AEB-ak

AEBek mugatu egin dute abortatzeko pilula baten erabilera

Talde katoliko batek jarritako salaketaren harira debekatu zuen Texasko auzitegi batek mifepristona pilula.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestari bat, iaz, Washingtonen. WILL OLIVER, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Maddi Iztueta Olano
2023ko apirilaren 13a
09:44
Entzun

Behin-behinean, eta orain arte baino baldintza zorrotzagoekin. Talde katoliko batek abortatzeko tratamenduetan baliatzen diren bi piluletako baten aurkako salaketa jarri ostean, Texasko auzitegi batek debekatu egin zuen hura erabiltzea, argudiatuta estatu bakoitzaren eskumena behar lukeela haren erabilera kudeatzeak, zenbaitetan abortua debekatua baitago. AEBetako Gobernuak, ordea, helegitea jarri zion erabakiari, esanez pilula debekatzea emakumeen eskubideak urratzea litzatekeela. Orain, New Orleansko Helegite Auzitegiak ebatzi du baietz, auzia argitu bitartean mifepristona botika baliatu ahal izango dela abortuak egiteko, baina lehen baino era mugatuagoan, hau da, haurdunaldiko lehen zazpi asteetan soilik —2016tik hamar astekoa zen epea—, eta medikuek preskribatuta.

Duela zazpi urtetik hona, AEBetan abortuak egiteko gehien erabili duten tratamendua izan da mifepristona baliatzen duena. 2016an, gainera, arindu egin zituzten hura baliatzeko baldintzak, eta zenbait estatutan emakumeek ez zuten medikuaren kontsultara joan beharrik: online eskatu zitzaketen pilulak, eta postaz jasotzen zituzten. Eskuragarritasun hori baliatu zuten abortuaren aurkako elkarte katolikoek eta hainbat medikuk salaketa jartzeko, argudiatuz legeak estatuen eskumenak urratzen zituela batetik, eta botikak kalte egin diezaiekeela 18 urtetik beherakoei. Zehazki, salatzen dutena zera da, FDA Elikagai eta Botika Administrazioak ez zuela «behar bezala aztertu» zer ondorio izan ditzakeen botikak 18 urtez azpikoen osasunean.

Texasko Amarillo barrutiko Matthew Kacsmaryk epaileak —Donald Trump presidente zela hautatutako epaile kontserbadorea— ontzat eman zituen salaketan jasotako argudioak, eta, behin-behinean, eten egin zuen tratamenduaren erabilera, baina astebeteko epea eman zion administrazio federalari helegitea jartzeko. Ehunka medikuk eta botika etxek idatzi bat plazaratu zuten joan den astelehenean, salatuz Kacsmaryksen erabakiak zalantzan jartzen dituela bai FDAren agintea, baita urteetako ikerketak ere.

Amarilloko epailearen erabakiak dagoeneko izan ditu ondorioak. Demokratek kudeatutako zenbait estatu hasiak dira mifepristona botika pilatzen, etor litezkeen debekuak saiheste aldera. Abortuak egiten dituzten hainbat espezialistak, berriz, iragarri dute misoprostola soilik erabiliko dutela aurrerantzean —tratamenduan baliatzen den beste botika—, nahiz eta bi botikak batera erabilita bezain eraginkorra izan ez.

Abortuaren inguruko eztabaida gogortu egin da azken urtean AEBetan, iaz Auzitegi Gorenak hura eskubide gisa aitortzen zuen 1973ko Roe v. Wade lege federala atzera bota zuenetik. Ordutik, estatuen esku geratu da abortua legeztatuko duten erabakitzea. Ondorioz, errepublikanoak nagusi diren estatu ia guztietan oso murriztuta edo debekatuta dago haurdunaldia etetea, eta emakumeek ehunka kilometro egin behar dituzte abortatu ahal izateko.

Eskubide murrizketa horren adibide da gaur Florida. Estatuko Ordezkarien Ganbera abortuari buruzko lege bat bozkatzekoa da, eta, hura onartuz gero, haurdunaldiaren lehen sei asteetara mugatuko luke abortatzeko aukera. Errepublikanoek gehiengoa dute ganberan, eta, ezustekorik ezean, hura onartzea espero da. Ron DeSantis gobernadoreak adierazi du legea sinatzeko prest dagoela.

Haurdunaldia eteten laguntzea delitua da Idahon

Texas ez da abortua eragozteko pauso bat eman duen lurralde bakarra. Idahon abuztuan debekatu zuten, baina, joan den astean, estatutik kanpo ere haurdunaldia etetea zailduko duen lege bat onartu zuten. Bi eta bost urte arteko espetxe zigorra ezarriko diete han bizi diren emakumezko adingabeei haurdunaldia eteteko estatutik irteten laguntzen dietenei.

Apirilaren 6an onartu zuten neurria, eta hilabete geroago sartuko da indarrean. Neurriaren arabera, legearen aurka egitea litzateke emakumezko adingabe bati bidaia antolatzen laguntzea, beste estatura harekin joatea eta medikuarekin txanda hartzeko baimena ematea.

Baina nola jakin adingabe batek beste estatu batean haurdunaldia eten duela? Bada, horretarako, pertsona horren osasun txostena publiko egiteko eta hura eskuratzeko modua ematen du legeak. Izan ere, adingabeak haurdunaldia eteten badu, izan operazio baten bidez edo abortatzeko pilulak lortuta, dokumentu horretan agertuko da, eta ebidentzia gisa erabili ahalko dute.

AEBetako Gobernua Idahoren asmoa blokeatzen saiatuko da. Etxe Zuriak zera iragarri zuen atzo: medikuek eta osasun langileek debekatuta izango dute pazienteen osasun txostena publiko egitea, pertsona hori abortua legezkoa den estatu batean haurdunaldia eteteagatik ikertzen badute.

Kamala Harris AEBetako presidenteordearen arabera, Idahok onartu duen gisako legeek arriskuan jartzen dituzte estatu guztietako medikuak eta osasun langileak. Are, iritzi dio «pazientearen pribatutasunaren aurkako» ekintza litzatekeela haren osasun txostena eskuragarri egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.