Bigarren etxebizitzen kontrako manifestua aurkeztu dute Baionan

3.500 pertsonatik gora elkartu dira Herrian Bizi plataformaren mobilizazioan. Abisatu dute heldu den urtetik aitzina ez dute bigarren etxebizitza berririk onartuko

Milaka herritarrek parte hartu zuten protestan, atzo, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko apirilaren 1a
17:58
Entzun

«Aski!». Haserre mezua zabaldu dute milaka herritarrek Baionan. Eta abisua eman dute: 2024ko urtarrilaren 1etik aitzina ez dute bigarren etxebizitza berri gehiago onartuko Ipar Euskal Herrian. «Tokiko biztanleek herrialdean ostatu hartzeko eta bizitzeko duten eskubidearen aurkako eraso zuzen eta onartezintzat hartuko dugu».

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa egin dute larunbat arratsaldean, berrogeitik gora eragile biltzen dituen Herrian Bizi plataformak deituta. 3.500 pertsonatik gora bildu dira antolatzaileen hitzetan, etxebizitzaren krisiari erantzuteko neurri eraginkorrak eskatzeko. Suprefeturatik abiatu eta Xaho plazaraino ibili dira Airbnb aski, herrian bizi! eta Lurra saldua, betiko galdua! gisako oihuen artean. Bi erronka nagusi azpimarratu dituzte: bigarren etxebizitzen ugaltzearen aurka eta denei eskuragarria zaien bizitegien alde borrokatzea. Orain dela aste batzuk aurkeztu dituzte bizitegi sozialei begira plataformak egiten dituen proposamenak. Larunbat honetan, bigarren etxebizitzen kontrako manifestua aurkeztu dute.

Ipar Euskal Herrian diren bost etxebizitzetatik bat bigarren etxebizitza da Euskal Hirigune Elkargoak zabaldutako datuen arabera. 45.000 inguru dira gaur egun, lurralde berean dauden bizitegi sozialen bikoitza. Lapurdi kostaldeko herri batzuetan, etxebizitzen erdia baino gehiago dira. Egoerak «marra gorriak» gaindituak ditu plataformako kideen iritziz. «Gaur egun, lurralde honetako herritarrentzat bizitoki bat eskuratzeko eskubidea zalantzan ezarria da guti batzuk bizitoki bat baino gehiago dituztelako», dio manifestuaren testuak. Saltzaileengana jo nahi dute, baina baia Ipar Euskal Herrian bigarren etxebizitza bat eskuratzeko asmoa duten pertsonengana ere; mezu argi batekin: «Aski!».

Hiru bizitoki mota aipatu dituzte: gaur egun bizitoki nagusi gisa erabiliak direnak,bertako biztanleen beharrei erantzuteko eraiki diren bizitoki berriak, etaturismorako alokairuak murrizteko xedea duen konpentsazio neurriaren indarrean jarri ondotik berriz merkaturatu diren bizitokiak. Ez dute onartuko horietako bakar bat ere bigarren etxebizitza bilakatzea. http://herrianbizi.com/eu/ helbidean irakurri eta izenpetu daiteke manifestua.

Hautetsiei eta Parisi deia
2021eko azaroan egin zuten etxebizitza eskubidearen aldeko lehen manifestazioa, eta orduko mobilizazioak ekarritako lorpenak azpimarratu zituzten atzo. «Egoera konpondua izatetik oso urrun da. Merkatu libreak eragin kaltegarriak ditu», adierazi dute plataformaren izenean Txomin Hegi antzerkilariak eta Maialen Errotabehere kantariak. «Segitu behar dugu, tokiko hautetsiengandik ekintza sendoak erdiesteko, eta esku artean dituzten tresnak osoki erabil ditzaten».

Aurten, lurralde antolaketari lotutako hainbat dokumentu onartuko dituzte Ipar Euskal Herrian, hala nola, tokiko hirigintza planak eta SCOT Lurralde koherentzia eskema. Horietako bakoitzean bizitegi sozialei «leku osoa» egiteko eskatu zuten atzo protestaren antolatzaileek. «Bereziki erne egonen gara hautetsien engaiamenduak ondorio zehatzetan jarraituak izan daitezen, tokiko hautetsien ardura osoa baita».

Baina Parisi begira ere izan dute mezua, hainbat arlotan eragiteko Frantziako legea aldatzea ezinbestekoa baita. «Frantzia mailako arduradun politikoak, Frantziako Gobernua eta Asanblea behartu nahi ditugu». Manifestazioan parte hartu du, besteak beste, Iñaki Etxaniz PSko diputatuak, eta Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ere babesa erakutsi dio.

Hemendik aitzina ere lanean segituko dutela berretsi dute behin eta berriz. «Kontzientzia hartzea eta lehen garaipenak pasa eta, erritmoa azkatzeko asmoa dugu. Denak ukituak gara!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.