GERRA UKRAINAN

Errusiak akordioa lortu du Bielorrusian arma nuklear taktikoak kokatzeko

Putinek nabarmendu du ez dituela urratuko arma nuklearrak ez ugaritzeko sinatuak dituen itunak.  

Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, joan den otsailean, Moskun. VLADIMIR ASTAPKOVICH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 25a
20:12
Entzun

Arma nuklear taktikoak Bielorrusian kokatu ahal izateko akordioa lortu du Errusiak. Vladimir Putin Errusiako presidenteak herrialdeko estatu telebistari adierazi dionez, hala adostu dute berak eta Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak. «Ez da ezohiko ezer. AEBek gauza bera egin dute azken hamarkadetan. Arma nuklear taktikoak hedatu dituzte aliatu dituzten herrialdeetan». Europan sei estatutan kokatu dituztela adierazi du. «Memoriak huts egiten ez badit, Alemanian, Turkian, Herbeheretan, Belgikan, Italian eta Grezian».

Putinek nabarmendu du pareko neurri bat adostu dutela Moskuk eta Minskek, «arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko betebeharrak urratu gabe», errepikatu du behin baino gehiagotan. Lehen aldia litzateke Errusiak mota horietako armak Bielorrusiara bidaltzen dituena, 1996 urtetik. Arma nuklear taktiko deitzen zaie gudu zelaian kalte mugatuak eragiteko erabiltzen direnei, hiriak osorik suntsitzeko ahalmena duten arma nuklearretatik desberdintzeko.

Akordioa zuzenean lotu du Erresuma Batuak pobretutako uraniodun armak Ukrainara bidaltzeko urratsarekin. «Era batera edo bestera, teknologia nuklearrarekin du zerikusia». Putinek aitortu du uranio pobretuko jaurtigaiak ez direla suntsipen masiboko armen artean sailkatzen, baina «arma arriskutsuenetakoa» da, ohartarazi duenez, «hauts erradioaktiboa» sortzen duelako. Ziurtatu du Jugoslavian eta Iraken minbizi kasuak biderkatu zirela arma mota hori erabili eta gero. «Errusiak mota horretako milaka, ehunka mila jaurtigai ditu. Ez ditugu sekula ere erabili orain arte».

Kremlineko buruaren esanetan, Errusiak arma nuklear taktikoak biltegiratzeko azpiegitura bat izango du eraikia Bielorrusian uztailaren 1erako. Zehaztu du Moskuk ez duela arma horien gaineko kontrola Minsken esku utziko. Putinek gaineratu du Lukaxenkok lehenagotik ere proposatu ziola arma nuklear taktikoak Bielorrusiara bidaltzeko aukera.

Errusiako armadak nuklearrak garraiatzeko gaitasuna duten hamar hegazkin ditu jada Bielorrusian, eta Bielorrusiari emanak dizkio Iskander misil taktiko sistema batzuk, arma nuklearrak jaurtitzeko erabili daitezkeenak.

Bielorrusiak muga egiten du Ukrainarekin, eta Errusiako armadak haren lurraldea erabili zuen Ukrainako inbasioaren lehen asteetan, Kiev hartzen ahalegintzeko. Mugakide ditu Polonia, Lituania eta Letonia ere, hirurak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak.

Aldaketa esanguratsua

Errusiak orain arte mantendu duen irizpidea aldatu duela nabarmendu du Nikolai Sokol Desarmerako eta Ez Ugaritzerako Vienako Zentroko ikerlariak. «Errusia beti agertu da harro ez dituelako arma nuklearrak hedatu bere mugetatik kanpo. Hori aldatu du, eta aldaketa handi bat da».

Moskuren eta Minsken arteko akordioa kritikatu du Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak. Haren iritziz, «gatazkaren gorakada» elikatzen du erabakiak.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean, 1991n, Moskuk arma nuklearrak zituen kokatuta independentzia lortu berri zuten Ukraina, Bielorrusia eta Kazakhstanen. 1992an, hiru estatu horiek eta Errusiak adostu zuten armak azken herrialde horretan kokatzea, eta prozesua 1996. urtean amaitu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.