Euskal presoak

Gose greban da Garikoitz Etxeberria euskal presoa, bakartze egoeratik atera dezaten eskatzeko

Joan den astean lekualdatu zuten Goikoetxea Zaballako espetxera, Dueñaskotik. Zelda beste preso batekin partekatzera «behartu» zuten, eta horri uko egin zionez, bakartuta dute ordutik.

Garikoitz Exeberria euskal presoa. BERRIA
2023ko apirilaren 20a
09:22
Entzun

Gose greba hasi zuen atzo Garikoitz Etxeberria euskal presoak. Astebete darama Zaballako presondegian; joan den ostiralean lekualdatu zuten Dueñasko espetxetik (Gaztela eta Leon, Espainia). Duela hilabete iragarri zuten Espainiako Espetxe Erakundeek, besteak beste, Etxeberria Euskal Herriratuko zutela; Etxerat elkarteak eta Sare Herritarrak amaitutzat eman zuten orduan euskal presoen sakabanaketa politika. Lekualdatu eta gero, egun hartan bertan jakinarazi zioten Lizartzako (Gipuzkoa) presoari beste preso batekin partekatu beharko zuela zelda. «Uko egin nion horri, eta, ondorioz, bakartze egoeran naukate ostiral iluntzetik», adierazi du Etxeberriak.

«Preso ororen eskubidetzat dut ziegan bakarrik zein binaka bizitzea hautuz, espetxeak bata zein bestea inposatu gabe», gehitu du. «Patio grebaz» salatu nahi izan du Zaballako espetxearen «zigorra»; dena dela, igaro den aste honetan «konponbide arrastorik» ez du ikusi, eta gose grebari ekin dio, bakartze egoeratik atera eta kideekin elkar dezatela eskatuz.

2007ko urtarrilean atxilotu zuten Etxeberria Azkainen (Lapurdi), eta urte hartako martxoan Espainiaratu. Auzitegi Nazionalak 27 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2009an. 2021eko apirilean iragarri zuten Espainiako Espetxe Erakundeek Sevilla II kartzelatik lekualdatuko zutela, Dueñasera. Iazko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.