Bi bikoteak gustura geratu dira finalerako hautatutako pilotekin

Zabaletak esan du iganderako sasoi betean egotea espero duela, eta txapelketa osoan eman duten maila eman behar dutela. Imazen arabera, «partida hausteko arriskua du».

Finaleko lau protagonista, hautatutako sei pilotak erakusten kazetariei. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2023ko martxoaren 30a
14:38
Entzun

Atzerako kontaketa hasia da. Goizean, partidako materiala aukeratu dute bi bikoteek eskuz binakako finala jokatuko den frontoian, Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian. Atarikoan bederen, ez da izan polemikarik.

Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta «oso gustura» geratu dira, eta ez diote arazorik ikusten aurkariek hautatutako pilotei: «Beraienak desberdinak dira. Bi, oso onak; bestea, baxuagoa», argitu du Zabaletak.

Ikusi gehiago:Jose Javier Zabaleta: «Txapela irabazten badugu, Xabirentzat izango da zati bat»

Unai Laso eta Ander Imaz ere kontentu geratu dira, txapelketa osoan bezala pilota biziak lortu nahi zituztelako: «Nahiko onak aurkitu ditugu. Azpitik dexente ibiltzen dira, eta nahiko biziak dira. Beraienak desberdinak dira, baina ondo daude», azaldu du Imazek.

Ikusmina piztu du aukeraketak kazetarien eta zaleen artean. Azken partidetan txapelketa luzeak eragindako nekea nabaritu dute bi bikoteek, baina prentsa aretoan ongi daudela azpimarratu dute. Adibidez, Jose Javier Zabaletak arazoekin amaitu zuen igandeko partida, baina azken bi egunetan masaje parea jaso ondotik, «askoz hobeto» aurkitzen da, eta iganderako sasoi betean egotea espero du.

Elordiren lehen finala

Lehen finala izaki, dena zaio berri Elordiri. Aste berezi hau «normaltasunez» kudeatzen ari da. «Klabeetako bat da hori eta, egunerokotasunean disfrutatzen ari naiz, eta ez garrantzirik ematen Nafarroa Arenara etorri eta hainbeste elkarrizketa egiteari».

Elordiren eta Zabaletaren aurkako finalaurreko ligaxkako bigarren partida eskuko arazoekin amaitu zuten Lasok eta Imazek. Finalerako sailkatzea lortua zutenez, hirugarrena ez jokatzea erabaki zuten, eta orain «hobeto» daudela onartu dute. «Elkarrekin egon gara masajistan, eta hobe doa eskua», esan du Lasok.

Ikusi gehiago:Ander Imaz: «Ez dut ikusi iazko finala, eta ez dut ikusteko asmorik»

Bezperan Nafarroa Arenan egin zuten entrenamendua Lasok eta Imazek, eta, pilota aukeraketa amaituta, igandekoa jokatu aurreko azkena bertan egin dute Zabaletak eta Elordik. Partida berezietarako frontoia da Nafarroa Arena.

Lasori «bibrazio onak» ematen dizkio, eta Zabaletak, berriz, ez du dudarik betea egongo dela: «Oso giro ona egotea espero dut, finalaurreko azken partidan Bilbon egon zenaren antzekoa. Bakoitzak bere pilotariak animatzen zituen».

Imazek Nafarroa Arena nahiago

Giroaz harago, frontoiak izango du zeresanik finalean. Bezperan entrenamendua egina zutenez, gorriz jantziko den bikoteak aurreratu du zer berezitasun dituen: «Frontoi exijentea da. Atzean pisua hartzen du. Nik nahiago dut Bilbokoa baino. Bilbokoan, azken bi partidetan ez naiz ondo sentitu, eta hemen azken entrenamenduan, bai. Gero, igual, igandean kontrakoa esango dut», aitortu du Imazek.

Lasoren arabera, berriz, ezker paretaren ondorioz, pilotak «azkar» higatzen dira, eta hasieran duten distira eta abiada galtzen dute. Hartara, aurreratu du, «ahalik eta pilotarik bizienak» eskuratu nahi izan dituztela, hasierako tantoetan aprobetxatzeko.

Irudikatzen duten partida

Irudikatzen duten partidari begira, Zabaletak azaldu du «bikote moduan» jokatu behar dutela. «Txapelketan egin duguna erakutsi behar dugu. Elkarrekin jokatu, gozatzen ahalegindu eta gure onena eman».

Elordik uste du bere maila eman behar duela. Txapelketa osoan ondo aritu bada ere, argi du ez zuela bere onena eman finalaurreko ligaxkan, Lasoren eta Imazen aurkako partidan: «Ni ez nintzen beti bezala egon, eta horrek Jose Javierri ere eragin zion; desoreka eragin zuen». Bikote beraren aurka izatea kasualitatea izan zela uste du, eta denboraldian egindakoa berritu behar duela. Zabaletak hori gomendatu dio. «Erakutsi du partida bakoitzean ausarta dela, eta espero dut ausart jokatuko duela».

Lasoren ustez, ligaxkako azken partidak ez du eraginik izango: «Nik asko arriskatu nuen, eta ondo atera zen, baina, hain ongi jokatuta ere, 22-19 amaitu genuen. Eraso egiten duenak aukerak izango ditu, baina defentsarako frontoi zaila da».

Imazen ustez, aurkari gogorrak izango dituzte aurrean: «Partida hausteko erraztasun handia dute. Beste pilotari batzuk jokatzen gehiago uzten dizute, baina, Zabaletak eguna baldin badauka, partida hausteko arriskua du, Aitorrek oso ongi laguntzen diolako». Imazen ustez, inork ez du tantorik oparituko, eta finala luze joan daiteke: «Gogortzen bada, gure aukerak izango ditugu».

Faboritorik ba al den galdetuta, Zabaletak uste du %50ean dagoela. Lasorentzat, aldiz, «eurak dira faboritoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.