Erretreten erreforma

Elkarrizketara deituta gainditu nahi du Macronek bere bakardadea

Sindikatuek erretretaren erreformaren aurkako hamargarren protesta egunera deitu dute gaurko.

Grebalariak Louvre museoaren aurrealdean, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 27a
16:11
Entzun

Erretretaren erreformarekin piztu duen sutea itzali nahi du Frantziako Gobernuak. Su horri gasolina bota zion joan den astean, erreforma parlamentuaren botorik gabe onartzeak manifestazioak hauspotu baitzituen, haserreak ordura arte oso bakan ikusitako istiluak areagotu baitzituen eta berriro piztu baitzen Poliziaren erantzun bortitzari buruzko polemika.

Giroa baretu, bere bakardadetik atera eta ekimen politikoa berreskuratu nahian, Emmanuel Macron presidenteak bi enkargu eman dizkio Elisabeth Borne lehen ministroari. Alderdi politikoekin bilera sorta bat egitea nahi du, geratzen den lau urteko legealdian zenbait gairen inguruan gehiengoak sortu ahal izateko.

Sindikatuekin ere batzartzeko agindua jaso du Bornek, baina ez erretretaren erreformari buruz hitz egiteko, gai hori itxitzat jotzen baitu zentsura mozioak ozta-ozta gainditu ondoren. Gobernuak enpleguari buruz hitz egin nahi du sindikatuekin, baina horiek, ordea, ez dute pentsioen gaia alboan utzi nahi, eta erreformaren aurkako hamargarren protesta egunera deitu dute gaurko.

«Pentsioei buruzko legea gibelean utzi dugu», esan du gaur Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak BFMTV telebistan. Antzeko mezuak hedatu dituzte gobernuko beste kideek, joan den asteazkenean Macronek esan zuenetik ez zuela inolako asmorik amore emateko. «Sindikatuekin elkartu behar dugu berriro, eta oinarrizko aferez mintzatu», hala nola «erosteko ahalmenari eta zerbitzu publikoei buruz», ziurtatu du Stanislas Guerini Funtzio Publikoko ministroak.

49.3 artikulua, alde batera

Alderdiei eta sindikatuei promes egin zien Bornek asteburuan: ez du berriro erabiliko Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua, zeinak aukera ematen baitu legegai bat botorik gabe onartzeko. Salbuespen bat aipatu du, halere: aurrekontuekin estuki lotutako kontu bat izatea. Hau da, aurrerantzean, legegai bat baldin badago, negoziatutakoa izango da.

Bornek gaur zortzi hasiko ditu elkarrizketak alderdi politikoekin, baina nekez lortuko du erantzun positiborik. Erretretaren erreformak are gehiago okertu du frantziar gehienek Macroni buruz duen iritzi txarra, eta oposizioak etekin politikoa atera nahi dio presidentearen ahuleziari. Azken orduetan kaleratu diren inkestetan, Nupes ezkerreko koalizioak eta RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak gora egin dute nabarmen, Macronen koalizio zentristaren kaltetan.

Sindikatuak, berriz, ez daude amore emateko. Komeni zaie protesta bizirik atxikitzea, hartara presioa egin baitiezaiokete Kontseilu Konstituzionalari, erretretaren erreforma aztertzen ari denez gero. Organo horrek lau aste ditu ebazpen bat kaleratzeko eta, bereziki, erabakitzeko gobernuak konstituzioa urratu ote zuen erreformaren eztabaida bizkortzeko parlamentuan erabilitako tresnekin.

Edonola ere, giroa baretzeko intentzioa nabari zaio Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiari. Frantziako sindikatuetan handiena da CFDT, baina baita gizarte elkarrizketaren aldekoena ere, eta ez dago eroso azken astean hedatu den indarkeriarekin. Asteburuan, Bergerrek eskatu du erreforma sei hilabetez geratzeko, eta tarte horretan Gizarte Segurantzaren defizita gutxitzeko beste tresna batzuk negoziatzeko.

CGTren kongresua

Gaurko protesta egunak beste zeregin batzuetan harrapatu du sindikatuen artean bigarrena, CGT: kongresu konfederala hasi du Clermont-Ferrandeko aldirietan, Phillippe Martinez idazkari nagusiaren ordezkoa hautatzeko.

Martinezek Marie Buissonen hautagaitza sustatu du, baina ez dago hain garbi batzarkideen babesa jasoko ote duen. Beste hautagai bat badago, Olivier Mateu, eta azkenaldian gogor kritikatu du Martinezen taldearen norabidea. Mateuren arabera, CGT epelegi jokatzen ari da, pentsioen erreformaren aurkako mugimenduan CFDTrekin eskuz esku joatearen truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.