Korrika

'Badon*' opera garaikidea izango da Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusia azarotik aurrera

Egitasmoa Korrika-AEK kultur sorkuntzarako lehenengo bekaren irabazlea izan zen. Azaroan estreinatuko dute, eta 2024ko Korrika amaitu bitartean hainbat emanaldi eskainiko dituzte

Xanti Agirrezabala, Ane Elordi, Ane Abarrategi eta Ines Osinaga, gaurko aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
mikel lizarralde
2023ko apirilaren 18a
19:05
Entzun

Korrikak eta AEK-k antolatutako bekaren epaimahaiak Badon* proiektua aukeratu zuen, joan den urteko maiatzean, bekara aurkeztutako hamahiru egitasmoen artean, eta, orduko hartan, proiektuaren bozeramaile Ines Osinagak eta Olatz Salvadorrek azaldu zuten egitasmo kolektibo eta korala izango zela, eta ikuskizun bat prestatzeaz harago, lan prozesuari garrantzi handia emango ziotela. Bada, gaur eman dituzte Osinagak berak, Ane Abarrategik eta Xanti Agirrezabalak Badon*  izango denari buruzko zertzeladak, Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa gunean egindako aurkezpenean.

Azaldu dutenez, «opera garaikide bat» izango da Badon*, «etorkizun desiragarri bateko opera postdramatiko bat», dramaturgiaz gain, baliabide bisualak, zuzeneko musika, dantza, mugimendua, literatura eta bertsoak barnebilduko dituena.

Nolanahi ere, emaitzari baino gehiago, egiten ari diren eta egingo duten bideari eman nahi izan diote garrantzia. «Hasieratik argi geneukan diziplina artekoa izatea nahi genuela, eta sorkuntza kolektiboa jarriko zuena zentroan. Azken batean, Badon* sormen laborategi bat da. Ez gaitu hainbeste kezkatzen sortuko den produktuak. Gure fokua bidean dugu jarrita; gure artean gertatuko den horretan», azaldu du Osinagak.

Euskal kulturaren gaineko irakurketa bat egin nahian, sorkuntza prozesua bi zatitan banatu dute. Bata espekulazio fasea izango litzateke, eta bestea, berriz, prototipazio fasea. Ane Abarrategi Tipi kooperatibako kide eta espekulazio fasearen dinamizatzaileak azaldu duenez, galdera batzuk jarri zituzten mahai gainean hasieran. «Nortzuk dira erreferenteak euskal kulturan? Nork dauka lekua plaza publikoan? Eta zein da euskal kulturaren kanona?». Gai eta galdera horien gainean gogoeta egiteko, espekulazio prozesua jarri zuten abian, «batez ere, arrakalak edo bestelako moduak topatzeko». Izan ere, Abarrategik agertu du, bestelako erreferente, plaza eta kanon bat imajinatzeko beharra sentitu zutela, «beste mundu bat» irudikatzekoa. «Mundu honek ez digulako balio». Gogoeta horren ondorioz, pentsatu zuten interesgarria izan zitekeela ariketa «utopiko-politiko bat» egitea modu kolektiboan. Horretarako, sortu zuten EKEFIT taldea, Euskal Kulturaren Errebisiorako Fikziozko Ikerketa Taldea deiturikoa. «Hamabost pertsona inguru elkartu genituen, eta beraiekin batera prozesu bat jarri genuen martxan».

Prozesu horren barruan, hiru topaketa egin dituzte orain arte, Borderline fabrikan (Hendaia, Lapurdi), Uharteko Zentroan (Nafarroa) eta Azala sormen gunean (Lasierra, Araba). «Ibilbide horretan, bestelako mundu bat imajinatu genuen. 2070. urtera bidaiatu genuen, eta hor bestelako plaza publiko bat, kultur sorkuntza ezberdin bat, artistaren beste perfil bat eta abar irudikatu genituen». Adibidez, imajinatu zuten euskara normaltasunez erabiltzen den mundu bat, eta baita gaur egungo leku publiko batzuk —Gasteizko aireportua, elizak, AHTaren geltokiak— hustuta eta kulturarako espazio izateko prestatuta. «Istorio zoro horietatik abiatuta, istorio zehatzak irudikatu genituen, eta horiek osatzen dute  Badon* ikuskizunaren oinarria».  

Bidean egiten ari den proiektu kolektibo bat izanik, Badon* irekita dago oraindik ere, nahiz eta ikuskizunean parte hartuko duten pertsona batzuk zehaztuta dituzten. «Hasieratik garbi izan dugu ez genuela proiektua izenetan zentratu nahi», argitu du Osinagak. «Badakigu izenak garrantzitsuak direla eta dream team bat osatu dugula, baina oraindik irekita dugu hori ere». Momentuan, besteak beste, Osinaga, Salvador, Marina Suarez, Agirrezabala, Eneritz Furyak, Lorea Argarate, Oihana Vesga eta Ainara Gurrutxaga daude proiektuan murgilduta. «Gure fantasian, zazpi lagun gaude oholtzan, zazpi gorputz eta koro bat. Baina 30 bat lagun gaude proiektuan saretuta».

«Goazen amestera altu zer egin nahiko genukeen». Esaldi horrekin laburbildu du Osinagak Badon*-en izpiritua.

Bigarren deialdia
Gaur, Badon* proiektuaren aurrerapena aurkezteaz gain, Korrika-AEK kultur sorkuntzarako bekaren bigarren deialdia ireki dutela ere jakinarazi du Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak. Oinarriek diotenez, beka deialdian parte hartzeko dokumentazioa urriaren 31rako aurkeztu beharko da. Proiektuak diziplina ugari edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute. Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.