Oroimen historikoa

Atera dituzte Primo de Rivera faxistaren gorpuzkiak Erorien Haranetik

Ekitaldirik gabe egin dute lana, eta ez da izan Espainiako Gobernuaren ordezkaririk. Gorpuzkiak San Isidroko hilerrirako bidean dira.

Hileta autoak, Erorien Haranera sartzen, gaur goizean. SERGIO PEREZ / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko apirilaren 24a
08:57
Entzun

Goizean ekin diote Madrilgo Erorien Haranean ohorezko lekuan hobiraturik dagoen Jose Antonio Primo de Rivera buruzagi falangistaren gorpuzkiak handik ateratzeko lanari, Oroimen Historikoaren Legeari jarraikiz.

Francisco Franco diktadorearekin ez bezala, ekitaldirik gabe egin dute lana, eta Espainiako Gobernuaren ordezkaririk ez da izan, De Rivera ez zelako «estatuburu» izan. Faxista bakan batzuk elkartu dira protesta egiteko, baina lasaitasun osoz egin dute lekualdaketa.

Errepublikazaleek fusilatu zuten buruzagi falangista hori, Alacanten, 1936ko azaroan. Hiru urte geroago, matxino faxistek gerra irabazi ostean, Madrilera eraman zituzten haren gorpuzkiak, El Escorialera. 1959. urtean mugitu zuten berriz, Erorien Haran eraiki berrira. San Isidroko hilerrira eraman dituzte gorpuzkiak, han lurperatuko baitituzte. Atarian berrehun bat falangista elkartu dira, eta tirabirak izan dituzte Polizarekin. «Gora Espainia» oihukatu dute, eta buruzagi faxistaren aldeko mezuak adierazi. Eskua altxatuta, horietako askok agur nazia egin dute.

2019ko urriaren 24an atera zuten Franco Erorien Haranetik, han hobiratu eta 44 urtera. Espainiako Auzitegi Gorenaren babesarekin, diktadorearen gorpuzkiak Pardoko Mingorrubio hilerrira lekualdatu zituen Espainiako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.