Albistea entzun

Kontu publikoak

Euskal erakundeak zorra apaltzen hasi dira

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta aldundiek 17.264 milioi euro zor zituzten 2022. amaieran, urtebete lehenago baino 419 milioi gutxiago. Nafarroak superabita izan zuen 2022an, eta Jaurlaritzak, defizit txikia.

Pedro Azpiazu sailburua eta aldundietako Ogasun diputatuak, Espainiako Kongresuan.
Pedro Azpiazu sailburua eta aldundietako Ogasun diputatuak, Espainiako Kongresuan. Fernando Villar / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko martxoak 31

COVID-19aren pandemiak eragindako gastu gehigarriak eta diru sarreren hondoratzea atzean utzita, beheranzko bidea hartu du zor publikoak Hego Euskal Herrian. Espainiako Bankuaren arabera, 17.264 milioi euro zor zituzten 2022ko abenduaren 31n, urtebete lehenago baino 419 milioi gutxiago (-%2,3).

2019arekin alderatuta, ordea, zorra nabarmen handiagoa da: +1.760. Hau da, oraindik urte batzuk beharko dituztela erakundeen kutxek koronabirusaren ondorioak gainditzeko.

Eusko Jaurlaritzak arindu zuen gehien bere zorra: 10.821 milioi euro zor zituen 2022 amaieran, 2021ean baino 351 gutxiago (-%3,2). Horri batuz gero ekonomia %4,4 handitu zela, zor publikoaren pisu erlatiboa ia bi puntu bat jaitsi da, BPGaren %15,6tik %13,7ra. Urrun geratu da 2020ko datua (%16,2), eta puntu batera dago pandemiaren aurrekoa (%12,7).

Espainiako Bankuak ez du kopuru horretan sartzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien zorra. Haienak ere behera egin du: 3.285 milioi zor dituzte, urtebete lehenago baino 80 milioi gutxiago (-%2,3). 2019koa baino 500 milioi euro handiagoa da, ordea.

Nafarroan, egonkor

Bestela daude Nafarroako Gobernuaren kontuak. Zorra, berez, pixka bat hazi zen 2022an (+12 milioi euro), baina 2019koaren azpitik dago (-139 milioi). Jaurlaritzarekin alderatuta, gutxiago zorpetu zen 2020an, eta iaz kendu zuen zor gehigarri hori.

Nafarroako ekonomia %4,3 hazi zen iaz, eta, horri esker, zorraren pisu erlatiboak koska handi bat egin zuen behera iaz, %15,4tik %14,1ra, eta dagoeneko 2019koaren azpitik dago (%15,8).

Jaurlaritzak bonuen jabeei, Nafarroak bankuei

Bada beste diferentzia bat Gasteizko eta Iruñeko administrazioen zorren artean. Jaurlaritzak batez ere bere zor bonuak erosi dituztenei zor die dirua (%64,3) eta gutxiago bankuei (%35,7).

Nafarroan, berriz, justu kontrakoak dira portzentajeak: %37,5 bonuen erosleei, eta %62,5 bankuei.

Hori bai, batek zein besteak epe luzeko zorra dute: hamazazpi milioi baizik ez dituzte aurki itzuli behar.

Haien enpresa publikoen zorra ere ez da handia: lau milioi zor dituzte Nafarroakoek, eta 106 milioi beste hiru lurraldeetakoek.

Defizita, behera

Kontu publikoen beste datu bat jakinarazi dute gaur: defizitarena. Espainiako Ogasun Ministerioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 76 milioi euroko defizita izan zuen 2022. urtean, hau da, BPGaren %0,1. Okertze nabarmena da 2021arekin alderatuz gero, urte hartan 626 milioi euroko superabita izan baitzuen (%0,87).

Superabitari eutsi dio Nafarroako Gobernuak. Are gehiago, handitu egin du, 266 milioitik 345 milioira (%1,54).

Iaz, aurreko bi urteetan bezala, Nafarroako Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute beren kontuak orekatzeko agindurik jaso Madrildik, baina litekeena da egoera aldatzea 2024. urtetik aurrera. Izan ere, pandemiak eragindako etenaren ondoren, Europako Batzordeak martxan jarri nahi du berriro kontu publikoak orekatzea helburu duen Egonkortasun Ituna. Plan berritua izango da, aurrekoaren zurruntasuna eta eraginkortasunik eza atzean utzi nahi baitute EBko herrialdeek.

Espainian, %4,8ko defizita

Plan horrek zioen EBko kideek gehienez %3ko defizita izan zezaketela eta gehienez BPGaren %60ko zorra. Azken urteetan, Espainiak ez du bete ez bata eta ez bestea, baina 2022an zuloak pixka bat itxi ditu. Horrela, Ogasun Ministerioaren datuek diote 2022. urtea %4,8ko defizitarekin itxi zuela Espainiak. Dirutan, zergetan bildu baino 63.776 milioi gehiago gastatu zituen.

Defizit handia da, baina aurreko urteetakoa baino txikiagoa: 2020an %10,1era heldu zen, eta aurreko urtean, %6,9ra.

Zorraren pisu erlatiboa ere apaldu da: %120,4 izan zen 2020an, %118,3 2021ean, eta %113,2 iaz. Ekonomiaren hazkundeari zor dio gutxitzea, kopuru osoetan handitu egin baita: 1,5 bilioi euro zor ditu Espainiako Erresumak, inoiz baino gehiago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Fagor Ederlaneko langile bat, Bergarako fabrikan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua

Aitor Biain

Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute
Amazonek azpikontratatutako langileak protestan. ©ELA

Amazonen azpikontrata batek 61 langile kaleratu ditu Gipuzkoan

Iñaut Matauko Rada

Akordiorik gabe amaitu da enplegu erregulazio espedientea. ELAk erakunde publikoen permisibitatea salatu du.

Eguzki plakak Zumarragako etxe baten teilatuan ©Andoni Canellada (Foku)

Autokontsumo energetikoa sustatzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Jokin Sagarzazu

Eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioetarako ez da obra lizentziarik beharko.

Michelinek Lasarte-Orian duen lantegiko sarrera ©Jon Urbe (Foku)

Lasarte-Oriako Michelinen lau greba egun egingo dituzte

Jokin Sagarzazu

Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzeko eskatu dute sindikatuek. Astelehenean manifestazioa egingo dute hiriko kaleetan. Gasteizko plantan ere deitu dute grebara, hurrengo astean.

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...