Autogintza

Bateriak muntatzeko lantokiaren proiektua aurkeztu dio VWek Nafarroako Gobernuari

Konpainiako zuzendaritzako kideak gobernuko ordezkariekin bildu dira Nafarroako Jauregian

VWeko arduradunak egitasmoaren berri ematen Nafarroako Gobernuko ordezkariei. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2023ko apirilaren 12a
19:36
Entzun

VWek azaldu dio Nafarroako Gobernuari auto elektrikoaren bateriak muntatzeko baterien fabrika Landabenen ezarriko duela. Egitasmoaren xehetasunak eta lantokiaren diseinua erakutsi dio auto konpainiak Nafarroako Gobernuari.

Nafarroako Jauregian elkartu dira gobernuko eta enpresako agintariak. Gobernuaren izenean, besteak beste, Maria Txibite lehendakaria, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria eta Oscar Martinez Bujanda Foru Ogasuneko zuzendaria. VWen izenean, berriz, Planifikazio Ingeniaritzako arduradun David Garcia, Kai Feuerherdt Giza Baliabideetako arduraduna, Paco Guerrero Proiektuen Gestioko burua eta Juan Fernandez baterien fabrikaren proiektuaz arduratuko dena.

Ikusi gehiago:Sindikatuek azaldu dute 600 lanpostu «jokoan» direla VWen

Duela bi aste zuzendaritzako kideek langileen batzordeari adierazi zioten egitasmoa kolokan zegoela eta erabaki ahalmena Iruñeaz gaindikoa zela. Gobernuak bidalitako oharraren arabera, VW lanean ari da Iruñean izan dadin fabrika hori.

Otsailean, VWek iragarri zuen mila milioi euroko inbertsioa egingo zuela fabrika auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko. Bertan jaso zenez, egun Landabenen barruan den trenbide sarea kenduko zen, orube horretan ezar dadin lantokia. Trenbidea kentzeko inbertsioaren finantzaketa Nafarroako Gobernuaren eskuetan geratuko zela iragarri zen (40 milioi euro inguru).

Ordu hartan aipatu zen lantoki hark, besteak beste, 10.800 metro koadroko azalera izango zuela eta ekoizpen katera lotzeko 187 metroko lotura egingo zela.

Laguntzak eta inbertsio kenkariak aztertzeko egin da gaurko bilera —horregatik zegoen bertan Foru Ogasuneko zuzendaria—.

Laguntza publikoen tramitazioa azkartzeko foru intereseko inbertsiotzat jo zuen egitasmoa gobernuak otsailean. Gaur, berriz, esan du orain aurkeztu zaien proiektu hori ez zegoela jasota otsailekoan. Ez du zehaztu otsailetik hona zer aldaketa egin zaizkion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.