Udal hauteskundeak

Gorka Urtaranek bertsotan esan dio agur Gasteizko alkatetzari

Zortzi urteko agintaldian euskara «ardatz» izan duela adierazi du, besteak beste

Urtaran, gaurko ekitaldian. DAVID AGUILAR / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko martxoaren 31
15:08
Entzun

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak bertsotan esan dio agur gaur zortzi urteko agintaldiari.

Alkatetzan eginiko lanaren balantzea egin du Urtaranek, udaletxean eginiko agerraldian, eta saioa bertso batekin hasi du.

Bertsoen transkripzioa:

Gasteizi haize berri bat
emateko ahaleginez
Zortzi urte alkatetzan
eraikiz eta ekinez

Aniztasunak onartuz
akordioak eginez
Euskara izan dut ardatz
konpromezuz sentimenez

Hiri honetaz harro nago
duen giro atseginez
etorkizunik onena
opa nahi nioke zinez

Begirunez agurtzen naiz
denoi eskerrak emanez

Lau egun barru deituko dute hauteskundeetara, baina Urtaranek alkate jarraituko du ekainaren 17ra arte. Egon horretan hartuko dute kargua hurrengo alkateak eta udalbatza berriak.

EAJko kideak joan zen urriaren 25ean iradoki zuen lehen aldiz ez zela aurkeztuko 2023ko udal hauteskundeetara. «Ez nintzen bultzaka iritsi udalera, eta ez naiz aulkiari helduta joango. Badakit eguna iritsiko dela, eta, iristen denean, gauza onak hartuko ditut, eta saiatuko naiz txarrak saihesten», esan zuen orduan.

Eusko Jaurlaritza eta Urtaran, aurrez aurre tranbiagatik

Hilabete horretan bertan, ika-mika sortu zen Urtaranen eta Eusko Jaurlaritzaren artean, Gasteizko tranbia Zabalgana auzora zabaltzeko egitasmoaren kontura. Eusko Jaurlaritzak ez zituen entzun tranbiaren ibilbidearen inguruan Gasteizko Udalak egindako eskariak, eta horrek alkatearen haserrea eragin zuen. «Ez gaude ados proiektuarekin, ez mamian eta ez azalean», esan zuen orduan.

Urtaran Gasteizen jaio zen, 1973an. Soziologia ikasi zuen EHUn, eta 2011. urtean egin zuen lehenengo saioa hiriko alkatetza eskuratzeko, baina EAJ bigarren geratu zen hauteskundeetan. 2015ean saiatu zen hurrena, eta orduan lortu zuen, EH Bilduren, EAJren, Hemen Gaude-ren eta Irabaziren botoak jaso zituelako.

Hurrengo udal hauteskundeetan EAJ izan zen lehenengo indarra, eta bere alderdiaren eta PSEren botoekin eutsi zion alkatetzari.

Joan zen abenduan, alderdiak baieztatu zuen Urtaran barik Beatriz Artolazabal izango zela EAJren alkategaia Gasteizen.

Edonola ere, Soziometroak lehia gogorragoa aurreikusten du Arabako hiriburuko udalean. Izan ere, EAJk botoen %24,3 eskuratuko lituzke, eta bigarren alderdiak, EH Bilduk, %22. Baina koalizio independentistak zinegotzi bat irabaziko luke, eta bi alderdiak berdinduta leudeke zinegotzi kopuruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.