Lan merkatua

Hegoaldeko lan merkatua indartsu dago, eta 8.700 langile gehiago zenbatu dira martxoan

Inoiz baino kotizatzaile gehiago ditu Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian, eta eskura du 1,3 milioiren langa. 2005az geroztik ez zen langabe kopurua hainbeste jaitsi.

Nafar Lansareren bulego bat, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko apirilaren 4a
09:24
Entzun

Lan merkatuak atzean utzi du azken hilabeteetako pattalaldia. Gorabehera handirik gabeko otsail baten ondoren, martxoan hazkunde handia izan du enplegatuen kopuruak, eta aspaldi ikusi gabeko jaitsiera handia langabeziak.

«Triunfalismorik» gabe, baina enpleguaren datuak «errekorra» direla ziurtatu du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak. Iaz indarrean sartutako lan merkatuaren erreformarekin lotu ditu Mendiak, eta gauza bera egin dute hura sinatu zuten sindikatuek, CCOOk eta UGTk.

Erreforma horren aurkakoek, berriz, beste kopuru batzuk nabarmendu dituzte. ELAk gogorarazi du sinatutako lau kontratutik hiru direla aldi baterakoak, eta bi langabetik batek ez duela langabezia saririk. LABek ontzat jo du langabeak gutxitzea, baina «ikuspegia zabaltzeko eta enpleguaren prekaritateari erreparatzeko» eskatu du.
langabezia

Langabezia: jaitsierarik handiena 2005az geroztik

SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, martxoaren amaieran 141.142 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. Otsailean baino 3.518 gutxiago dira, eta iazko martxoan baino 10.341 gutxiago. Martxoa hilabete gorabeheratsua izan ohi da langabeziari dagokionez, jaisten den hilabeteak tartekatzen baitira igotzen direnekin.

Gainera, aurten langabezia lurralde guztietan jaitsi da, pixka bat gutxiago Araban (-303) eta Nafarroan (-414), eta gehiago Bizkaian (-1.594) eta Gipuzkoan (-1.207). SEPEren datuak INEk emandako biztanleria aktiboaren inkestarekin konbinatuz gero, Gipuzkoak izango luke langabezia tasarik txikiena (%8,6), eta Nafarroak ondoren (%9,8). Batez bestekotik (%10,3) hurbil daude Bizkaia (%8,2) eta Araba (%11,9).

Sektoreka, jaitsiera handia izan da zerbitzuetan (-3.308) eta industrian (-559), baina igoera, berriz, aldez aurretik enplegua izan ez dutenen artean (+398).

Genero arrakala: hamar langabetik sei emakumeak dira

Lan merkatuak hobera egin arren, genero arrakalak bere hartan dirau. Are gehiago, okerrera egin du, azken bi urteetan bi puntu handitu baita langabeen artean emakumeek duten pisua: martxoan, langabe erregistratuen %58,3 izan dira emakumeak, nahiz eta biztanleria aktiboaren %47,1 baino ez diren. Emakumeen artean langabezia tasa %12,8ra iristen da; gizonena, berriz, %8,1ra.

Kotizatzaileak: inoiz baino gehiago

Langabeei dagokionez, joera garbirik gabeko hilabetea izan ohi da martxoa, baina ez afiliazioei dagokienez, urtarrilean galdutako lanpostu asko berreskuratzen direlako. 2023ko martxoa ere ona izan da alde horretatik: 8.735 langile gehiago ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen, eta, hortaz, lege barruan lan egiten. Halako hazkunderik ez da izan gutxienez azken hogei urteetan. Espainian, berriz, inoiz ez; martxoan 206.000 afiliatu batzea «historikoa» izan dela aldarrikatu du Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak.

Guztira, Hego Euskal Herrian 1.295.592 langile ari dira Gizarte Segurantzari kotizatzen, inoizko kopururik handiena. Azarokoa zen aurreko marka, baina, gutxigatik bada ere, martxokoak gainditu egin du. Pandemiaren aurretik baino ia 34.000 kotizatzaile gehiago daude.

Kontratuak: lautik bat da mugagabea

2021eko lan erreformaren ekarpen nagusia izan zen zaildu egin zela aldi baterako kontratazioa. Horren ondorioz, handitu egin dira kontratu mugagabeak, nahiz eta oraindik sinatzen direnen gutxiengo bat diren. Martxoan sinatutako 85.526 kontratuetatik %26,5 izan dira mugagabeak; %7 %8 artean izan ohi ziren.

Langabezia sariak: bitik batek ez du ezer

«Langabezian dauden pertsonen babesgabetasun eta prekaritate egoera kezkagarria» salatu du ELAk. Izan ere, langabe erregistratuen % 52,5ek ez dute prestaziorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.