Albistea entzun

Abortatzeko eskubidea. Epaia AEBetan

Abortu eskubide konstituzionala indargabetu dute epaileek AEBetan

Epaile eskuindarrak nagusi diren Auzitegi Gorenak atzera bota du ia 50 urteko araua. Abortuaren debekua bart gauean sartu da jada indarrean bederatzi estatutan: Alabama, Arkansas, Kentucky, Louisiana, Missouri, Oklahoma, Hego Dakota, Utah eta Wisconsin.
Abortu eskubidearen aldeko eta kontrako manifestariak, atzo, AEBetako Auzitegi Gorenaren aurrean.
Abortu eskubidearen aldeko eta kontrako manifestariak, atzo, AEBetako Auzitegi Gorenaren aurrean. SHAWN THEW / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urrutikoetxea -

2022ko ekainak 25 - Washington

AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du abortu eskubide konstituzionala. Ondorioz, litekeena da herrialdeko estatuen erdietan baino gehiagotan abortua debekatzea ala haurdunaldia eteteko aukerak murriztea. Horietako batzuetan berehalakoa da debekua, Gorenaren epaiaren aurretik onartutako legeak baitzituzten zain; bederatzi estatutan bart gauean sartu da indarrean, eta leku batzuetan abortatzeko itxaron zerrendan zeundenen txandak bertan behera utzi dituzte. Dozenaka milioi emakumek euren gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea galdu du, eta duela mende erdiko egoerara itzuli.

Iragarrita zegoen, baina kolpea izugarria izan da: Roe v. Wade abortu eskubidea bermatzen zuen 1973ko aurrekaria bertan behera utzi du Gorenak. Bost epailek bozkatu dute Roe v. Wade baliogabetzearen alde, eta lauk kontra —hiru epaile aurrerakoiekin batera bozkatu du magistratu kontserbadoreetako batek—. Errepublikanoen esku dauden 25 estatutan gutxienez abortua debekatuta edo oso murriztuta egongo da aurki, eta, horietako hamahirutan, trigger law izenekoak: orain artean ezartzerik ez zuten baina Gorenak aukera eman bezain laster indarrean sartuko ziren abortuaren aurkako legeak. 36 milioi emakume bizi dira estatu horietan, eta beste dozena bat estatuk iragarri dute datozen asteetan onartuko dituztela abortua legez kanpo uzteko neurriak.

Ikusi gehiago: Analisia. Amagoia Mujika Tolaretxipi: 'Giza eskubideetan maldan behera'

Estatu bakoitzak arautuko du aurrerantzean abortu eskubidea, beraz. Aurrekari konstituzionala bertan behera uzteko erabili duten Mississippiko legeak hamabost asteko epea ezartzen zuen abortuetarako —23 astean zegoen konstituzionalki—. Geroztik, baina, askoz neurri gogorragoak onartu dituzte hainbat estatuk: Texasek sei astera —«lehen taupada»— laburtu zuen epea iazko udazkenean, eta Oklahomak erabat galarazi du abortua aurten, ernalkuntzatik bertatik.

Azken hilabeteotan onartu dituzten legeek are gehiago bihurritu dituzte abortatzeko oztopoak; besteak beste, edozein herritarren salaketari bide emanez. Ondorioz, klinikentzat ia ezinezkoa da lan egitea. Alarma eta ziurgabetasuna erabatekoa da, haurdun diren emakumeentzat lehendabizi, baina baita klinikentzat edo haurdunaldia eteteko erabakiarekin edozein harreman izan dezaketenentzat ere: emakumea klinikara daraman taxilariarentzat, esaterako.

Argudioak

Epaiak hau dio: «Konstituzioak ez du ematen aborturako eskubiderik. Eta abortuak arautzeko ardura herritarrei eta haiek hautatutako ordezkariei bueltatu behar zaie». Bistan da konstituzioan, XVIII. mendeko testua izanik, ez dela abortua aipatzen, baina 1973tik indarrean den araudiak aintzat hartzen zuen «pribatutasunerako eskubidea» jasotzen du, eta horren baitan sartzen da emakumeak bere gorputzaz hautatzea. Orain, Gorenak atzera egin du duela 50 urteko erabakian.

Hiru epaile aurrerakoien iritziz, «datozen legeen hedadura edozein dela, gaurko erabakiaren ondorio bat argia da: murriztu egiten dira emakumeen eskubideak eta haien estatusa herritar libre eta berdin gisa». Desadostasuna «atsekabez» adierazi dute: «Atsekabez auzitegi honekiko, baina are gehiago gaur oinarrizko babes konstituzional bat galdu duten milioika emakumeekiko».

Ikusi gehiago: Biden: «Muturreko ideologia baten ondorioa da»

Sektore kontserbadoreek urteak daramatzate abortu eskubidearen aurka borrokan. Hainbat estatuk eskubidea murrizten duten legeak onartu dituzte, konstituzioaren aurkakoak direla jakitun. Helburua zen une egokia iritsitakoan eskuindarrak nagusi diren Auzitegi Goren batek arau konstituzionala bera bertan behera uztea. Mississippi estatuak lortu du azkenean: Dobbs v. Jackson Women's Health Organization kasuak estatu horretako klinika bakarraren aurka jo zuen, haurdunaldia etetea mugatzen zuen legearen bidez. Klinika horren eta AEBetako gehienen ardura daukan Planned Parenthoodek argi utzi du ez dutela etsiko: «Borroka hau estatu guztietara eramango dugu».

Elkarte feminista gehienek espero zuten erabakia, Gorenaren osaketa ikusita: Donald Trump AEBetako presidente ohiaren azken izendapenen ostean, 6-3 da «kontserbadore» eta «aurrerakoitzat» hartzen diren epaileen kopurua. Are argiago ikusi zuten, joan den maiatzean, sektore eskuindarrek aspaldi bultzatutakoa iristear zela: orduan filtratutako epaiaren zirriborroa atzo argitaratutakoaren aurrekaria zen.

Ondorioak

Emakumeengana zekarren arriskua aski ez balitz bezala, sektore eskuindarrentzat garaipena aurrekaria ere izan zitekeela ohartarazi dute hainbat erakunde aurrerakoik. Clarence Thomas epaileak botoarekin batera idatzitako iritziak adierazten du zenbateraino den hori egia: «Etorkizuneko kasuetan, berriz aztertu beharko dugu gorte honetako aurrekarien egokitasuna, hala nola Griswold, Lawrence eta Obergefellena». Lehenak antikontzeptiboetarako eskubidea babesten du; bigarrenak bertan behera utzi zituen «sodomiaren aurkako» legeak; eta hirugarrenak sexu berekoen arteko ezkontzak legeztatu zituen. Atzoko epaiak, abortu eskubidea eteteaz gain, beste eskubide guztiei ere erreparatzen die.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat atseden hartzen Butxako hilerrian, Kiev iparraldean. Dozenaka hilotz agertu ziren hirian, Errusiako tropak erretiratu ostean. ©ROMAN PILIPEY / EFE

Errusiaren azpiegitura militarretatik urruntzeko eskatu die Kievek herritarrei

Arantxa Elizegi Egilegor

Erdoganekin eta Zelenskirekin bilduko da gaur NBEko idazkari nagusia Lviven. Moskuk ohartarazi du IAEAren misioak ezin duela desmilitarizazioa agindu
Pakistango herritarrak, montzoi garaiko euriteen ondorioz urak hartutako kaleetan, Karachin. ©XAHZAIB AKBER / EFE

Pakistanen gutxienez 635 lagun hil dira montzoi sasoiko uholdeetan

Gorka Berasategi Otamendi

Balutxistanen aurreko urteetan egin duen euria halako hiru bota du. Milioi bat lagun daude elikadura segurtasunik ezan gelditzeko zorian
Hainbbat militar Perko Amazonian, legez kanpoko lurreratze pista bat desegiteko operazio baean, artxiboko argazki batean. / ©Sebastian Montalvo Gray, EFE

Sendero Luminosoko hainbat kide hil ditu Peruko armadak

Arantxa Elizegi Egilegor

Taldeko buru Victor Quispe Palominok ihes egitea lortu du, baina militarrek uste dute zaurituta dagoela.

Saudi Arabiako Mohammed bin Salman printzea Joe Biden AEBetako presidentearekin ©BANDAR ALJALOUD HANDOUT / EFE

Emakume saudiarabiar bati 34 urteko espetxe zigorra ezarri diote Twitterren duen jardunagatik

Lide Egizala Urteaga

Salma al-Xehab izena du, eta bere delitua izan da Palestinako eta Yemengo herrien abertzaletasuna babestu eta emakumeen eskubideen alde agertzea. Saudi Arabiak emakumeen eskubideak defendatzen dituen ekintzaile bati ezarri dion kondenarik luzeena da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...