Autogintza

Landabenen Poloak egiteari utziko dio VWek, elektrikoranzko obrek behartuta

Zuzendaritzak iragarri du 2025etik aurrera produkzioa erdira jaitsi beharko dela, urte eta erdiz. Sindikatuek «kezka» azaldu dute trantsizioak eragingo dituen ondorioen inguruan.

Volkswagenen fabrika  Iruñean. JESUS DIGES  / EFE
joxerra senar
2023ko martxoaren 28a
18:11
Entzun

Berrogei urte igaro eta gero, Landabenek Polo modeloko autoak egiteari utziko dio datorren urtean. Fabrika barruan auto elektrikoa ekoizteko obren hasierak eragotzi egingo du egungo hiru modeloak ekoiztea. VWek erabaki du Taigo eta TCross autoak egiten jarraituko duela.

Sinbolikoki, Poloak garrantzi handia izan du Iruñeko fabrikaren historian, baina gaur egun fabrikan ekoizten diren hamar ibilgailutik bat besterik ez da Poloak. Horrez gain, 2025etik aurrera eta urte erdiz, produkzioa erdira jaitsi daitekeela ohartarazi du enpresak.

Zuzendaritzak informazio bilera batera deitu zituen atzo sindikatuak, eta ondorengo hiru urteetarako trantsizio epe gorabeheratsuaren nondik norako batzuk aurreratu zizkien. Duela hilabete, Alfredo Morales langileen batzordeko presidenteak (UGT) ohartarazi zuen auto elektrikora egokitzeko bidea «basamortuko zeharkaldia» izango zela, baina, zuzendaritzak datuak mahai gainean jarri dituenean, «kezkatuta» azaldu da UGT, gainerako sindikatuekin batera.

Izan ere, auto elektrikoaz gain, Europako Batasunak indarrean jarri asmo duen Euro 7 araudiak errekuntza motorren produkzioan ere eragingo duela aurreratu die VWek sindikatuei. Europako Batzordeak araudia onartzeko badu ere, ibilgailuen kutsadura gutxitzeko baldintzak ezarriko ditu, eta, inbertsio gehiago eskatzeaz gain, aldaketek produkzioa baldintzatuko dute.

Poloa, Hego Afrikara

Elektrikoak eragingo du aldaketarik handiena. Lanak 2024an hasiko dira —ez dute azaldu zehazki noiz—. Horrek eragina izango du txapa lantokiko instalazioetan, eta, zuzendaritzaren arabera, ezinezkoa izango da hiru modelo egiten jarraitzea. Ondorioz, Iruñean Poloak egiteari utziko zaio, eta modelo horren ekoizpenaren ardura nagusia Hego Afrikako fabrikak hartuko du.

Gainera, hornitzaileekin dituzten kontratuen ondorioz, ezin dute ziurtatu bost egunez T Cross eta Taigo autoen ekoizpena ziurtatzeko osagaiak izatea, eta horrek lanaldi eta produkzio murrizketak eragingo dituela azaldu die zuzendaritzak sindikatuei.

Arazoa areagotu egingo da 2025etik aurrera. Zuzendaritzak langileen batzordeari ohartarazi dionez, litekeena da lan zama erdira jaistea urte eta erdiz. Hala, aurten 295.000 auto ekoiztea aurreikusita dago, eta baliteke 2025ean erdira jaistea: 150.000 auto inguru egingo lirateke.

Dena den, VWek esan du hori erreferentziazko datu bat baino ez dela, eta egoeraren arabera aldatu egin daitekeela, «gorantz edo beherantz». Hain zuzen ere, orduan espero du Euro 7 araudiak eragitea. Dena den, enpresak aitortu du Bruselak onartzen dituen «baldintzen arabera aldaketak handiagoak edo txikiagoak» izango direla. «Bigarren seihilekoan, baliteke produkzioa amiltzea», esan die sindikatuei.

2027an amaituko da

2026aren erdialdetik aurrera produkzioak gorantz egitea espero du, eta urtean 200.000 auto ekoiztea. 2027rako bukatua egon behar luke trantsizio horrek. Urte horretan, gaur egungo produkzio bolumena berreskuratuko luke fabrikak. VWek azaldu du euren asmoa dela Iruñean 2027tik aurrera bi modelo elektriko (Skoda eta VW markakoak) eta errekuntza motorren beste bi modelo egitea. Gainera, aurreratu du auto elektriko bat egiteko «30 edo 45 minutu gehiago» beharko direla, eta, ondorioz, litekeena da lanpostu gehiago behar izatea, baldin eta produkzioari eusten bazaio.

Informazio bilkura horrekin, VWek trantsizioko baldintzen inguruko negoziazioari ekin dio. Zuzendaritzak eta langile batzordeak ondorio horien inguruan hitz egin beharko dute aurrerantzean. Zuzendaritzak nabarmendu du auto elektrikora egokitzeak langileei «prestakuntza handia» eskatuko diela. Sindikatuek azaldu dute ez duela lanpostu soberakinez hitz egin.

Sindikatuen erreakzioa

UGT «harrituta eta asaldatuta» agertu da emandako datuekin. Negoziazioari begira, adierazi du euren lehentasuna izango dela etorkizunean oraingo enplegu kopurua eta produkzioa handitzea: «350.000 autoko gehienezko ekoizpen ahalmena lortu ahal izatea merezi dugu. Hori da etorkizuna VW Nafarroarentzat eta haren hornitzaileentzat».

ELAk kezka azaldu du produkzioa espero baino gehiago apalduko delako. Dena den, hiru urteak amaituta, lasaitasuna zabaldu nahi izan du, auto elektriko bat egiteko egun baino langile gehiago beharko direlako. Gainera, bateriak muntatzeko eraikiko den instalazioak lanpostu gehiago sor ditzake —400-500 izan daitezke—.

CCOOk esan du trantsizio epea «ahalik eta leunena» izatea lortu nahi duela. «Enpleguari eutsi behar diogu, eta lortu behar dugu baterien zeldak muntatzeko planta sortzea».

LABek informazio gehiago eskatu du trantsizioaren baldintzak negoziatzen hasi aurretik. Poloa ekoizteari uztea eta produkziorako txandak hirutik bira jaistea «enpresaren erabakia» dela gaitzetsi du. Luzera begira auto bakoitzeko langile gehiago behar izatea albiste ona dela deritzo LABek, baina ohartarazi du produkzioaren araberakoa izango dela hori.­

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.