten da AEBetako hegoaldean, eta garai horretan gertatzen dira tornado gehien. Martxo hasieran, ekaitz indartsuak izan ziren inguru horretan. Hamabi lagun hil ziren, eta dozenaka mila herritar gelditu ziren argindar zerbitzurik gabe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Israelgo espetxeetan preso daudenen hainbat senide, apirilaren 24an, Gazan. ©MOHAMMED SABER / EFE

Preso palestinarrek gose greba mugagabea abiatuko dute hilaren 18an

Mikel O. Iribar

Presoen Batzordearen eskakizun nagusia da Israelek nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzea eta kartzeletako atxiloketa administratiboaren erregimena amaitzea; 4.900 presotik 1.014 daude erregimen horretan.

Gizon bat zabortegi batean lanean, Karatxin, Pakistanen. ©SHAHZAIB AKBER / EFE

AIren arabera, klima aldaketak kolokan jartzen ditu oinarrizko giza eskubideak

Maddi Iztueta Olano

Amnesty Internationalek ohartarazi du klima larrialdiak arriskuan jarriko duela gizartearen iraupena. Giza eta diru laguntzak handitu ditzatela eskatu die herrialde aberatsenei.

Ukrainako soldadu bat Donetsk inguruan, artxiboko argazki batean ©EFE

Errusiak adierazi du Ukrainaren «erasoaldi handi bat» zapuztu duela

Igor Susaeta

Moskuk nabarmendu du Ukrainako armadaren 250 bat soldadu hil dituela Donetsken. «Informazio faltsua» zabaltzea eta «operazio psikologiko bat» martxan jartzea egotzi dio Kievek Kremlini.

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...