Industria

Baikor dago euskal industria, ziurgabetasunak hor jarraitzen duen arren

Aurreikuspenak onak dira sektore guztietan hurrengo sei hilabeteetarako: eskaera zorroa handitzea espero dute gehienek. Kostuen garestitzea da kezka nagusia.

Eusko Jaurlaritzako eta klusterretako ordezkariak gaur goizeko bileran, Miñaon. IREKIA
aitor biain
2023ko martxoaren 29a
15:13
Entzun

Garairik zailenak atzean utzita, euskal industria baikor dago epe laburrera begira. Aurreikuspen onak dituzte sektore guztiek hurrengo sei hilabeteetarako, eta iazko emaitzak hobetzea espero dute gehienek. Hala ere, egoera onbideratu dela ematen duen arren, ohartarazi dute ziurgabetasunak hor jarraitzen duela oraindik: prezioen garestitzea da kezka nagusia enpresentzat orain.

Bilera egin dute goizean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kluster guztiek Arabako Teknologia Parkean, Miñaon, eta ondorio bateratu hori jakinarazi dute. Bi urtean behin elkartzen da Industria Abagunearen Behatokia, industria sektorearen adierazleak aztertu eta epe laburrerako argazki bat osatzeko. Gaurko bileran, bereziki aztergai izan dituzte Europako funtsak, enplegu datuak eta kanpoko inbertsioak.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburuak bilkura hasi aurretik hitz egin du, eta euskal industriak garai zailei aurre egiteko izan duen gaitasuna nabarmendu du. Baina ohartarazi du «ziurgabetasuna eta egonezina» eragin duten gertakari asko izan direla azken hilabeteetan —COVID-19aren izurria, Ukrainako gerra, energia krisia eta prezioen igoera, besteak beste—, eta enpresak horien ondorioak nozitzen ari direla oraindik.

Hala ere, aurreikuspenak onak direla esan du: «Lehengaien prezioa garestitu izanak marjinak txikitu arren, eta logistika ere erabat errekuperatu gabe dagoen arren, datuak positiboak dira». Nabarmendu du enpresek inbertsioak egiten jarraitzen dutela, eta «apustu sendoa» egiten ari direla ikerketa eta garapenaren alde. «Horrek esan nahi du ziurgabetasuna egon arren enpresek erabat barneratuta daukatela eraldaketa, eta etorkizunean ere lehiakorrak izateko urratsak egiten ari direla». Edonola ere, «malgu» jokatzeko eskatu du, «oraindik bide luzea geratzen delako».

Eskaera zorroa, sendo

Aztergai izaten dituzten adierazle guztien joera ona dela nabarmendu dute sektoreetako ordezkariek. Eskaera zorroa handitzea espero dute gehienek, eta kanpo merkataritzako orain arteko datu onak berrestea edo hobetzea. Enpleguaren arloan ere inork ez du espero okerrera egitea. Espero dute, halaber, digitalizazioa eta deskarbonizazioa ikerketa eta garapenerako inbertsioen akuilu izatea.

Energiaren sektorean, urte ona izan zen iazkoa, eta aurtengoa ere hala izatea espero dute. Jose Ignacio Hormaetxe energia klusterreko buruak azpimarratu du espresen eskaera zorroa handia dela, «azken urtetako handienetakoa», baina aitortu du ziurgabetasuna handia dela oraindik, eta lehengaien garestitzeak eragina izan duela enpresen emaitzetan. «Gure sektoreko enpresak mundu osoan ari dira lehiatzen, eta merkatu guztietan gainera. Hori da albisterik onena». Hormaetxek begi onez hartu du, halaber, teknologia garbiak bultzatzeko Europako azken plana: «Asmo oneko plana da; orain, hori gauzatu egin beharko da».

Elikaduraren sektorean, berriz, ziurgabetasuna handia da oraindik Jon Ander Egaña klusterreko zuzendariak adierazi duenez. Ekoizpen kostuak asko igo zaizkie enpresei, eta, prezioen igoeraren ondorioz fakturazioa handitu badute ere, marjinak ez dira neurri berean hazi. Hori da, hain zuzen ere, sektorearen kezka nagusia oraintxe. «Oreka bilatu behar da enpresen lehiakortasunaren kontsumitzailearen artean», esan du Egañak. Kontsumitzaileen ohitura aldaketak ere arduratzen du sektorea, baita klima aldaketak ere, klusterreko zuzendariaren hitzetan. «Eragin handia izan dezakete, eta kontuan hartu behar ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.