Enpresak

Eusko Jaurlaritzak 27 enpresari lagundu zien iaz arrisku kapitaleko funtsen bidez

Gaur egun, 102 enpresatan parte hartzen du. Haien kapitalean sartzeaz gain, maileguen bitartez ere laguntzen die.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko saileko ordezkariak, gaur, Zamudion (Bizkaia). ARITZ LOIOLA/FOKU
aitor biain
2023ko martxoaren 27a
16:23
Entzun

Euskal enpresei finantzaketan eta garapenean laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak 32 inbertsio egin zituen iaz, arrisku kapitaleko funtsen bitartez. Guztira, 80 milioi euroko balioa izan zuten operazio horiek, eta 27 enpresari lagundu zien, haien kapitalean sartuta edota maileguak erraztuta. Hazkunde betean dauden edo sortu berriak diren enpresa txiki eta ertainak dira gehienak, biozientzien eta energia berriztagarrien sektorekoak batez ere.

Jaurlaritzaren industria politikarako tresna bat dira arrisku kapitaleko funtsak, estrategikoak diren enpresen errotzea bermatzea helburu duen Finkatuz funtsa bezala, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu duenez. «Gure industria bultzatzea eta sustatzea, hobetzea eta modernizatzea, eta errotzea dituzte helburu».

Duela 40 urte eratu zituzten funtsok, «zaharkituta» zegoen industriari bultzada bat emateko asmoz, eta, urte horietan guztietan, bostehun enpresari lagundu diete guztira. Gaur egun, 102 enpresatan parte hartzen du Jaurlaritzak. Horien artean daude, besteak beste, Arteche, Alfa, Basquevolt, Sherpa eta Nuuk.

Aktiboki lanean
Enpresa eta proiektu guztiak aztertzen dituzte, baina bereziki jomugan dituzte teknologikoki balio handia dutenak eta ekintzailetasuna sustatzen dutenak. «Beti lehenetsiko ditugu berritzaileagoak, nazioartekotzea helburu dutenak edota hazkunde potentzial handiagoa dutenak», esan du Tapiak.

Edonola ere, jabetzaren zati txiki bat baino ez du eskuratzen Jaurlaritzak, eta epe jakin baterako betiere. «Ez daukagu betiko geratzeko bokaziorik; horretarako, beste tresna batzuk daude». Halako inbertsioek zazpi urte irauten dute batez beste, nahiz eta badauden gehiago irauten dutenak ere. Enpresaren bilakaerak eta sektorearen egoerak baldintzatzen dute hori.

Funts berri bat
Sei funts kudeatzen ditu Jaurlaritzak egun; SPRI agentziaren menpe daude guztiak, eta CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak gainbegiratzen ditu. Enpresetan inbertsioak eginda, Jaurlaritzak haien bidelagun izan nahi du, luzera begirako finantzaketa eta egonkortasuna bermatzeko. Ez du diru kopuru jakinik gordea horretarako: beharren arabera zehazten dute inbertsioen zenbatekoa.

Zuzeneko inbertsioak egiten ditu enpresen kapitala eskuratuta, eta baita zeharkako esku hartzeak ere, beste funts batzuekin elkarlanean edota maileguak erraztuta. Tapiak azaldu duenez, Jaurlaritza «aktiboki» ari da lan hori egiten, eskaeren zain egon gabe.

Hain zuzen ere, berriki funts bat sortu du, goi mailako teknologiako proiektuak finantzatzeko: Basque Tek Ventures. BRTA Basque Research and Technology Alliance partzuergoa osatzen duten zentro teknologikoetan sortutako proiektuei zuzenduta dago, enpresa ideia berriak merkaturatzen laguntzea izango baitu helburu batez ere. Tapiak azaldu duenez, start-up teknologiko berriei lagunduko die, esaterako, ideia baten edo proiektu baten garapenetik patente bat lortzerainoko bidea egiten.

«Eroso gaude Artechen»
Eusko Jaurlaritzak argi adierazi du gaur-gaurkoz ez duela asmorik Arteche enpresan duen parte hartzea saltzeko. «Eroso gaude Artechen», nabarmendu du Zigor Urkiaga Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak.

2015ean eskuratu zuen Bizkaiko enpresaren kapitalaren zati bat, arrisku kapitaleko funtsen bitartez. «Egoera konplikatuan» zegoen Arteche orduan, krisiak erabat jota, eta, egoerari buelta emateko asmoz, enpresaren %6 pasatxoren jabe egin zen Jaurlaritza, bost milioi euro inbertituta.

Haren egoera nabarmen aldatu da orain, ordea, enpresa hazkunde betean baita. Burtsara ere atera zen duela bi urte, eta haren akzioek orduan «halako bi baino gehiago» balio dute orain. Tapiak azaldu duenez, «pozik eta harro» daude enpresaren bilakaera onbideratzen lagundu dutelako. Eta nabarmendu du «bazkide fidagarria» dela Jaurlaritza.

Nolanahi ere, ez du baztertu partaidetza Finkatuz funtsaren bitartez izatea aurrerantzean. «Trantsizio idilikoa» litzateke hori Jaurlaritzarentzat, enpresak ez baitu garapenerako laguntzarik behar jada, eta gobernuak kapitalaren jabe izatearen xedea ere beste bat litzatekeelako. Artechek transformagailu eta gailu elektrikoak ekoizten ditu, eta 2.000 langile ditu munduan; horietatik 600, Mungiako eta Gasteizko plantetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.