Autogintza

VWeko langile batzordeak esan du baterien fabrikak kolokan segitzen duela

Lantegia Landabenen kokatzeko dirurik ez dagoela berretsi die zuzendaritzak langileen ordezkariei. Txibitek esan du laguntzak emateko prest dagoela.

Langile batzordeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur, lantegiaren aurrean. IDOIA ZABALETA/FOKU
aitor biain
2023ko apirilaren 13a
17:58
Entzun

VWeko langileen batzordeak ohartarazi du Landabenen auto elektrikoetarako baterien zeldak muntatzeko fabrikak kolokan jarraitzen duela. Enpresako zuzendaritzaren bildu ostean adierazi du argitu gabe jarraitzen duela proiektuaren geroak, besteak beste fabrika eraikitzeko dirurik ez dagoelako.

Modu horretan, gezurtatu egin du Nafarroako Gobernuak atzo esandakoa. Izan ere, fabrikako arduradunekin bildu ondoren ohar bidez iragarri zuen lantegia Landabenen kokatzeko lanean ari zela Volkswagen, eta bilera egitasmoaren xehetasunei buruz hitz egiteko antolatu zutela.

Bada, bileraren eta egitasmoaren inguruko xehetasunak eskatu dizkiote zuzendaritzari langileen ordezkariek gaur, eta, adierazi dutenez, proiektuak lehen bezala jarraitzen du:«Ez dela aldaketarik egon; finantzaketarik gabe jarraitzen du».Hori horrela, langile batzordeak zuzendaritzaren komunikazio falta kritikatu du. «Oso gai delikatuekin jolasten ari gara», esan du Alfredo Morales batzordeko presidenteak, eta, beraz, «seriotasunez»hitz egiteko eskatu du.

Batzordeak gogorarazi du bateriak muntatzeko fabrika Landabenen bertan eraikitzea langileen ordezkarien proposamena dela. Langileen ordezkarien hitzetan, proiektua«bideragarria eta errentagarria» da,eta Landabenen bertan lanpostu gehiago sortzeko aukera ekar dezakeena. Horregatik, ez dute ulertzen VWetik kanpo fabrikatzeko taldeak izan dezakeen asmoa.

Txibite, laguntzak emateko prest

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere hitz egin du gaur, eta adierazi du proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkietela Nafarroako VWeko arduradunek atzoko bileran, eta hori egiteko zein laguntza izan ditzaketen azaldu zizkietela gobernuko ordezkariek.

Bada, Txibitek berretsi du Nafarroako Gobernua prest dagoela beharrezko diru laguntzak emateko. Baina azpimarratu du multinazionalari dagokiola erabakitzea baterien fabrika Landabenen bertan eraikiko duen edo ekoizpena kanpora aterako duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.