Sakabanaketaren amaiera

Etxerat-ek aitortza eta erreparazioa eskatu ditu sakabanaketaren biktimentzat

Lege esparru bat galdegin du «haien eskubideak ere urratuak izan zirela» aitortzeko

Etxeraten elkarretaratzea goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES  FOKU
2023ko apirilaren 1a
14:54
Entzun

Elkarretaratzea egin du Etxerat-ek Donostian, sakabanaketa politikaren amaieraren harira. Manifestu batean adierazi dutenez, «salbuespeneko espetxe neurrien zatirik krudelena» amaitu arren, «komeni da iragana bistatik ez galtzea». Horregatik, esan dute «eztabaida lasai bat» proposatzen jarraituko dutela «oroimen inklusibo baten bidean».

Gogorarazi dute Etxerat-ek duela lau urte «indarkeria adierazpen ugariren biktima guztiengana» «errespetu eta enpatia adierazpen bat» egin zuela jendaurrean. «Guk, ordea, ahanztura baino ez dugu ezagutu. Beraz, espero dugu biktimen aitortzari eta erreparazioari begirako urrats eraginkorrak egitea», aldarrikatu dute.

Emandako datuen arabera, mila pertsona inguru dira «istripuek kalte egindakoak», eta hamasei pertsona hil ziren errepidean. «Euren herrietan urtero gogoratzen» badituzte ere, «aitortza ahalbidetuko duen lege esparru bat» falta da, Etxerat-en arabera, «haien eskubideak ere urratuak izan zirela aitortzea ahalbidetuko duen tresna bat».

«Eskerrak ordezkaritza politikoari»

Esan dutenez, eskertuta daude aldaketa posible egin zutenei: «Eskerrak eman nahi dizkiegu gaur hemen dugun ordezkaritza politikoari, duela hiru urte lortutako akordio garrantzitsuagatik».

Dozenaka elkarretaratze egin zituzten Etxerat-ek eta Sarek atzo, martxoko azken ostirala zelako. Emandako datuen arabera, 3.500 pertsona batu ziren, 68 hiri eta herritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.