Albistea entzun

ESKOZIA

Yousaf SNPko lider berria Eskoziako lehen ministro aukeratu dute

Adierazi du SNPk egindako «promesei» eutsiko diela, eta «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen.

Humza Yousaf, atzo.
Humza Yousaf, atzo. EFE

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 28

Behin alderdi barruko primarioak irabazita, Humza Yousaf SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruzagi izendatu zuten, atzo, eta gaur Eskoziako lehen ministro aukeratu dute, espero bezala harena izan baita gehien bozkaturiko hautagaitza. Ondoren, hitza hartu du parlamentuan, eta nabarmendu «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen. Izan ere, iruditzen zaio Eskoziak modu «eraginkorragoan» erantzun ahal izango diela esku artean dituen «lehentasunei», independentea baldin bada. Nicola Sturgeon ordezkatu du bi karguetan, eta hark bere agendan jasoak zituenak betetzeko asmoa agertu du Yousafek. Charles III. Erresuma Batuko erregeak izendatuko du formalki.

Eskoziako Parlamentuan egindako bozketan Yousafen alde egin dute SNPko 64 diputatuek eta Berdeen zazpiek: 71 boto. Bi alderdiek bat eginda gehiengoa dutenez —128 aulki ditu ganberak—, argi zegoen haren hautagaitza nagusituko zela. Halere, ordezkaritza duten beste alderdiek ere beren hautagaiak aurkeztu dituzte lehen ministro izateko. Hala, Alderdi Kontserbadoreko Douglas Rossek 31 boto bildu ditu; Laboristen Anas Sarwarrek 22; eta Liberal Demokraten Alex Cole-Hamiltonek lau.

Ikusi gehiago: SNP, «sekulako anabasa»

Bere hautagaitza aurkezteko hitzaldia eman duenean, Sarwarrek esan dio Yousafi hauteskundeetara dei dezala, iritzita ez duela jaso herrialdea zuzentzeko agindurik. Kontuak kontu, 37 urteko Yousaf da Eskoziako zortzigarren lehen ministroa. SNP zuzentzen duen lehen musulmana da, eta, hain zuzen, gaur azpimarratu du bera dela Mendebaldeko demokrazia bat gidatuko duen lehen musulmana.

Eta esan duenez, SNPk azkeneko urteotan egindako «promesei» eutsi nahi die. Aintzat hartu behar da primarioetan bera zela Sturgeonengandik gertuen zegoen hautagaia; hau da, alderdiaren ildo ofiziala ordezkatzen duela. Ildo horrek, baina, berri txarrak jaso ditu azkeneko hilabeteotan. Joan den azaroan, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Eskoziak ezin duela independentzia erreferendumik egin Londresen baimenik gabe. Eta aurtengo urtarrilean, bestalde, Erresuma Batuko Gobernuak bertan behera utzi zuen Eskoziako Parlamentuak onartutako trans legearen proiektua, argudiatuta Erresuma Batuko legediarekin talka egiten duela. Horiek horrela, 2014az geroztik lehen ministro izandakoak, Sturgeonek, dimisioa eman zuen otsailean.

Ikusi gehiago: Humza Yousaf aukeratu dute SNPko buruzagi

«Ahots aurrerakoia»

Herrialde «justuago bat eta aberatsago bat» nahi duela adierazi du Yousafek, eta lehentasun izango du haurrak pobreziatik babestea. «Beti borrokatuko naiz pertsonen eskubideen alde», esan du parlamentuan. Bide batez, Sturgeonen «nazioarteko profila» goraipatu du, eta konpromisoa hartu du Eskoziak jarrai dezan izaten «ahots aurrerakoi bat» nazioarteko agertokian. «Ahal den neurria» elkarrekin lan egitera deitu ditu oposizioko alderdiak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. ©Quique Garcia, EFE

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Gorka Berasategi Otamendi

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

 ©CENTRE DELAS

«Ez dute nahi Errusia politikoki kaos bat izatea»

Igor Susaeta

Iruditzen zaio AEBen nahia ez dela Moskuk militarki galtzea, baizik eta hura higatzea. Ohartarazi du gastu militarra handitzea gerrarako dei bat dela, eta NATOk horretarako prestatzea lehenesten duela.
Pertsona batzuk gaur Kieven, Errusiaren erasoaren ondorioz hildako zibiletako baten gorpuaren inguruan ©EFE

Hiru zibil hil dira Kieven, Errusiaren bonbardaketa baten ondorioz

Igor Susaeta

Aireko defentsa sistema gehiago eskatu dizkio Zelenskik Mendebaldeari. Moskuren arabera, Kiev Errusiako Belgorod eskualdeari eraso egiten ari da.

Hainbat pertsona AEBak eta Mexiko banatzen ditun hesiaren ondoan, zain. / ©Etienne Laurent, EFE

Virginiako gobernadoreak militarrak bidali ditu Mexikoko mugara

Arantxa Elizegi Egilegor

Texasko Gobernuak eskatu die buruzagi errepublikanoei bidal ditzatela guardia nazionalak AEBetako hegoaldeko mugara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...