Amiantoarengatik gaixotutako langile baten osasun arazoen erantzuletzat jo dituzte Petronor eta Iberdrola

Langileari prestazioen %30eko errekargua ordaintzera zigortu ditu Bilboko Lan Arloko 1. Epaitegiak.

Asviame Amiantoaren biktimen euskal elkarteak 2019an egindako elkarretaratze bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 27a
13:11
Entzun

Bilboko Lan Arloko 1. Epaitegiak amiantoak eragindako langile baten osasun arazoen erantzuletzat jo ditu Petronor eta Iberdrola. Prestazioen %30eko errekargua ordaintzera zigortu zituen bi konpainiak 2020ko abenduan; Lemoizko zentral nuklearra, Somorrostroko findegia eta Santurtziko eta Pasaiako zentral termikoak eraikitzeko obretan amiantotik babesteko beharrezko segurtasun eta osasun neurriak ez betetzeagatik.

Bi enpresek 324.540 euroko kalte ordaina eman behar zioten ITASA azpikontratan lan egiten zuen gizonari. Baina biek aurkeztu zuten Gizarte Segurantzaren aurkako helegitea. Batetik, Petronorrek ukatu egin zuen gizon hori haientzat lanean ibili zenik; eta, bestetik, Iberdrolak argudiatu zuen ez zuela erantzukizunik. Halere, gaur bi helegite horiek bertan behera utzi ditu epaitegiak.

Asviame amiantoaren biktimen euskal elkarteak jakinarazi duenez, 2017an pleurako loditzearen diagnostikoa egin zioten langileari, eta, ondoren, mesotelioma epitelioide pleural gaizto bat aurkitu zioten. Handik urtebetera, lanbideak eragindako ezintasun iraunkor absolutua aitortu zion Gizarte Segurantzak.

Beste kasu bat

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Epaitegiak onartu du Legazpiko Patricio Echevarria enpresako langile bat amiantoagatik gaixotu zela. Halaber, gaixotasun profesionalaren ondoriozko alargun pentsioa onartu dio haren emazteari. Bidelagun fundazioak eta ELA sindikatuak adierazi dutenez, biriketako kartzinoma mikrokritikoa zuen, birikako gaixotasun neoplasikoaren ondorioz garatutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.