Hezkuntza

Jaurlaritzak hezkuntzako 1.800 profesional trebatuko ditu suizidioaren prebentzioan

Jokabide suizidak «hautemateko» prestatu nahi dituzte eskolak, beharrezkoa denean «esku hartzeko» eta «prebentzioan» ere urratsak egiteko.

arantxa iraola
2023ko martxoaren 27a
14:30
Entzun

Aste osoan hezkuntzako 1.800 profesional inguru trebatuko ditu Jaurlaritzak suizidioaren inguruan. Barakaldon egingo dute, BECen. Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Helduen Hezkuntzako profesionalak izango dira; 900 ikastetxetako ordezkariak. Gaur izan da lehen saioa. Parte hartzaileek zortzi orduko formakuntza jasoko dute.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailek estrategia bateratu bat aurkeztu zuten iaz, suizidioaren gaiari erreparatzeko, arazoaren inguruan aurrez hasitako lanketa baten ondorio gisa, eta, hain zuzen ere, horren emaitzetako bat da irakasleak trebatzeko egitasmoa.

Suizidioa osasun publikoko arazo bat den heinean, Eusko Jaurlaritzaren osasun eta hezkuntza arduradunek aparteko kezka dute gai horrekin. Faktore askok bultza dezakete norbait bere buruaz beste egitera, prebentzioak «sektore askoko» hurbilketa eskatzen du, eta uste dute hezkuntza sektoreari ere «bete-betean» dagokiola arlo horretan eragitea.

Jokabide suizidak «hautemateko» prestatu nahi dituzte eskolak, beharrezkoa denean «esku hartzeko»; «prebentzioan» aurrera egitea ere bada helburua. Hezkuntza Saileko iturriek nabarmendu dute irakasleek ez ezik eskoletako ikuskariek eta Berritzeguneetako bizikidetza aholkulariek ere jaso dutela trebakuntza berezia.

Lehendik urratutako bidea

Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosa Barakaldon izan da gaur. Esan du aspalditik ari direla lanean ikasleen «ongizate emozionalari» erreparatzeko kezkak bultzatuta, eta Hezkuntza Sailak hainbat ahalegin egin dituela lehendik ere bide horretan, Bizikasi egitasmoaren bidez. «Egitasmoa martxan jarri genuenetik sustatu nahi izan dugu ikastetxeak bizikidetza positiboko eta zero tolerantziako gune seguruak izatea», azaldu du. 2017tik ari dira egitasmo horretan.

«Bizitza osorako trebetasun sozioemozionalak» eman nahi zaizkie ikasleei, eta aparteko arreta jarri nahi dute «babes faktoreetan». Hala nola erregulazio emozionalari, arazoei aurre egiteko trebetasunei, erabakiak hartzeko erremintei, bizikidetza positiboari eta eskola jazarpenaren aurkako prebentzioari erreparatzen diete.

Aparteko kezka

COVID-19aren izurria eta konfinamendu neurriek buruko osasunean eragindako arazoak direla medio, suizidioen eta suizidio ahaleginen igoerari buruzko goiburuak ugariak dira, eta hainbat profesionalek eta erakundek erakutsi dute kezka horren harira.

INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, 2021ean 207 pertsonak egin zuten beren buruaz beste Hego Euskal Herrian; 2020an, 223 izan ziren. 2019an baino gehiago izan ziren, baina ez inoizko gehien. 2017an, adibidez, gehiago izan ziren: 230. Eta aurreko urteetan ere badira antzeko datuak.

Halaber, hilabeteotan kezka zabaldu da nerabeen eta gazteen suizidioek izan duten igoeraren inguruan ere. Datuei begiratuta, horra zer ikus daitekeen arlo horretan: INEren arabera, 2021ean 15 eta 29 urte arteko 24 gaztek egin zuten beren buruaz beste; 2020an, hamahiru izan ziren; 2019an, berriz, hemeretzi.

Hilabete honetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzak iazko datuaren berri eman du: 184 suizidio izan zirela esan du, eta oso datu kezkagarria dela. Suizidio ahaleginak, gainerako edade taldeekin alderatuta, «gehiago» izan ziren gazteenen artean, eta horren inguruko kezka ere adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.