Lan gatazkak

Novaltiako grebalariek %26,7ko soldata igoera lortu dute

Enpresarekin akordioa sinatu eta amaitutzat eman dute hiru urte eta zortzi hilabeteko protesta. Grebalari bakoitzak 9.450 euroko kalte ordaina jasoko du, eta enpresaren aurkako salaketa guztiak kenduko dituzte.

Novaltiako grebalariak ELA sindikatuak Bilbon duen egoitzaren aurrean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko martxoaren 30a
15:05
Entzun

«Nekatuta eta pisua handi bat arinduta gaude. Baina pozik, akordioa ona delako. Greba ondo bukatu da, eta horixe nahi genuen». Ibai CarranzaNovaltiako langilearen hitzak dira. 34 urte zituen Euskal Herriko historiako grebarik luzeenari ekin zionean, eta, orain, 38ren atarian, berriz ere sartuko da botika banaketa kooperatibako biltegian. «Ez genuen nahi eta ez genuen espero hainbeste luzatzerik», onartu du; baina era berean argi du zeintzuk izan diren arrazoi nagusiak: «Enpresak gure greba eskubidea urratzeko erabili dituen trikimailuak eta Lan Ikuskaritzaren lan negargarria .Oztopoak jarri dituzte gure bidean».

Carranza, baina, lanera itzuliko da aurki, maiatzaren 29an, protestaldian pilaturiko oporren ostean. Grebalariek eta Novaltiako zuzendaritzak akordio bat lortu dute, eta amaitutzat eman dute greba. 1.345 egun izan dira, hiru urte eta zortzi hilabete, Europan indarrean zen grebarik luzeena. Grebalariek hobekuntza nabarmenak lortu dituzte lan baldintzetan: batez beste %26,7ko soldata igoera langileentzat, eta %33,7koa, soldatarik txikienentzat. Horiei dagokienez, orain arte, 16.789 euro gordin jasotzen zituzten, eta, hemendik aurrera, 22.446 irabaziko dituzte. Greban ez dauden langileei ere aplikatuko zaie.

«Soldatarik txikienak zituzten lankideak desprekarizatzea lortu dugu, eta haiengatik gaude zoriontsuen. Greba, batez ere, haien lan baldintzak hobetzeko hasi genuen, besteekiko jauzia oso handia zelako», azaldu du. Horiez gain, grebalari bakoitzak 9.450 euroko kalte ordaina jasoko du, eta ELA sindikatuak, 1.345 eurokoa. Kopuru sinbolikoa da, euro bat greba egun bakoitzeko. Trukean grebalariek prozesu judizial guztiak etengo dituzte. Bide luze honetan enpresak aurkako hamar sententzia jaso ditu greba eskubidea urratzeagatik. Horietako batean, 150.000 euroko isuna ezarri zioten.

«Kemena eta adorea»

Mikel Etxeberriak epaibide horietan ikusten du korapiloa askatu izanaren arrazoietako bat: «Aldeko eta kontrako ebazpenak egon dira, baina azkenaldian gure aldeko asko egon dira. Nabarmendu beharra dago, 2022. urtera arte enpresa ez zela mugitu». Halaber, grebalarien «kemena eta adorea» goratu zuen. «Ezinezkoa zirudiena egingarri bihurtu dute. Enpresak uste zuen langileek ez ziotela eutsiko. Baina haien irmotasuna eta ELAren erresistentzia kutxa hor zeuden». Kalkulu bizkor bat eginda, ondorioztatu daiteke sindikatuak milioi bat euro baino gehiago jarri dituela Novaltiako grebalariak sostengatzeko.

Akordioak beste hainbat berme ditu, eta, haiei esker, Novaltiako langileek sektoreko lan hitzarmenak ezartzen dituenak baino baldintza hobeak dituzte. Bere garaian galdutako gainsari batzuk berreskuratu dituzte, eta beste batzuk lortu: balioaniztasunezkoa, garraiokoa... Gainera, bermatu dute ezin dituztela galdu, eta ziklikoki haien balioa eguneratuz joango dela. Halaber, akordioan adostu dute enpresak ezingo duela errepresaliarik hartu grebalarien aurka.

Hamalauk jarraituko dute

Hogei langilek hasi zuten greba, eta hamazazpik amaitu dute. Ondo bidean hamalau itzuliko dira lanera, hiruk enpresak eskainitako borondatezko irteera pizgarriduna onartuko baitute. Negoziazioen azken txanpan Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak artekaritza prozesu bat hasi zuen, baina, Carranzaren esanetan, ez zuen «ezer» egin: «Ezin dute esan haien inguruan pentsatzen dudan guztia. Jarrerak gerturatu badira, ez zen haiengatik izan da. Bilera guztietan enpresaren alde jartzen zen, jaurlaritza ez da neutrala izan gure auzian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.