Sakabanaketaren amaiera

Etxerat-ek aitortza eta erreparazioa eskatu du sakabanaketaren biktimentzat

Ekitaldia egin dute Donostian. Lege esparru bat galdegin du «haien eskubideak ere urratuak izan zirela» aitortzeko.

Ekitaldiaren ondoren, argazkia atera dute bertaratutakoek. MAIALEN ANDRES/FOKU
2023ko apirilaren 1a
15:56
Entzun

«1982an, Rosa eta Arantxa Amezaga Mendizabalek bizia galdu zuten auto istripu batean. Madrildik Donostiara zetozen bueltan, anaia Koldoren epaiketatik». Horrela gogoratu dituzte Etxerat-eko ordezkariek, Donostiako Miramar jauregian, preso politikoen urruntze politikaren lehen biktimak. Hala ere, ez ziren bakarrak izan: 1990ean hil ziren Pili Arzuaga eta Fontso Isasi, Zamoran, beste bisita batetik bueltan, eta 1997an hil zen Antonia Fernandez, Alcalan zegoen Angel Figueroaren amona, arrazoi bertsuengatik. Horien eta gainontzeko 11 biktimen heriotza oroitu dute hildakoen familiartekoen aurrean, sakabanaketa bukatu eta astebetera.

Ekitaldian izan dira hainbat ordezkari politiko ere; besteak beste, EH Bilduko Mertxe Aizpurua eta Nerea Kortajarena, eta Elkarrekin Podemoseko Aitzole Araneta. Kulturaren inguruko zenbait pertsona ere izan dira, Jon Maia edo Joseba Tapia kasurako, eta baita bestelako gizarte eragileetako ordezkariak ere, Sareko Inaxio Oiarzabal eta Joseba Azkarraga, esaterako.

Etxerat-ek egindako ongietorriaren ondoren, Eñaut Zubizarretak girotu du ekitaldia, txeloarekin, eta hitza hartu dute gero Etxerat-eko ordezkariek, sakabanaketaren ondorioak azaleratzeko. «Ordu erdikoak ziren bisitak, adibidez, Salto del Negro espetxean, Kanaria uharteetan, edo Mallorca, Ceuta edo Melilla bezain urruti dauden espetxeetara joan eta gero». 1998. urtean bukatu ziren beste kontinenteetara egindako urruntzeak, baina ez, ordea, sakabanaketa politikaren ondorioak: «Dozenaka istripu gertatu ziren; zauri arinak batzuetan, larriak besteetan. Gastu ekonomiko itzela, eta higadura fisikoa, bidaiaren nekea, estresa, ondoeza...». Ibon Urreztarazu dantzariak aurresku batekin omendu ditu ondorio horiek pairatu dituztenak.

«Aitortza eta erreparazioa»

Sakabanaketa politikak amaituta, horien biktimen «aitortzari eta erreparazioari begirako urrats eraginkorrak» egitea espero du Etxerat-ek. Azaldu du horretarako «abagune egokia» dela oraingoa: «Komeni da iragana bistatik ez galtzea. Gure senitartekoen kasuan, bakartzearen zuri-beltza eta eskubideen urraketa jaso dituen argazkia gordetzea komeni da. Gure kasuan, berriz, komeni da azkenik atzean uzten ari garen sufrikarioaren ezaugarriak eta espetxeen urruntasuna finkatzen dituen argazkia gordetzea».

Izan ere, elkarteak adierazi du duela lau urte indarkeria adierazpen ezberdinen biktima guztiekiko errespetu eta enpatia adierazpen bat argitaratu zuela. «Guk, ordea, ahanztura baino ez dugu ezagutu». Zehaztu dute ezen, hamasei biktima horiek urtero beraien herrietan gogoratzen dituzten arren, haien aitortza ahalbidetuko duen «lege esparru bat» falta dela: «Haien eskubideak ere urratuak izan zirela aitortzea ahalbidetuko duen tresna bat». Gehitu dute, gainera, biktima horiek kontuan hartzen ez diren bitartean memoria kolektiboa «osatu gabe» geratuko dela.

Esan dutenez, eskertuta daude aldaketa posible egin zutenei: «Eskerrak eman nahi dizkiegu gaur hemen dugun ordezkaritza politikoari, duela hiru urte lortutako akordio garrantzitsuagatik». Etorkizunera begira bukatu dute hitzaldia: «Jada ez da bidaia luzerik izango, baina oraindik lan asko dago egiteko. Mendekuan oinarritutako politikarik gabe».

Dozenaka elkarretaratze egin zituzten Etxerat-ek eta Sarek atzo, martxoaren azken ostirala zela eta. Emandako datuen arabera, 3.500 pertsona batu ziren, 68 hiri eta herritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.