Hezkuntza
«Hezkuntza sistema sozialista» aldarrikatu dute Ikasle Abertzaleek Hego Euskal Herrian
Ikasleek salatu dute hezkuntza sistema «enpresari handien menpe» dagoen instituzioa dela, eta greba antolatzeko lan politikoari «oztopoak» jarri dizkietela

Unibertsitate, ikastetxe eta Lanbide Heziketako zentroetan greba eguna izan da gaurkoa. Ikasle Abertzaleak antolakundeak mobilizazioak antolatu ditu Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta ikasleak Enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu! goiburupean atera dira kalera, «guztion ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoen gainetik jarriko duen hezkuntza» aldarrikatzeko: «Hezkuntza sistema enpresari handien menpe dagoen instituzio bat gehiago da gure gizartean, eta ikasleok gure azalean bizi ditugu horren ondorioak».
Donostian, Ignacio Maria Barriola eraikin pean hastekoa zen mobilizazioa, eta hamabost minutu lehenago jada jende andana bildu da inguruetan. Goizean ere izan dute zeregina: hiriko hezkuntza zentroetan barrena ibili dira ikasleak, protestarako deia egin eta eskuorriak banatzeko. 12:00ak pasata hasi dute ikasleek manifestazioa, «Borroka da bide bakarra!» eta «ikasle langile, antolatu» oihukatuz.
Hasi da manifestazioa Donostian. Aldarriak ozen entzuten dira: "Borroka da bide bakarra!" edo "Ikasle langile, antolatu!" pic.twitter.com/qQJfN4KJZC
— Jone Arruabarrena (@j_arruabarrena) March 30, 2023
Aurrean eta atzean pankarta bana zeramaten; Enpresarien hezkuntzaren aurrean, ikasle langileok borrokara irakur zitekeen batean, eta Hezkuntza sistema sozialista eraiki bestean. Bandera gorriak ageri ziren han-hemenka. Donostiako EHUko kanpusetik Antiguoko auzora sartu dira manifestariak, eta bertan Matia kalea hartu dute. Ondoren, buelta egin dute unibertsitatera, Tolosa Hiribidetik. Mobilizazioaren amaieran hitza hartu dute zenbait kidek.
Hedabideetarako egindako adierazpenetan azaldu dute hezkuntza sistema «enpresari handien menpe dagoen instituzioa» dela eta «hauei interesatzen zaizkien funtzioak betetzeko eraginkorra izan dadin» erreformatzen dutela: «Batetik, bertatik negozioa egiten jarraitzea; eta bestetik, ikasleak, etorkizuneko langileak, beraientzat errentagarria den modu batean heztea».
Protesta amaitzean hitza hartu dute ikasleek: "Mobilizazioa eta antolakuntza existitu ezean, dirudunek nahieran erabiliko gaituzte beraien interesak asetzeko; gure eskubideak defendatu ezean, bortxaz ezabatuko dizkigutelako". @berria pic.twitter.com/m06xDjJ7UQ
— Jone Arruabarrena (@j_arruabarrena) March 30, 2023
Gehitu dute, erreforma horien bidez «miseriazko hezkuntza baten oinarriak» finkatzen ari direla. Esaterako, adierazi dute hezkuntza dualaren derrigorrezkotasuna ezarriko dela, «lan indar merkea sortu» eta enpresariek «etekinak handitzeko». Salatu dute horiek direla ikasketa alorrak eta praktikak norabidetzen dituztenak.
«Egungo hezkuntza sistemaren helburua etorkizun oparoa eskaintzea dela sinestarazten diguten arren guk argi daukagu etorkizuneko gizartearen kapa zabal bat prekarietatean bizitzeko hezten gaituztela», salatu dute. Antolakundearen arabera, ikasketa zentroak «diziplinamendu zorrotzerako zentro» bihurtu nahi dituzte horretarako eta «ikasleriaren adimen garapena albo batera» utzi.
«Lan politikorako oztopoak»
Izan ere, grebaren prestaketarako lan politikoa egiteko «hainbat oztopo» izan dituztela salatu zuen duela egun batzuk Donostiako Ikasle Abertzaleak antolakundeak, besteak beste, «ustez bermatuta dagoen greba nahiz mobilizazio eskubidearen etengabeko urraketa eta hainbat zentrotan ikasleek jasan beharreko jazarpena». Adibideak ere jarri dituzte: «Ikasle guztien aurrean umiliazioak jasotzea, zuzendaritzen presio zuzena, traba burokratikoak… Ez da lehenengo aldia Donostian honelako egoerak ematen direla».
Horrez gain, antolakundeak salatu du gaur egungo hezkuntza sistemak ikasle txiroenak «baztertu» egiten dituela, ikasketek «gastu handiak» dituztelako: «Laburbilduz, hezkuntza elitizatzen eta ikasle langileon kapa zabal bat bertatik kanporatzen dabiltza, ahalegina baino dirua izanik ikasketetan aurrera egiteko baldintza».
Hezkuntza sistemaren «gabeziak» seinalatu ondoren, aldarri «partzial eta osatugabeak» errefusatu dituzte, eta hezkuntza sistema «kolokan jarri eta gainditzeko» deia egin dute: «Guztion ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoei gainjarriko dion Hezkuntza Sistema Sozialistaren alde kaleak hartu ditugu, baita ikasleok antolatzen eta indarrak batzen jarraitzeko beharra mahaigaineratzeko ere».
Ikusi gehiago: Iritzia: 'M-30: ikasle greba enpresari handien hezkuntzaren aurrean'
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.