SUDAN

Armadaren eta paramilitarren arteko borrokak piztu dira Sudanen

Paramilitarrek esan dute borrokan jarraituko dutela armadak amore eman arte. Egoera «kontrolpean» dutela adierazi du armadak. Borrokak eteteko eskatu die nazioarteak bi aldeei.

Eraikin batetik kea ateratzen, gaur, Khartum hiriburuan. EFE
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 15a
18:17
Entzun

Omar al-Baxir hiru hamarkadaz Sudango presidentea izandakoa boteretik kendu zuten militarrek 2019ko apirilean, eta trantsizio epe bat abiatu zuten. Baina, krisi ekonomiko betean, trantsizio hori bukatu ezinik jarraitzen dute, eta, hain zuzen, hori bideratzeko moduan dituzten desadostasunen ondorioz, armadaren eta Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarraren arteko borrokak piztu dira, gaur, Khartum hiriburuan eta herrialdeko beste toki batzuetan. Paramilitarren buru Mohamed Hamdan Dagalok nabarmendu du borrokan jarraituko dutela armadak amore eman arte. Estatu kolpe saiakera bat dirudiena, «matxinada bat», salatu du armadaren buru eta Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren presidente Abdel Fatah al-Burhanek, eta «dena» kontrolpean dutela ziurtatu. Armadak sare sozialetan gaineratu duenez, ez da negoziaketarik egongo, paramilitarren taldea «desegin» arte. Azken asteetan pilatutako tentsioa lehertu da, eta bi aldeek elkarri egotzi diote gertatutakoaren erantzukizuna.

Paramilitarrek ohar batean jakinarazi dutenez, kontrolpean dituzte presidentearen jauregia, baita hiriburuko eta Marawi zein Al-Obeid hirietako aireportuak ere. Herritarrei lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan diete, adieraziz «seguru» daudela eta egoera «kontrolpean» dutela. Armadak ere ohar bat plazaratu du, eta nabarmendu paramilitarrek egindako «traiziotik» babestuko dituztela herritarrak.

Armadak adierazi du paramilitarrek hiriburuan dituzten posizioak bonbardatzen ari dela, eta Reuters berri agentziako kazetari batek azaldu du Khartumeko hainbat tokitan tiro hotsak entzuten direla, arma astunak erabiltzen ari direla bi aldeen posizioetatik gertu, eta ibilgailu blindatuak dabiltzala kaleetan. Lekuko batzuek agentzia horri jakinarazi diotenez, borrokak hiriburutik kanpo ere piztu dira. Sudango Medikuen Sindikatuak esan du pertsona «asko» hil dituztela borroketan, eta zaurituak ere «ugari» direla.

Ikusi gehiago: Armadaren proposamenak gorabehera, protestan jarraitu dute Sudanen

Botere borroka bat da, finean, gertatzen ari dena. Aintzat hartu behar da paramilitarren lider Dagalo kontseilu subiranoaren presidentearen ondokoa dela 2019tik. «Orain gertatzen ari denak irtenbide baketsu bat ekarriko du, eta kriminal oro justiziaren aurrera eramana izango da», esan dio Al-Jazeera telebista kateari, elkarrizketa batean. Azpimarratu du, gainera, Al-Burhani ezin zaiola «presidente» deitu, «kriminal bat» delako.

Hain zuzen, kontseiluko presidentearekin ere mintzatu da hedabide hori, eta eskatu dio talde paramilitarrari erretiratu ditzala bere unitateak. «Guk ez dugu inongo gerrarik hasi», azpimarratu du, eta ohartarazi dio Dagalori atzera egiten ez badute herrialdeko beste eskualde batzuetatik ere iritsiko direla soldaduak Khartumera. «Inork ez du gerrarik nahi, baina...». Momentu horretan eten da elkarrizketa, baina Al-Jazeerak ez du argitu zergatik geratu den bertan behera.

Ikusi gehiago: Botere borrokan kateatuta

Nola integratu armadan

Trantsizioa bideratzeko aurreneko saiakerak porrot egin zuen duela urte eta erdi. 2021eko urrian estatu kolpea eman zuten, militarrek eta Abdalla Hamdok lehen ministroa buru zuen trantsizioko gobernu zibila indargabetu zuen. Urtebete pasa geroago, iazko abenduan, akordio bat sinatu zuten sektore zibilek eta militarrek, zeinak zehazten duen zein diren eman beharreko pausoak trantsizioa gauzatzeko eta zibilek militarrak ordezkatzeko herrialdearen buruzagitzan.

Horretarako behin betiko ituna sinatzekoak ziren auzian inplikatutako aldeak joan den hilaren 1ean, baina bi aldiz atzeratu dute, adostasunik ez dagoelako paramilitarrak armadan integratzeko moduari dagokionean. Al-Burhanek martxo amaieran adierazi zuen krisia konpontzeko prozesua «luzea eta zaila» izango zela. Eta egoerak okerrera egin zuen joan den ostegunean, zeren paramilitarrek beren unitateak hedatu zituzten Khartumgo kaleetan, armadari hori egiteko baimenik eskatu gabe.

Ikusi gehiago: Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak

Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarra Al-Baxir presidente zenak sortu zuen, eta Darfurko gerran borrokatu ziren Yanyauid milizietan du oinarria. Horiek Sudango armada babestu zuten 2003 eta 2009 arteko borroketan. Gatazka hartan gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatzen dio Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Talde paramilitarrari egotzi izan zaio, gainera, Al-Baxirren kargugabetzea eragin zuten protestetan dozenaka manifestari hiltzea. 100.000 bat kide ditu, Reutersen arabera.

Nazioarteak, bestalde, gertakariak gaitzetsi ditu, eta borrokak eteteko eskatu die bi aldeei. Hala egin dute NBE Nazio Batuen Erakundeak, Liga Arabiarrak, AEBek, eta EB Europako Batasunak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.