Katalunia

Ponsati aske utzi dute, eta Bruselara itzuli da

Goreneko epaileak apirilaren 24rako deitu du Ponsati, desobedientzia delitu batengatik auzipetzeko. Bost urtez erbestean egon ostean, eurodiputatua herenegun itzuli zen Bartzelonara.

Clara Ponsati kontseilari ohia, atzo, Bartzelonan, ke geratu ostean. QUIQUE GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 29a
11:19
Entzun

Ezustean eta egun argiz itzuli zen Clara Ponsati kontseilari ohia Bartzelonara. Europako Parlamentuko diputatua da gaur egun, eta immunitatea du, baina Espainiako Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko agindua emana du, desobedientzia leporatuta. Ondorioz, Kataluniako hiriburuan bere bidaiari buruzko azalpenak emateko agerraldia egin ostean, atzeman egin zuten mossoek. RAC1 irratiak jakinarazi duenez, ordea, Bruselara itzuli zen atzo goizean, Europako Parlamentuko osoko saioan parte hartu ahal izateko. Europarlamentariak babes eske formal bat egin dio ganberari.

Ikusi gehiago:Analisia, Gorka Berasategi Otamendi: 'Puigdemonti bidea egiteko pausoa'

Ponsati herenegun gauean utzi zuten aske, epailearen aurrean deklaratu ostean. Kontseilari ohiaren aurkako auzia daraman epaileak, Pablo Llarenak, apirilaren 24rako deitu du Ponsati, desobedientzia delitu batengatik auzipetua dagoela jakinarazteko. Bide batez, epaileak indargabetu egin du buruzagi independentista atxilotzeko agindua. Horrez gain, ebatzi du Ponsatik bizileku bat eta telefono bat jakinarazi beharko dituela une oro non dagoen jakin ahal izateko, eta ohartarazi dio atxilotua izan daitekeela deklaratzera deitzen diotenean joaten ez bada. Politikari independentistak aurreratu du ez dela auzitegian aurkeztuko.

JxC Junts per Catalunya alderdiko eurodiputatuak argi zuen herenegun atxilotua izan zitekeela, eta hala jakinarazi zuen Bartzelonan eginiko prentsaurrekoan. «Atxilotzen banaute, ikusiko dugu nola erreakzionatuko dugun. Deklarazioa hartzeko atxiloketa litzateke, ez ni kartzelan sartzeko», esan zuen Kataluniako Kazetarien Elkargoan egindako agerraldian. Iragarri zuen ez zela bere asmoa Espainiako Estatuarekin akordio bat egitea, hari «aurre egitea» baizik, erbestera joan zenean egin zuen moduan. Une oro kontseilari ohiarekin egon zen Gonzalo Boye abokatua, eta, hark adierazi zuenez, atzokoa ez zen «inprobisazioa» izan.

Babes eskaria

Europako Parlamentuan hasiak dira aztertzen Ponsatiren atxilotzearen ondorio juridikoak, diputatuak babesa ostean, parlamentuko kide izanik immunitatea baitu. Hala, kontseilari ohiak bere atxilotzearen berri eman zion herenegun parlamentuari, eta babesa eskatu zion formalki.

Gainontzeko diputatuei ere eman zien Ponsatik atxilotzearen berri, eta zenbaitek elkartasuna helarazi zioten: besteak beste, European Free Alliance taldeak, Esloveniako Milan Brglez eta Irlandako Clare Daly ordezkari sozialistek, Fabio Massimo Castaldo Italiako 5 Izar Mugimendukoak, Stelios Kouloglou Greziako parlamentari eta GUE/NGL taldeko kideak eta Francois Alfonsi Korsikako eurodiputatu berdeak. Atxiloketa eraso onartezina dela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.