Arrantza

Lapurdiko arrantzaleak «hilzorian», izurdeak babesteko neurriengatik

Frantziako Estatu Kontseiluak sei hilabeteko epea eman dio Parisi arrantza eremu batzuk ixteko. Sektoreak portuak eta lonjak itxi ditu bi egunez. Erabakia Hegoaldera zabaltzea aztertzen ari da Brusela.

Arrantza ontzi bat, ostegun honetan, Donibane Lohizune-Ziburuko portuan. GUILLAUME FAUVEAU
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 30a
16:42
Entzun

Sutan daude Lapurdiko arrantzaleak. Aurreko astetik daramate protestan, eta Pirinio Atlantikoetako eta Landetako arrantza batzordeak (CIPDMEM 64-40) bi greba egun antolatu ditu gaurko (osteguna) eta biharko. Arrantzaleek portuetako jarduera gelditu dute, eta ez da enkanterik egin Donibane Lohizune-Ziburuko lonjan. Asteazkenean Baionako portua blokeatu zuten.

Haserrea Estatu Kontseiluak martxoaren 20an kaleratutako ebazpenaren ondorio da. Frantziako administrazio auzitegi nagusiak gobernuari eskatu dio sei hilabeteko epean Bizkaiko golkoan Frantziarenak diren arrantza eremu jakin batzuk ixteko, izurdeak babesteko, urtero ehunka agertzen baitira hilda kostaldean, arrantzaleek erabiltzen dituzten sareetan harrapatuta geratu ondoren.

Eskaera 2021ean aurkeztu zuten hiru talde ekologistak. Horietako batek, Sea Shepherdek, ohar batean gogorarazi du erabakia auzitegi batek hartu duela eta bete beharrekoa dela, eta gobernuari ez ezik arrantzaleei ere mintzatu zaie. «Arrantzaren etorkizunarekin kezkatuta badaude, izurdeen egoerarekin kezkatuta egon beharko lukete, espezie hori itsasoaren osasun onaren bermatzaile baita».

Gogoratu du urteak daramatzatela egoeraz ohartarazten, eta, neurri batzuk hartu diren arren, salatu du denbora horretan sektoreak ez duela garbi jokatu. «Uko egin diote, adibidez, kamerak ontzian eramateari eta gu zetazeo harrapaketei buruzko lantaldean sartzeari».

Galera handiak

2022an ikerketa bat abiatu zuen Frantziako Gobernuak, eta 2023an eta 2024an jarraitu behar zuen. Hogei ontzik parte hartu dute, horietako zazpi Lapurdikoak. Arrantzaleen batzordeko buru Serge Larzabalek gogoratu du ikerketarekin segitzeko eta arazoa konpontzeko borondatea dutela, baina ohartarazi du lan hori ez dela bateragarria Estatu Kontseiluaren erabakiarekin.

Azpimarratu du egoera ez dela talde ekologistek dioten bezain larria, eta arrantza eremuak ixteko erabakia ez dagoela behar bezain justifikatuta.

Donibane Lohizune-Ziburuko lonja itxita, ostegun honetan. Guillaume Fauveau

Larzabalek azaldu duenez, Parisek arrantza eremuak ixtea erabakiko balu, hiru milioi eurotik gorako galerak ekarriko lizkieke Lapurdiko 49 arrasteontziei, eta 3,6 milioi eurokoak Donibane Lohizune-Ziburuko lonjari; horri gehitu beharko litzaizkioke, besteak beste, arrandegiek eta garraiolariek izango lituzketenak. «Beste edozein sektoretan, enpresa bakar batek ezingo lioke eutsi %40 inguruko galerekin. Tokiko arrantza industriaren zati handi baten eta horrekin batera doan sektorearen heriotza litzateke neurria».

Ziburuko eta Donibane Lohizuneko auzapezen babesa eta Emilie Dutoya eskualdeko kontseilariarena jaso dute Lapurdiko arrantzaleek. «Botere publikoen eta herritarren babesa behar dugu, lanean jarraitu ahal izateko, gure lanbidetik bizitzeko, eta elikadura subiranotasuna bermatzeko; bestela, kanpotik ekarritako arraina jango dugu».

Larzabalek gogoratu du azken urteetan zailtasun ugariri egin behar izan dietela aurre: 'brexit'-ak arrantza eremu batzuetan aritzeko eragindako murrizketak, pandemian egindako geldialdiak, gasolioaren prezioaren igoera, eta sektoreak berezkoak dituen beste batzuk: errelebo falta, kanpotik ekarritako arrainaren konpetentzia... Horrez gain, gogoratu du 2030erako Bruselak arraste arrantza debekatu nahi duela itsasgune babestuetan.

Izurde hilak, Les Sables d'Olonnen (Arroxela, Frantzia). Sea Shepard
Izurde hilak, Les Sables d'Olonnen (Arroxela, Frantzia). Sea Shepard

Talde ekologistek urteak daramatzate arrantza eremuen itxiera partzialak eskatzen Bizkaiko golkoan. Ohartarazi dute Lapurdin eta handik iparraldera hilda agertu diren zetazeoen kopurua handitzen ari dela urtez urte. 2021ean 282 zenbatu zituzten; haietatik %90, izurde arruntak. Aurten 127 zenbatu dituzte, urtarrilean soilik. Hego Euskal Herriko kostaldean ere azaldu dira batzuk azken urteetan, osorik eta zatituta.

Hegoaldean, adi

Frantziaren debekuak, printzipioz behintzat, ez lieke eragingo Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleei, Parisek debekatuko lituzkeen uretan ez direlako aritzen. Baina adi begiratzen diote egoerari. Besteak beste, partekatutako uretan —ur komunitarioetan— konpetentzia handituko litzatekeelako.

Dena den, haien kezka iturri nagusia beste bat da: Espainiako arrantza eremukoak diren Kantauri itsasoko eta Galiziako kostaldeko kaletan ere antzeko neurri bat ezartzea aztertzen ari da Europako Batzordea, arrazoi beragatik eta garai bertsuetan: urtarriletik martxora eta udan hilabete batez.

Kasu horretan, urte hasierako etenaldia ez lukete nabarituko, hilabete horietan baxurako ontziak geldirik daudelako. Baina udakoak hegaluzearen kanpainako bi marea galtzea ekarriko lieke, eta hegaluzearena aldirik garrantzitsuenetako bat da Hegoaldeko baxurako ontzientzat.

Europako Batzordeak ICES Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluaren txosten bat du mahai gainean; horren arabera, izurdeen nahi gabeko harrapaketak espeziearen iraupenari eusteko egin daitezkeenetatik oso gora daude, eta «neurri eraginkor bakarra» arrantza bolada batez debekatzea da. ICESek gogoratu duenez, arrasteontziak —hamasei Bizkaian eta Gipuzkoan— disuasio tresna akustikoak erabiltzera behartuta dauden arren, horrek eta «hartutako neurri guztiek ez dute batere funtzionatu».

Gipuzkoako Kofradien Federazioa beldur da, ontzi guztientzako debeku batek galera ekonomiko handiak ekarriko lizkiokeelako sektoreari, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta AZTIko zientzialariekin harremanetan jarri da, haiek ICESen bileretan parte hartzen baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.