Eskoletan suizidioaren gaia ikusteko «betaurrekoekin» plan bat egin du Jaurlaritzak

Hezkuntza eta Osasun sailek elkarrekin ondu dute estrategia. Ikasturte honetan bertan hasiko dira irakasleak trebatzen. Prebentzioa izango da xedeetako bat

Lucia Torrealdai, Begoña Pedrosa eta Jose Antonio de la Rica, atzo, Bilbon, plana aurkezten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
arantxa iraola
2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Osasun Sailak eskoletan suizidioaren gaia lantzeko plan bat atondu dute. Atzo egin zuten aurkezpena. 2019an abiatu zuen Jaurlaritzak suizidioaren gaiari era zabal batean erreparatzeko estrategia, eta bide horretan urrats bat gehiago egin nahi dute aurrera orain, gaia eskoletara ere eramanda. Gogorarazi zuten izurriaren harira eskoletan ikasleen «ongizate emozionala» aintzat hartzeko urratsak ere egin direla, eta lanerako «esparru» hori ere aintzat hartuta landu dutela plana. «Mimo handiz egindako lana izan da», nabarmendu zuen Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak. Ondoan izan zituen Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendari Lucia Torrealdai eta Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendari Jose Antonio de la Rica. Azaldu zuten lanari atxikita ikasturte honen bigarren hiruhilekoan bertan hezkuntzako profesionalak suizidioaren arloko trebakuntza jasotzen hasiko direla. «Betaurrekoak» eman nahi dizkiete denei, gaia ikusten ikasteko.

Plana Osasun eta Hezkuntza sailen arteko «elkarlanaren» fruitua dela nabarmendu zuten, eta EHUko eta Osakidetzako hainbat adituk ere parte hartu dutela. Horren bidez «sistematizatu» egin nahi dute eskoletan suizidioarekin lotutako egoerak agertzen direnean nork eta nola jokatu behar duen. Bide batez, eskola bera gaiaz mintzatu ahal izateko gune bat izatea nahi dute.

«Tutoretza» orduak

«Tutoretza orduak, adibidez, egokiak izan daitezke gai horiez hitz egiteko. Hori da prebentzioa», azaldu zuen Pedrosak. Gaia hizpide izatea nahi dute «egunean eguneko martxako» guneetan: «Naturala izan behar du». Aurrerago, bereziki nerabeei begira, «berdinen arteko laguntza» ere sustatuko dute, «balio erantsia» ekar dezakeelakoan. Ikasleak ere trebatu egin nahi dituzte horretarako, baina oraindik zehaztu gabe dute nola egingo duten. Bide beretik, curriculumerako materialak ere garatu nahi dituzte gaia landu ahal izateko.

Esan zuten «sinergiak» oso garrantzitsuak direla plana taxuz garatze aldera. Gogorarazi zuten eskoletan bizikidetza «positiboa» sustatzeko lan ildoak martxan direla, eta horien barruan «ahaldundu» behar dela orain hezkuntza komunitatea suizidioaren inguruan ere. «Horretarako, beharrezkoa da gure ikasleei leku seguruak eskaintzea eta interakzio positiboak bermatzea, aukera izan dezaten ikastetxeko parte sentitzeko», azaldu zuen Pedrosak. «Ikasleek entzunak sentitu behar dute, eta ikusi behar dute irakasleak gai direla zenbait egoera irakurtzeko». Bizikasi programa norabide horretan martxan dela gogorarazi zuten, eta horren barruan irakasleei «estrategia» gehiago ematea dela orain asmoa.

De La Ricak gogora ekarri zuen «osasun publikoko arazo nagusienetarikoa» dela egun suizidioa. Estatu osoan, hamar izaten dira egunean. EAEn, bi egunean behin bat gertatzen da. «Datu horien atzean pertsonak daude».

Lau mailatan

Torrealdaik azaldu du planak, besteak beste, prebentziorako gakoak eman nahi dituela. «Irakasleek identifika ditzaten arriskuan diren ikasleak». Bigarren maila batean, horiei laguntzeko gakoak ere eman nahi ditu: «Halakoetan zer egin, zer ez egin». Hirugarren maila batean, irizpideak eman nahi ditu jada suizidio saioren bat egin duten ikasleei laguntzeko. Suizidioaren ondoriozko heriotza gertatzen denean dolu hori hezkuntza komunitate osoarekin batera partekatzeko irizpideak ere eman nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.