M-30: ikasle greba enpresari handien hezkuntzaren aurrean

2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Martxoaren 30ean Ikasle Abertzaleak antolakundetik grebara deitu ditugu bigarren hezkuntzako, lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleak, hezkuntza jasaten ari den desegitearen eta erreforma bidezko erasoaren erantzuleak zuzen-zuzenean seinalatu eta horiei aurre egiteko asmoz. Izan ere, eta denbora da kontu bera azpimarratzen gabiltzala, hezkuntza sistemak eliteen —bankarien, enpresari handien...— diru gosearen arabera funtzionatzen du, ikasleok, bitartean, eredu honen ondorio lazgarrienak gure azalean bizi behar ditugularik.

Enpresari handiek zuzenean etazeharka kontrolatzen dute hezkuntza. Alde batetik, milioika euroko inbertsioak egiten dituzte enpresa pribatuek, bankuek zein agente espekulatzaileek, hezkuntzan negozioa egiteko asmoarekin. Horren adibide garbienak unibertsitatearen nahiz lanbide heziketaren esparruetan ikus ditzakegu: 25.000-40.000 enpresarekin dual akordioak eduki nahi baititu Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan, edota EHUn 33 master zuzenean bankuek zein enpresek finantzatuak baitira.Bigarren hezkuntzan, bestalde, interbentzioa ez da hain gardena; hala ere, ikusi besterik ez gobernuak Microsoft eta Googlerekin itxi zuen tratua duela pare bat urte.

Dena dela, hezkuntzak, merkatu izatetik harago, bestelako funtzioak—eta oso garrantzitsuak— betetzen ditu burgesiarentzat. Horietan esanguratsuena, gizartearen erreprodukziorako tresna dela da, eta krisi testuinguruan etorkizuneko gizarteko kapa zabal bat prekaritatean eta miserian bizitzeko hezten du; hau da, ikasle langileoi langabezian, diru zein eskubide gutxirekin eta erabat otzan bizitzen erakusten digute. Aspaldi baita hezkuntza eredu hau gainbeheran aurkitzen dela, gizarteko gainontzeko esparruen antzera, eta formakuntzan baino diziplinamenduan oinarritzen da egun heziketa. Zergatia garbi dago: krisi garaian ikasteko eskubidean inbertitzeari uzten zaio eta hezkuntza elite ekonomikoentzat errentagarria izan dadin erreformatzen da.

Biak ala biak errealitatea dira jadanik. Enpresari handiek kontrolatzen dute hezkuntza, beraz, eta politikariek lege, erreforma eta abarren bitartez hauen mesedetara moldatzen dute. Bitartean, ikasleok gara baldintza okerrenetan gaudenak bertan. Bigarren hezkuntzan diziplinamendu zorrotza aplikatzen zaigu hasieratik, ikastetxe pribatuak mantentzeko beharrak segregazioan sakontzen du, lan munduko konpetentziak (digitala, ekintzailetza... LOMLOEn barnebilduta) barneratzen ditugu edota euskaraz ikasteko eskubidea ukatzen zaigu zenbaitetan. Hori gutxi ez eta klase partikularrak ordaindu beharra familia askoren amesgaiztoa bihurtu da—ikasleen %56k jasotzen dituzte EAEn eta 550-1.023 euro bitartean ordaintzen dute—. Horrek guztiak ikasle kapa txiroena hezkuntzatik kanporatzea dakar, %13,9ko eskola uztea izan genuen 2022an.

Unibertsitatearen eboluzioa bide beretik doa, elitizazioaren fenomenoa inoiz baino nabarmenagoa baita. Ikasleon bizitzak %34 garestitu dira 2013tik, garraioaren, alokairuaren edota elikagaien prezioen igoera tarteko, masterretan milaka euro uztea derrigorra zaigu praktikan eta, gainera, sarri lana eta ikasketak uztartubehar ditugu gastuei aurre egiteko. Esanguratsua da benetan ikasleen %21ek gradua amaitu aurretik ikasketak uzten dituela jakitea. Unibertsitatea ere gutxi batzuen pribilegio izatera bidean doa. Bitartean, milioika euro inbertitzen dira arma, software eta abarren ikerketa eta produkzio zientifikoan, baina gizartearen beharrei erreparatu baino, enpresarien poltsikoak betetzeko funtzioarekin.

Azkenik, lanbide heziketei ere aipamena egin behar zaie nahitaez; izan ere, garbi gelditu da azken urteetako apustua heziketa eredu enpresarial bat inposatzea dela sektore honetan ere. Eredu duala indartu eta praktika orduak luzatu dizkigute, gure doako lanaz probesten diren bitartean. Horrez gain, greba eskubidea ukatua zaigu praktiketan, eta politika egitea ia ezinezkoa da heziketa —edo lan— zentro hauetan. Askatasun politikoen urraketak, alabaina, konstante bat dira ikasketa prozesuan, eta sistematizatuta daude hezkuntzaren esparruan; bestela, galde diezaietela pasa den greban atxilotu zituzten 34 ikasleei.

Beraz, M-30eko ikasle greba zertarako? Hezkuntza sistema desegiten ari delako, enpresari handiek miseriara kondenatzen gaituztelako eta aurre egin behar diegulako. Horrexegatik, ikasleok guztiz indibidualizatuta gauzkaten garai hauetan, antolatu eta borrokarako grina hedatzeko ere balio dezala greba honek; eta, amaitzeko, hezkuntza sistema berri bat gaurdanik eraiki beharra daukagulako, guztion interesa gutxi batzuen interes ekonomikoen gainetik jarriko duena, doakoa eta unibertsala, hezkuntza sistema sozialista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.