Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketa jarriko dio Hezkuntza Legeari

Miren Gorrotxategi bozeramailearen arabera, lege testuak ez du ardatz gisa hartu eskola publikoa, eta «ituntze unibertsala blindatzera» jotzen du.

Miren Gorroxategi, Elkarrekin Podemos-IUren bozeramailea, Eusko Legebiltzarren, martxoaren 30eko osoko bilkuran. RAUL BOGAJO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2023ko apirilaren 26a
14:24
Entzun

Elkarrekin Podemos-IUk babestu egin zuen iazko apirilean Eusko Legebiltzarreko gehiengoak adostutako hezkuntza ituna, baina ez dago ados Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztutako Hezkuntza Lege proiektuarekin, akordio hartan ezarritakoarekin bat ez datorrelakoan. Hala, egitasmoari osoko zuzenketa jarriko diola iragarri du gaur Miren Gorrotxategi talde parlamentarioko bozeramaileak, Gasteizen egindako agerraldi batean. Testuari egotzi dio eskola publikoa ardatz gisa jartzeko «interesik ez» izatea, eta «ituntze unibertsala blindatzea».

Ikusi gehiago: Hezkuntza Legeak ezarririko «printzipioak»: euskara, eta zaurgarritasunari erantzutea

«Oso dezepzionatuta» agertu da Gorrotxategi, baina onartu du espero izatekoa zela, Jaurlaritzak «behin baino gehiagotan» utzi baitu bete gabe hezkuntza ituna. Hain zuzen, itunean erdietsitako akordioak gauzatzea «atzeratu» egiten du lege testuak, gerora garatuko diren arauen menpe uzten baitu. Izan ere, itunari erreparatuta —EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk sinatu zuten—, legeak hezkuntza politika «biratzea» espero zuen koalizioko bozeramaileak, baina, haren arabera, «denak berdin jarraitzearen aldeko apustu bat da».

Egitasmoa bera «orokorregia» dela esan du, batez ere itunpeko zentroei buruz aritzean. Gorrotxategiren arabera, ituntzea berresteko «baldintza erreal bakarra» ezartzen zaie ikastetxe horiei, hau da, ikasle zaurgarrien segregazioa amaitzea; aldiz, testuak ez dakar ituntzea baliogabetzeko xedapenik. «Beraz, praktikan, ituntze unibertsala da». Euskal Hezkuntza Sistema kontzeptua ere auzitan jarri du: «Ezin dira berdin tratatu sare publikoa eta itunpekoa. Lege proiektu honentzat, titulartasun publikoa ez da garrantzitsua».

Era berean, uste du egitasmoari «konpromisoa» falta zaiola segregazioa amaitzeko, ez duelakoan «neurri zehatzik» aipatzen. Hala, osoko zuzenketa jarriko dio koalizioak testuari, eta, hori aurrera ateratzen ez bada, zuzenketa partzialak ere aurkeztuko dituzte. Era berean, Gorrotxategik iragarri du ez dela joango gaur arratsaldean legebiltzarrean hezkuntza itunaren inguruan egitekoak diren jarraipen batzordera: «Ez du zentzurik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.