Sudan

Sudanen gertatzen ari dena ulertzeko gakoak

Urteetan elkarlanean aritu diren bi indarrak, armada eta paramilitarrak, elkarren aurka ari dira orain. Baina bien arteko ezinikusia ez da oraingoa: Omar al-Baxir presidente zela hasi zen.

Abdel Fatah al-Burhan, Trantsizio Kontseilu Subiranoko presidentea, iazko uztailean Keniara egindako bisita ofizial batean. DNIEL IRUNGU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko apirilaren 18a
17:42
Entzun

Boterea eskuratzeko lehia dago Sudango armadaren eta paramilitarren arteko borroken atzean. Baina zergatik piztu da orain duela gutxi arte aliantza sendoa zirudiena? Hemen gako batzuk.

Nondik dator ezinikusia?

2013an, Omar al-Baxir presidenteak talde paramilitar bilakatu zuen RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde armatua, eta buruzagi militarren pareko karguak eman zizkien bertako arduradunei. Jarraian, Hego Darfurrera, Yemenera eta Libiara bidali zituen borrokara. 2019an Al-Baxir indarrez kargugabetu zutenerako, armadaren eta paramilitarren arteko lehia piztua zen.

Inork badu herritarren babesa?

Ez. 2019an, Al-Baxirren aurkako estatu kolpearen ondoren, RSFk indarrez kanporatu zituen Khartumgo kuartel militarraren kanpoaldean protesta baketsuak egiten ari zirenak. Dozenaka zibil hil zituzten, eta bortxaketa salaketak ere ehunka izan ziren. Al-Baxirren aurkako protestak bultzatu zituzten mugimenduekin osatutako trantsizio gobernuak ere ez zuen asko iraun; 2021ean kendu zuten kargutik, beste behin, armadak eta paramilitarrek elkarlanean. Militarrak itzuli ziren agintera, eta kalera itzuli ziren Al-Baxirren aurkako protestak bultzatu zituztenak. Hor hasi zen jarrera aldatzen RSFko buru Mohamed Hamdan Dagalo, agerian utzita Abdul Fatah al-Burhanekin zituen desadostasunak.

Zer eskatzen du gizarteak?

Armadaren esku geratzen dira nekazaritza, merkataritza eta industria alorreko irabazietatik asko, eta, horri esker, militarrek miliziei ordaintzen diete. Horrez gain, 2019ko protesten aurkako oldarraldietan gertatutakoa argitzeko ere eskatzen dute gizarte mugimenduek, eta armadari leporatzen diote ikerketa ofizialik egin ez izana.

Zer dago jokoan Sudanen?

Herrialde gatazkatsua da Sudan, Itsaso Gorriarekin, Sahelekin eta Afrikako Adarrarekin muga egiten duena. Baina gune estrategikoan dago, eta nekazaritzarako lurralde aberatsa ere bada. Horrek guztiak erakargarri bilakatzen du, baita gogortu ere boterea eskuratzeko borroka. Nazioarteko potentzia bat baino gehiago ahalegindu dira herrialdean duten eragina handitzen; besteak beste, Errusia, AEBak, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak. Azken biek trantsizio gobernuarekiko harremanak baliatu zituzten muturreko islamisten aurka egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.