Franco, Erorien Haranetik kanpo

Francori gorazarre egin diote Erorien Haranetik ateratzean

'Viva Franco' oihuarekin agurtu du familiak Erorien Haranean. 10:50ean hasi dira lanak, eta bi orduren buruan amaitu dituzte; 12:55ean atera dute handik. Jatorrizko hilkutxan eraman dute, Francoren dukerriaren armarria zeraman oihal batek estalia. Mingorrubioko hilerrira eraman dituzte, eta meza bat egin dute haren alde, 22 senideren aurrean.

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urriak 24

Hobiratu eta ia 44 urtera, Francisco Franco diktadore espainiarraren gorpuzkiak atera dituzte Erorien Haranetik. Trantsizioak ez zion ohorezko hilobia ukatu 1936ko estatu kolpea gidatu zuenari. 1978ko konstituzioa onartu ondoren ere, diktadorearen gorpuak berak aukeratutako tokian jarraitu du gaur arte. Espainiako Auzitegi Gorenaren babesarekin, Francoren gorpuzkiak Pradoko Mingorrubio hilerrira lekualdatu ditu Espainiako Gobernuak.

Francoren hilobia irekitzeko lanak aurreikusitako orduan hasi dituzte, 10:30ean. Ordubete lehenago, Erorien Haranean zeuden diktadorea hobitik ateratzeko lanak ikustera joanak ziren Franco sendiko 22 kide. Horietako batek, Francis Franco bilobak, bandera frankista bat eraman du eskuan tolestuta. Hala ere, hilkutxa hobitik ateratzeko eta Erorien Haranetik Mingorrubioko hilerrira eramateko prozesuan, sendiak ez du inolako ikur frankistarik edo sinbolo ofizialik erabili. Espainiako Gobernuak familiari aurretik esana zion ez zuela halako ikurrik onartuko.

Kutxa hilobitik atera dutenean, ordea, Franco dukerriaren ezkutua zeraman tapaki batekin estali dute hilkutxa, lore koroa bat jarri diote gainean, sorbaldan hartuta eraman dute Erorien Haraneko basilikatik eraikin nagusiaren pareko plazara eta gora Franco eta gora Espainia oihuekin sartu dute hilkutxa bertan zain zen autoetako batean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza bat begira zela. Dolores Delgado Espainiako jarduneko Justizia ministroak egin ditu notario lanak. Harekin batera izan dira Felix Bolaño Presidentetzako idazkari nagusia eta Antonio Hidalgo Presidentetza idazkariordea. Francoren hilkutxa Santiago Cantera Erorien Haraneko priorearen bedeinkapenarekin irten da autoa Erorien Haranaren ate nagusitik helikopteroa zain zuen tokira.

Kanpoaldean, frankista gutxi batzuk zeuden bilduta, diktadorearen gorpuzkiak Eroriaren Haranetik eramatearen kontra protesta egiteko. Askoz ere gehiago bildu dira Mingorrubioko hilerriaren kanpoaldean, nahiz eta Espainiako Gobernuak elkarretaratzea egiteko baimenik ez duen eman. Francisco Francori ukatu egin zion horretarako aukera, "desordena publikoa" eragin zezakeela eta. Hala ere, dozenaka manifestari faxista elkartu dira ikur frankistak agerian. Franco goratzeko leloak oihukatu dituzte, Cara al sol abestu dute eta Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen kontrako irainak ere entzun dira. Poliziak ez du elkarretaratzea desegin.

Mingorrubioko elkarretaratzera agertu da Antonio Tejero ere. Frankistek miresmena agertu diote 1981eko otsailaren 23an estatu kolpe bat ematen ahalegindu zen militar ohiari. Haren seme Ramon Tejerok emango du Francoren omenezko meza, Erorien Haraneko priorearekin batera.

"Espainiak bere buruarekin konplitu du"

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak lekualdatzea amaitu denean hitz egin du, eta esan du Espainiak bere buruarekin "konplitu" duela. Ez ditu aipatu "Gora Franco!" oihuak, eta halakorik gertatu ez balitz bezala hitz egin du. "Irain moral" bati konponbidea jarri zaiola nabarmendu du. "Adiskidetzerako urrats bat gehiago" egin da gaur, haren ustez, eta munduaren aurrean "Espainiako demokraziari prestigioa eman" zaiola. Gogoan izan ditu frankismoaren biktimak, eta ohartarazi du barkamenari bai, baina ahanzturari ez zaiola bidea egiten utzi behar.

Aurretik, Carmen Calvo jarduneko presidenteordeak adierazi du "egun historikoa" dela gaurkoa, eta "estatu kolpeei buruz hausnartzeko eguna" dela. Franco Erorien Haranetik atera ondoren monumentu horrekin zer egin zehaztu beharko dela ere esan du. Iragarri duenez, "memoria, ohorea eta justizia" irudikatuko dituen monumentu bat izango da, "bi aldeetako 30.000 hilotz" daudelako bertan.

Bestelako iritzia du Aitor Esteban EAJko eledunak. "Erreparazio ariketa bat" izan behar zuena "frankismoa goratzeko ekitaldia" izan dela salatu du, eta "biktimentzako umiliazioa" bihurtu dela. Salatu du hobitik ateratzeko operazioa "telebistako produktu lizun" bihurtu dela. Hauteskunde kanpainako kutsua ere hartu dio Estebanek, eta, esan duenez, ez litzaioke harrituko PSOEri "boomerang efektua" egingo balio.

"Beste tokietatik" ikusi duenak "herri hau pandereta herria dela" pentsatuko du EAJren ustez, eta salatu du diktadorearen familiakoak telebistan agertu direla aitona goratzen. Onartezintzat jo du "gora Franco" oihu artean ateratzea, eta hilkutxaren gainean Francoren Fundazioaren bandera bat egotea; "Franco Fundazio bat dago!", esan du haserre. Eta honako hau gaineratu du: "Ez dakit Alemanian ulertuko luketen Hitler fundazio bat egotea".

Hark ez, baina EH Bilduk, ERCk eta Junts Per Catalunyak azalpenak emateko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Dolores Delgado Espainiako Justizia ministroaren agerraldi bat eskatu dute Diputatuen Kongresuan. EH Bilduk bidalitako oharrean dio onartezinak iruditzen zaizkiola "Mingorrubioko hilerrira eraman dituztela aprobetxatuz haren senideek eta jarraitzaileek antolatu dituzten omenaldi frankistak", eta salatu du "biktimen mina eta samina" areagotzea besterik ez dutela eragin.

PPk ez du Francoren gorpuzkien lekualdatzeari buruzko baloraziorik egin nahi izan, eta zeharka aipatu du gaia PSOEren gobernuari kritika egiteko. Pablo Casado PPko buruaren esanetan, Sanchezek "espainiarren arazoak" estaltzeko erabili ditu Francoren gorpuzkiak. "Biztanleria Aktiboaren Inkestak adierazten du gobernuak beste krisi batera garamatzala, 2012tik enpleguak izan duen udarik okerrenaren ondoren. Propagandak ez ditu espainiarren arazoak konpontzen. PSOEk gobernatzen duen bakoitzean langabezia eta xahubidea itzultzen dira".

Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruaren iritziz, "ezein alderdik ezin du garaipenik ospatu eta ezin dio bere buruari meriturik aitortu" Francoren gorpuzkien lekualdatzearengatik. "Oraindik ez da justiziarik egin biktimekin. Gaur biktimen elkarteei eta elkarte memorialistei eskerrak emateko eguna da, duintasuna eta justizia sustatu dituztelako eta sustatuko dituztelako".

PPren ildo beretik, Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak ez dio garrantzia handirik aitortu gertaerari. Adierazi du berari berdin zaiola Francoen gorpuzkiak Erorien Haranetik atera ala ez. "Albiste ona da gobernuak Francoren hezurrei buruz hitz egiteari utziko diola". Haren esanetan, Espainiaren "egun historikoa" konstituzioa adostu zen eguna izan zen. "Gaur, albiste dira langabezia, umerik jaiotzen ez den herrialde bat garela eta Katalunian kaleak sutan daudela. Niri berdin zait, demokrazian jaio naiz eta".

Santiago Abascal Voxeko buruak, berriz, ukatu egin du gaurko helburua Franco hobitik ateratzea denik. Abascalen ustez, egiazko helburuak hauek dira: "trantsizioari zilegitasuna ukatzea, Felipe VI.a bere postutik kentzea eta espainiarren identitate kristaua ordezkatzen duen Erorien Haraneko gurutzea botatzea".

Europako Batzordeari gaiari buruz galdetu dioten arren, ez du iritzirik eman nahi izan. Natasha Bertaud Europako Batzordeko bozeramaileak adierazi du Francoren gorpuzkien lekualdatzeari buruzko albisteak ikusi dituela telebistan, baina ez du baloraziorik egin nahi, "gai hori batzordearen eskumenetatik kanpo gelditzen delako".

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna