HEZKUNTZA

Grebak erantzun handia izan du Nafarroako hezkuntza publikoan

LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuen arabera, irakasleen %55ek babestu dute lanuztea. Nafarroako Gobernuak esan du %21,3 izan direla.

Manifestariek trafikoa moztu dute Labrit kalean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko apirilaren 3a
15:33
Entzun

Hezkuntza publikoa greban da Nafarroan. LAB, Steilas, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, protestan dira hezitzaileak, exijitzeko ratioak jaits ditzatela, lan karga arindu diezaietela, soldata igo diezaietela eta behin-behinekotasuna murriztu dezatela. Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera, 2.024 irakasle batu dira lanuztera, lantaldearen %21,3. Sindikatuen arabera, grebak eragin are handiagoa izan du: %55ekoa. «Gaur Nafarroako hezkuntza publikoan deitutako grebarekin, ikastetxeen ohiko funtzionamendua geldiaraztea lortu dugu. Gutxieneko zerbitzu neurrigabeak kontuan hartuta (%33 haur eta lehen hezkuntzan,%25 irakaskuntza ertainetan), irakasleen %55 atxiki dira grebara», adierazi dute ohar batean.

Goizean, elkarretaratzeak egin dituzte herrialdeko herri eta hiri nagusietan, hala nola Altsasun, Lizarran, Tafallan, Tuteran eta Iruñean. Hiriburuan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurrean egin dute protesta. Iruñerriko herri eta auzo guztietako ikastetxeetako langileak batu dira elkarretaratzera, eta zutabetan banatuta joan dira departamenturaino. Han, grebara deitu duten sindikatuen izenean hitz egin du LABeko Oihane Jordanak: «Oso pozik gaude grebaren jarraipenarekin, eragin handia izan baitu Nafarroako geografia osoan, hezkuntza eredu guztietan eta maila guztietan».

«Itxikeria eta negoziatzeko borondaterik eza» egotzi dio Jordanak Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori. Izan ere, otsailaren 15eko grebaren ostean, Hezkuntza Departamentuak «entzungor» egin diela uste dute sindikatuek: «Hezkuntza Departamentuak ez zuen inolako erreakziorik izan gure kolektiboak otsailaren 15eko greban planteatutako aldarrikapenen aurrean. Bilera batera deitu gintuzten martxoaren 17rako, baina bilkura hartan ez zuten deus eskaini, eta uko egin zioten berriro negoziatzeari». Sindikatuek uste dute Nafarroako Gobernuak sare publikoko irakasleekin izan duen jokabideak ez duela zerikusirik «beste sektore batzuetan erakutsitakoarekin»; izan ere, diotenez, «sektore horietan lan eta soldata hobekuntzak lortu dituzte, mobilizatu ostean, 2023ko Aurrekontuen Legea aldatu gabe ere».

Goizeko elkarretaratzeetan, beren aldarrikapenak berretsi dituzte sindikatuek: «Ratioen jaitsiera lineala hezkuntzako etapa guztietan; KPIaren araberako soldata igoera eta 2010az geroztik galdutako erosahalmena berreskuratzea (% 20); administrazio mailak titulazioetara egokitzea, Bolonia Planaren arabera; behin-behinekotasuna %8ra murriztea; eta lan gainzama murriztea, ikasleen hezkuntza premiei denbora gehiago emateko».

Trafikoa eten dute Labriten

Zenbait manifestarik Labrit kalea itxi dute 12:30ean, irakasleentzako lan baldintza hobeak eskatzeko. Trafikoa bi noranzkoetan oztopatuta, ikasgela bat irudikatu dute kalearen erdian, eta jolasean hasi dira, soka saltoan eta pilotak elkarri botatzen. Handik minutu gutxira bertaratu dira Espainiako Poliziaren zenbait furgoneta. LABeko kide bat identifikatu dute, eta bultza egin diete zenbait manifestariri, bidearen lerro bat irekitzea lortu duten arte. Protesta ekintza, baina, bestelako istilurik gabe amaitu da.

Mobilizazio nagusia 18:00etan eginen dute sindikatuek: manifestazioan aterako dira Iruñeko Gurutzeko plazatik. Irakasleei ez ezik, administrazio publikoko gainerako langileei eta gizarteari oro har ere egin diete deialdia: «Hezkuntza komunitate osoa eta gizarte osoa animatzen dugu parte hartzera, hezkuntza publikoa denon kontua baita», azaldu dute deialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.