Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak

UPNk inoizko emaitzarik apalenak izango ditu, EITB Focusen arabera

Nafarroan, Maria Txibitek aukera izango luke lehendakari izateko, baldin eta beste alderdien babesa lortuko balu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko oraingo lehendakariak karguan jarraituko du, EITB Focusen arabera
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko oraingo lehendakariak karguan jarraituko du, EITB Focusen arabera Jagoba Manterola / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Silva Rodrigo - Joxerra Senar -

2023ko martxoak 27 09:41

Bi hilabete falta dira maiatzaren 28ko hauteskundeetarako, eta EITB Focus taldeak makroinkesta baten emaitzak jakinarazi ditu. Horien arabera, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan UPNk bilduko du boz gehien. Hala ere, inoizko emaitzarik txarrenak izango ditu. 2019an, Navarra Suma koalizioan aurkeztu zen PPrekin eta Ciudadanosekin, eta 20 eserleku lortu zituzten. Aurten, botoen %23,1 lortuko lituzke UPNk, eta hamabi eserleku. PPri sei eserleku ematen dizkio inkestak, eta, lehen aldiz, Vox sartuko litzateke Nafarroako Parlamentuan, bi eserlekurekin, inkesta horren arabera.

PSNk egungo akordioei eutsiko balie, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko oraingo lehendakariak karguan jarraituko luke. Izan ere, bigarren indarra izango litzateke, botoen %18,9 eta hamar edo hamaika parlamentari lortuta. Geroa Bairi zortzi-bederatzi ematen dizkio, eta Podemos eta Ezkerraren artean hiru eserleku batuko lituzkete. EH Bilduk parlamentari bat gehiago irabaziko luke: zortzi izango lituzke.

Beste inkestek diotena

Ez da azken egunetan kaleratu den inkesta bakarra. Guztiek ere egungoaren pareko jokaleku politikoa marrazten dute: denetan, UPNk irabaziko lituzke bozak, PSN izango litzateke bigarren indarra, Geroa Bai eta EH Bildu oso gertu leudeke, koska bat beherago leudeke PP zein Ezkerra, eta Vox parlamentuan sartzeko aukera handiak daude. Dena den, inkestagilearen arabera, ñabardura interesgarriak antzeman daitezke batetik bestera.

Ikusi gehiago: Babesa handitzea, alderdi guztien helburua

Adibidez, Aztikerrek Gara egunkariarentzat egindako inkestan, eskuinak 20 eserleku lortuko lituzke ere, baina UPN ez da hainbeste jaisten —hamabost parlamentari erdietsiko lituzke—. Martxoaren 19an kaleratutako inkesta horretan, PPk hiru ordezkari izan ditzake eta Voxi bi parlamentari ematen dizkio. Aztikerrek PSNri antzeko emaitza ematen dio —hamar parlamentari eta %18ko ordezkaritza—; Geroa Bairen eta EH Bilduren artean, berriz, oso lehia estua izango dela aurreratzen du: bakoitzak botoen %16 izango lituzke eta zortzina eserleku. Zurekin koalizioari hiru eserleku ematen dizkio.

Bestelako parlamentua marrazten du Gizakerrek Noticias taldearentzat egindako inkestak: PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroa ezkerreko koalizioak batuta 32 jarlekuko gehiengoa batuko lukete, eta ez du baztertzen 33 lortzeko aukera ere. Geroa Bairen eta UPNren artean legoke azken jarlekua lortzeko lehia. Beraz, Gizakerren arabera, eskuinak bi edo hiru legebiltzarkide gal ditzake. Gizakerrek jauzi handiena EH Bilduri ematen dio (zazpitik bederatzira pasako litzateke). PSN berdin geratuko litzateke, baina bigarren indar izanda, gehiengo horren lidergoa luke. Vox kanpoan geratzen dela dioen inkesta bakarra da.

Azkenik, Sigma Dos etxeak El Mundo egunkariarentzat egindako inkestan, eskuina askoz ere indartsuago ageri da. UPNri hamazazpi-hemezortzi parlamentari ematen dizkio, PPri hiru eta Voxi bi. Haren arabera, PSN litzateke galtzaile nagusia, bederatzi parlamentari lituzkeelako; Geroa Baik zortzi-bederatzi lortzeko aukera luke eta EH Bilduri zortzi ematen dizkio.

EAJk gehiengo osoa Bizkaian

EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EITB Focusen arabera, gehiengoa indartuko luke hiru lurraldeetan. Araban, 2019an baino bi eserleku gehiago izango lituzke, botoen %31,7 eskuratuta. EH Bilduk ere igoera izango luke, eserleku bat gehiago eskuratuz; hau da, hamahiru. PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin koalizioak batzarkide bana galduko lukete.

Bizkaian, alderdi jeltzaleak eserleku bat gehiago lortuko luke. Botoen %45,4 eta 26 eserleku eskuratuta, gehiengo osoa lortuko luke. EH Bilduk beste bi batzarkide izango lituzke. PSE-EE bere horretan mantenduko litzateke, eta Elkarrekin koalizioa eta PP jaitsi egingo lirateke: Elkarrekin, seitik lau eserlekura, eta PP, bitik batera.

Gipuzkoan, EAJk eta EH Bilduk goranzko joera izango lukete, eta euren arteko aldea mantenduko litzateke. EAJk 21 eserleku lortuko lituzke, eta EH Bilduk, hemezortzi. PSE-EEk (bederatzi) eta PPk (bat) eutsi egingo liekete egungo ordezkari kopuruei. Elkarrekin koalizioak, bestalde, batzarkideen erdiak galduko lituzke: lautik bira jaitsiko litzateke, inkesta horren arabera.

Aitzitik, Aztikerren iragan asteko inkestaren arabera, EAJren eta EH Bilduren arteko aldea ez da hain handia, bereziki Gipuzkoan. Eserleku baten aldea legoke bien artean, EAJk bat galdu eta EH Bilduk bi irabaziko lituzkeelako.

Bizkaian, Aztikerrek ere EAJren nagusitasuna islatu du. Boto kopuruan igo ez arren, batzar nagusietan jarleku ba gehiago izango luke eta EH Bildu litzateke bototan igotzen den alderdi bakarra. Araban ere, EH Bildu litzateke boto kopuruan igotzen den indar bakarra, baina gainerakoek, tartean EAJk, ordezkaritzari eutsiko diote.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Andueza eta Andoni Ortuzar, artxiboko irudian ©Luis Tejido/ Efe

EAJk eta PSEk «instituzioen gobernabidea» bermatzeko akordioa itxi dute

Edurne Begiristain

Bi alderdiek jakinarazi dute itunarekin koalizio gobernuak eratzen lagunduko dutela foru aldundi eta udal guztietan.
 

Egunkaria itxi eta 20 urtera

Epailea eta epaitua, mahaiaren alde berean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Gizarte mugimendu ugarik antolatuta, ekitaldi bat egin dute Madrilen, ‘Egunkaria’-ren itxiera oroitzeko. ‘Egunkaria’-ko zuzendari ohi Martxelo Otamendirekin solasean aritu da Javier Gomez Bermudez, ‘Egunkaria’-ko auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko burua. Nabarmendu du ‘Egunkaria’-ren itxiera «bidegabea eta legez kanpokoa» izan zela.

Alzorriz eta Txibite, atzo. ©Jesus Diges / EFE

PSN prest dago Koldo Martinez babesteko Iruñeko alkatetzarako

Jon O. Urain

Ramon Alzorrizek esan du «prest» daudela «eskuinaren gobernu bat eragozteko».

Borja Corominas, Carlos Iturgaitz, Mikel Lezama eta Muriel Larrea PPko buruak, artxiboko irudian ©Javier Etxezarreta/ Efe

PPk esan du gobernuan sartzea «marra gorria» dela Eider Mendoza babesteko

Berria

Mikel Lezama PPren hautagaiak EAJri eta PSE-EEri ohartarazi die PP ez dela «makurtuko», eta botoak ez direla «doan» izango.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.